Bihotz apala
Xabier Mendiguren
"Bihotz apala"
Gustave Flaubert
euskaratzailea: Karlos Santisteban
Kriselu, 1988
Flaubert haundiak, ospe eta itzala bereganatu zuten nobela ezagunez gainera, Trois contes ere idatzi zuen, "Hiru ipuin" alegia, eta horietako lehena euskaraturik ekarri digute esku artera, Un coeur simple edo "Bihotz apala" delako hau.
Protagonista, Felicité izeneko neskame bihotz apal, zintzo eta langilea; gaia, haren maitasun istorioa. Halabaina, ez dizuegu pasadizoa kontatuko. Nahikoa bedi egilearen garantia maisulana dugula jakiteko. Dena dela, itzulpenari buruz, txukun antxean idatzia izan arren, Flauberten prosa dotorearen mailara iristeko askotxo falta zaiola esan behar.
Beste ohar bat ere egin nahi nuke, baina hau Kriseluri ezezik, itzulpenak argitaratzen dituzten beste argitaletxe guztietara ere zabal liteke. Egile ezagunen baten lanak itzultzen hasi eta erakusgarritxo bat besterik ez ateratzeko joera haundia dago. "Hiru ipuin" hauek adibidez, aise eman zitezkeen 100 orritan. Beste hamaika kasu badago. Arrazoia ere begibistakoa da, itzulpenak argitaratzearen produzio garestiagoa izateaz gain gutxiago saltzen baita. Honetan nik benetan uste dut administrazioak laguntzeko moduren bat pentsatu beharko lukeela.
Argia, 1988-01-31