Bizkaia maitea (II)
Itxaro Borda
"Orrialdeak"
Andres Urrutia
Labayru, 1992
Hitza, orano, hitz beit da gure artean, Andres Urrutia bizkaitar idazlearen "Orrialdeak" izeneko ipuin bildüma aipatüren dügü egüngo saioan. Labayru Ikastegiak agertzen düan Galburua ildoko hamabigerren üztareki datoz "Orrialdeak". Eta, gure ustez, gostüak gostü, argitalpen sail hortan ba da zer irakurri.
Andres Urrutiak ez dü nahi izan libürü "normal" bat kometitü: gaurkotarzünez apaindü geiak baztertü dütü, eta fantasia, zonbaitetan krüdelaren kontakizünak eskentzen deizgü. Ondoramenez, aitortzekoa dügü, "Orrialdeak" ipuin zaharrekilako azkazgo zerbait ba duela, arabiar edo asiatar aide bat, fabulak direla ausartzen ez girelarik, ürrentzean "erakaspen moral" ez beit düe. Erakatsi gogo dü Andres Urrutiak, bizitzea errota erraldoi bat dela, destinüaren menpe, lehertzen gütüan eta aldi berean idekitarzün amiñi bat düan errota bat.
Bizkaitarraren ixtorioek hargatik, bizitzako güne beilenak hünkitzen dütüe, leitzean halako min sendimentüa sortzez: heriotzaren ülüna, hürrüneko bidajeak, gerlako trahitzeak, Gernikaren süntsitzea; atzoko eta biharko hitzetan bildürik dira, nanas-mahas. Andres Urrutiak, hitz izkribatüa abia-püntützat hartzen düalarik, "Orrialdeak""etan, idaztea bera, esperientzia "fantastiko" baten gisa papereratzen zaigü.
Peru Abarka nekez sar litake Andres Urrutiaren leihorik gabeko edo leiho gütirekilako ipuinetan, bena, halarik ere, Txinako lürralde majikoak egokiak lirateke, erromantiko elibaten arrats apal epelen betetzeko. Imagina dezakegü Peru Abarka aski erromantikoa zela!
Argia, 1993-06-06