Ur garbia iturrian

Gotzon Garate

"Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak"
Juan Manuel Etxebarria
Labayru, 1995

        Bizkaian euskara alorretan lan egiten duten guztiek ezagutzen dute ondo asko Juan Manuel Etxebarria. Zeberioko semea izanki, Zeberioko euskarari buruzko doktor tesi bikaina egin zuen. Geroago Bizkaiko herrietako euskara aztertzen duten beste askoren tesiak zuzendu ditu Deustu Unibertsitatean.

        Bestela ere Zeberio eta Bizkaiko ipuinak ikertzen lan txalogarriak burutu ditu.

        Orain, aldiz, liburu mardula eskaini digu: "Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak". Besteak beste bi meritu handi harrapatzen dizkiot liburu honi: alde batetik ipuinak beraiek. Oso jakingarriak. Bizkaiko folklorea ezagutu nahi duenak badu hementxe harrobi joria. Ipuinak, mitologia. kontakizunak eta tradizioa, lore xorta eder baten bezala azaltzen zaizkigu. Eta euskara. Badira bazterretan euskara traketsa eta heldugabea dela esaten dutenak. "Ehiztari txarrak errua kartutxoei".

        Erdaraz ez dakiten baserritarrei entzunez eta Juan Manuel Etxebarriarenaren antzeko liburuak irakurriz, euskara zein mailatara jaso litekeen berehala antz emango diozu irakurle horrek.

        Euskara hori guztitarakoa da, zaluia, hedakorra, aberatsa. "Ur garbia iturrian". Bere burua euskararen jabe egin nahi duenak ba du nora joan. "Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak" eskaintzen duena irakurriz garbi soma liteke alde handia dela plastikazko euskaren eta bizkaitar euskaldun osoek erabiltzen duten euskaearen artean.

Argia, 1995-01-08

 


www.susa-literatura.eus