Frantziako hirur Errepubliken
ixtorioa laburzki

Dabid Zuazalde

"Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki"
Michel Elissamburu
Euskal Editoreen Elkartea, 1987

        Michel Elissamburu hau Jean Baptiste ezagunaren lehengusua zen, baina ez zuen inoiz Piarres Adameren egilearen mailarik iritsi. Lehengusua errepublikazale zelarik gainera, gure Michel hau fraile salletarra eta inon izan den antiprogresista amorratuenetarik bat zen.

        Salletarren buruaren gaineko zenbait liburuxkaz gain, bere lan ezagunena Zer izan diren eta zer diren oraino framazonak munduan izeneko artikulu saila dugu, non hargin beltzak egiten dituen gertatutako belzkeria guztien errudun (zenbaitengan orain dela gutxira arte iraun duen obsesioa bestalde).

        Liburu horrek arrakasta polita lortu bide zuen, zeren handik urtebetera, 1890ean, haren birrargitalpena egin baitzen, eta honekin batera Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki, klasikoen bilduma berri honetan 18. zenbakiarekin kaleratu dena. Jakina, gaia historiazkoa izan arren liburu hau ezin har daiteke historiografiakotzat eta hobe litzateke ideologia jakin baten defentsa sutsu eta beste baten salaketa sutsuago dela esatea. Hala eta guztiz, hemen azaltzen diren ideia eta iritziak horren démodé daudenez, gaur egun irria besterik ezin dezakete sortu.

        Txukuna Gabriel Fraileren lana. Grazia egin digu ikusteak nola —paratzaile gehienak azkenerako aztertzen duten liburua eta gaia estimatu arren— Frailek ez duen Elissanbururekiko amorrazioa izkutatu nahi izan.

Argia, 1988-03-06

 


www.susa-literatura.eus