Piarres Adame

Mikel Mendizabal

"Piarres Adame"
Jean Baptiste Elissanburu
Euskal Editoreen Elkartea, 1987

        Eta jarraitzen dugu euskal editoreen elkarteak atera dituen liburuak aurkeztuz, azken hau laugarrena izanik eta ipar-aldeko autore batena.

        Beti bezala Koldo Mitxelenaren euskal literaturaren azterketa egiten digu sarrera gisa. Oraingo honetan ordea, Ibon Sarasolak ere azterketa txiki bat egiten digu Elisanbururen obrari buruz. Idatzi zituen liburu ezberdinak aipatu ondoren, bere azterketa filologiko orokorra azaltzen digu, lexikoa, aditz mota ezberdinak etabar aipatuz, irakurleak honela erraztasun handiagoa izan dezan obra klasiko hau irakurtzean. Azterketa honetan badaude gauza benetan interesgarri batzuk, horietako bat adibidez aditz potentzialen erabilpena da, honela Ipar aldean "entsaia ahal daiteke" edo "desira ahal dezake" jarri ordez, aditz nagusia gerundioan jartzen da, ondoren "ahal" partikula, eta bukaeran "izan" edo "ukan" aditza. Interesgarria dela pentsatzen dugu, batez ere euskaldun berrientzat (eta ez hain berrientzat) bere buru-hauste nabarienetako bat aditz potentzialak direla denok bait dakigu, oso kasu gutxitan ikasi edota erabiltzen direnak duten zailtasunarengatik.

        Beno ba, azterketa edo iritzi linguistiko guzti hauek alde batera utziz, liburuak gizon karismatiko eta jakintsu baten esperientziak dira. Piarres Adame eredu bizia dugu erlijioan, izaeran, politikan etabar, Elissanburuk bere nortasun errepublikarra, euskaldun aldekoa baina baita ere frantsez nazionalista agertzen digu. Hasieran piskat lapaitza egiten bada irakurketa (behar bada lapurtera ohitura faltagatik), gauza da gero eta arinagoa egiten dela, umorea falta gabe orrialdetan zehar.

Argia, 1987-05-03

 


www.susa-literatura.eus