Zainetan murrailak

Xabier Mendiguren

"Zainetan murrailak"
Jose Luis Otamendi
Susa, 1987

        Susa argitaletxeak hartu du nolabait garai bateko Ustela sailaren oinordekotza, Ustelan argitaratu ohi zuten poeta gehienek berriz egitekotan Susara jo ohi baitute. Hauxe da esate batera Jose Luis Otamendiren kasua. Bi liburu atera zituen Ustelan eta hona azkena. Poesiazkoak hirurak ere, nahiz tartean antzerkizko zerbait ere baden.

        Poeta dugu inondik ere Otamendi, lan isilean diharduen poeta. Eta ezaguna da bestelako ekintzengatik izan ezik poetek ez dutela ospe haundirik jasotzen gaur egun. Ez Euskal Herrian ez seguru asko beste inon. Ez zuen alferrik esan harako hark lirikarako sasoi txarrak direla hauek.

        Lirikoak dira Jose Luis Otamendiren poemak ere, eta modak gorabehera, bere bilaketan segitzen du, bere mintzagaien adierazpenean eta adierazpideen ikerkuntzan dirau. Zeren bila? Bilakuntza bera da helburu, bizitzea baino nabigatzea garrantzitsuagoa den legez, poetak esan zuenez.

Argia, 1988-01-17

 


www.susa-literatura.eus