Carpaccio Iruñean
Itxaro Borda
"Atari ahantziak"
Aurelia Arkotxa
Pamiela, 1993
Bizitzea higatzea baino ez dela badakigu. Oroitzea neke da. Alta, Aurelia Arkotxak, Hendaian bizi den baigorritarrak, "Maiatz" aldizkaria jasta eman poema zenbaiter erantsi ditu, giltzapean gorderik zeuzkanak, oroitzaren zutabearen bermatzeko, "Atari ahantziak" izeneko olerki bilduma berrian. Bere lehen olerki bilduman, funtsean. Ondorioa eztitasunez bezain mikaztasunez beztiturik datorkigu, hitzetik hitzera, memoria zihikatzen baitute, Aurelia Arkotxaren poesi bakoitzek. Itsas ertzeko aireak balakatu ele-sailek, gure negu garratza gozatzen dutela erran dezagun segidan.
Hitz laxoz edo kopla antzekoetan, Aurelia Arkotxaren olerkiak, jendearen bakuntasunetik, kolektibitateak jasaiten dituen minen salatzera iragaiten dira, zozietatearen eta jendearen artean, aipatzen den muga hertsirik ez bailegon. Memoria orokorrari hainbat odol ttantta lehor eskaintzen dizkio Aurelia Arkotxak, "Atari ahantziak" honetan. Olerki baten adibidea emaitearren, "Hiroxima lorez estail zen", haren baitan biltzen diren Hiroshimaren, Gernikaren, eta Martxoaren 1 batez Hendaian gertatu GALen atentatuaren "barbaritateak" juntatzen ditu idazleak, olerki trinko, hatsanga, gaitz baten sortzeko. Indarrezko oroitza.
Koloreen garrantziak, udako zepia kolore zirenen nostalgiaz, soinuen bete-beharra, ingurumenak, Nafarroatik Italiaraino hedatzen direlarik, "Atari ahantziak" berezia da, hirien, gauen, gizonen eta haurren amodioz beterik. Olerkariak, zernahi gisaz, erakutsi gei digu, bizitzeak bere jarraipen krudela baduela, eta irautea komeni dela, ororen gainetik.
Carpacciok, Iruñea otsaileko elurpean tindatuko zuena, garai haietan, Nafarroa suntsituko hiriburuan agitu izan balitz? Segurki, guri, Aurelia Arkotxaren pentsamendu poetikoaren hildotik, atari ahantzienak ireki zaizkigula, amoltsuki, eztiki, zauriak agerian utziz. Sendatzeko manera poesia dea?
Ez egon atarietan, aintzina bada...
Argia, 1994-03-06