Alexis

Dabid Zuazalde

"Alexis edo alferrikako guduari buruzkoa"
Marguerite Yourcenar
euskaratzaile: Maite Gonzalez Esnal
Elkar, 1988

        Badirudi Marguerite Yourcenarrek —munduko puska haundi batean bezala, bestalde— zale ugari duela gure artean. Zergatik diogu hori, hots: Hadrianoren oroitzapenak J.A. Arrietak itzuli eta itxuraz arrakasta izan ostean, egile beraren obra berri bat argitaratu duelako Elkarrek, Maite Gonzalez Esnalek euskaratua honakoan.

        Alexis hau Yourcenarren lehenbiziko obretako bat da. Agian misterio bat apurtzen dugu, baina liburuaren kontrazalean aipatzen den "ixiltasunaz eta gehiegikeriaz tratatu izan den gai" hori ez da homosexualitatea baino. Liburu osoan zehar aipatzen ez den hitza, eta egile honek oso gogoko bide duena, ugari baitira bere obretan agertzen diren gizonezko homosexualak (Hadriano bera, esaterako). Epilogoan honetaz, eta Gideren ustezko eraginaz argibideak ematen ditu.

        Liburua gutunaren egituraz dago idatzia. Alexisek, utzi berri duen emazteari idazten dio, bere historia osoa, haurtzarotik haustura artekora kontatuz. Estiloa oso berezia da: zehatza, detailista, eta euskarazko emaitza txukuna iruditu zaigu, ona.

        Liburuak eragin digun zalantza bat, publikoarena da: norendako egin da? Dialektologia ikerketetan dabiltzanentzat, badirudi ez duela behar hainbateko zehaztasuna, herritar arruntarentzat agian pisuegi gerta liteke. Bi talderentzat apika? Erdibidean daudenentzat? Direnak direla, irakurleak asko izatea opa dizuegu eta liburuari probetxu ona ateratzea.

Argia, 1988-11-06

 


www.susa-literatura.eus