Zauriek odol-eztia isurtzen dutenekoa
Gerardo Markuleta
"Arrodaren gunea"
Javier Rojo
Bizkaiko Foru Aldundia, 1991
Pamielaren esku trebea ikusten da Bizkaiko Diputazioaren lehiaketetan saritutako lanen argitalpen txukunetan, nahiz eta ene ustetan horrelakoak argitaletxeen ohizko bildumetan txertatuz gero, liburuek irabazi egingo lukete bai distribuzioan bai merkatuan izango duten iraunkortasunean.
Javier Rojo poeta gazteak kaleratzen duen lehen poema liburua da eta askoz gehiago espero izateko esperantza sortzen du, zinez, lehen saio honek. Liburuaren tajuketa zaindua (gaika edo tonuaren arabera sei ataletan banatua); lexiko sujerentearen erabilpena; poemaren egituraketari eskeinitako arreta; nolabaiteko diskurtsibotasuna (kolokialismoa eta abstrakzioaren arteko oreka; surrealismoari lekurik utzi gabe, sinbolismo garbia nagusitzen da); egunerokotasuna eta betiereko gaiak (denbora, heriotza) nahasteko joera... Liburuaren ezaugarri guzti hauek azken bolada honetan euskal poesian indar hartzen ari den sentsibilitate berri baten harian kokatzeko oinarri ematen digute: Marijose Kerejeta, Iñigo Aranbarriren azken liburua, Andoni Tolosa, Jon Iriberri...
Akatsño batzu badira euskarari gagozkiola, azken errepasoaren falta salatzen dutenak; erritmoa apur bat zainduz gero, zenbait poemak asko irabazi dezaketelakoan nago; erabilitako imajinerian oso ezagunak egiten zaizkigun irudi eta hitz klabeak agertzen zaizkigu; baina ez ahots pertsonala itotzeko moduan.
Ez daukat lehiaketaren epai-mahaia osatu zutenen berririk, baina, euren lana hain kolokan jarririk dagoen honetan, euren alde esan dezadan nere ustez kasu honetan behintzat ez direla oso erraturik ibili eta sorkuntzaren berritasunei antzematen asmatu dutela, hain arrunt den anakronismoan erori gabe.
Argia, 1991-03-24