Eta askatasunaz
Itxaro Borda
"Etika eta askatasuna"
Roman Garate
Mensajero, 1993
Filosofiatzeko ohitura handia dago Euskal Herrietan; gaien eztabadatzen orenak gastatzen dira, ostatu ilunetako mahain gurintsuetan bermatuz. Askatasuna da gehienbat aipatzen dena, ardurenean, askatasunaren ikuspegi politikoa, gure kasuan. Ordea, errez baldin bada, godaleta eskuan mintzatzea, ez da hain aisa filosofia egiazkoa! liburu baten irakurtzea. Bitxikeria bati uztarturik bezala, beraz, hartu dugu, Roman Garate, Deustuko unibertsitateko irakasleak idatzi "Etika eta askatasuna" lana, Gero argitaletxeak plazaratua.
Hogeita hamabi ataletan, askatasunaren kontzeptuaren azterketa arpegi-aniztuna eskaintzen digu Roman Garatek, eta leitzen hasi bezain laster, edozein nobeletan nola, etikaren bihurrietan barna lerratzen gara, ikasteko plazer xoilaz. Agertzen zaizkigu askatasunak sor ditzazkeen kontradizio moralak, alabaina, askatasunaren logikak zenbaitetan ez erraiteko, usu! zapalkuntza izan baitezake ondoriotzat. Azken mende hauetako erreferentzia nagusiak aurkitzen ditugu Marx, Marcuse, Kant, Ortega y Gasset... izpirituaren zihikagarri. Hitzaren neurria eta idorra gatik, ondarrean, ederki ateratzen da, askatasuna justiziaren eta duintasunaren arteko beti zaintzekoa den oreka ahula dela.
Liburuaren funtsa, idazle beraren "Etika sarrera" deitu lanaren segida denaz gain, etika da, eta egileak azpimarratzen ditu askatasunaren printzipio edo oinarri moralak. Printzipio moral bakoitzak eragin praktikoak dauzka, eta hortan, eguneroko bizitzari aplikatzen ahal diren zenbait hondoramen. Filosofiazko obra baten balioa, praktikotasunean datza, filosofia bizitza baita.
Eskertzekoak dira gisa hortako argitalpenak. Gero etxekoek aspaldidanik daramate lan hori. "Unibertsitateko liburuak" sailean, irakur ditzazkegu besteak beste, Roman Garateren obrak eta Rosa Miren Pagolaren "Dialektologiaren atarian" ikerketa sailak.
Ahalgerik gabe euskaraz.
Argia, 1993-12-05