Maiteminduen ildoan

Dabid Zuazalde

"Maiteminduen ildoan"
Migel Anjel Unanua
Kriselu, 1987

        Produkzio ugaria galtzarbean dakarrela agertu zaigu Migel Anjel Unanua azken aldian euskal letren plarara, poeta eta itzultzaile gisa. Gaur lehen arloa ikutuko dugu, poema liburu honi helduz, itzulpena hurrengorako utziaz.

        Beti da gaitza poeta "novel" batez jardutea. Edertasun ezkutu eta berrikuntzei antzematen zail delako batzuetan. Kaxkarkeria disimulatzen errazago delako beste askotan. Bata zein bestea izan, poeten lehenbiziko liburuek ez dute gehienetan oihartzun nabarmenegirik eragiten. Eta honek ere ez du ematen halakorik sortuko duenik.

        Poemez zer esan? Ezer gutxi esatea litzateke amodioaz dihardutela, horixe bait dute poeta gehienek aipagai. Ohizko poeten aldean ordea, Unanua bereiztuko lukeen ezaugarri poema luzeak tajutzearena litzateke: luzeak baina zatikatuak, zati horiek batzuetan elkarrizketa bateko solaskideen esanak direla, narrazio bateko pausoak besteetan. Konposizio musikal batean bezala, lehengo oihartzunak iristen zaizkigu. Ea euskal poesigintzak pairatzen duen "sinfonien" eta hauen egileen eskasiari buelta ematen zaion noizbait!

        Zenbait poeta anglosaxoi eta frantses ezagunen artean, eragin nabariena E.A. Poerena da, eta ez gara azkarregiak hori ikusteagatik, egileak berak aitortzen bait du. Idazle zaldibiar honi bere herrikide eta poesia irakurlearen ezagun batek egin dio aurkezpena: Tere Irastortzak hain zuzen ere.

Argia, 1988-04-03

 


www.susa-literatura.eus