Lertxundiren izenean, guztion gizenean

Mikel Elorza

"Letrak kalekantoitik"
Anjel Lertxundi
Alberdania, 1996

        Eskuartean hartu duen edonork badaki "Letrak kalekantoitik" sailkatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Jeneroen hesietatik kanpo, aparteko emaitza da liburua. Esapideen jatorriak, azalpen filologikoak, hitz, kantu eta bertsoen inguruko pasadizoak, letren inguruko istorioak... Horixe duzu liburua, hitzen barneko abentura. Eta horretarako lana egin behar da liburu, bertso-bilduma, hiztegi eta ahozko ondarean arakatzen; baina horren guztiaren gainetik jakinmina behar da. Hizkuntza maitatu behar da, bereziki hizkuntzaren jantzien azpian (aurkian, ifrentzuan, kantoian...) gorderik dagoena.

        Ez dezala pentsa inork, alta, filologia lan irakurgaitza denik. Esaera zaharrak aurkituko dituzu, kasu, eta haien sorreraren esplikazioa. Akaso haien inguruko ipuin bat. Agian sortu izan zitekeeneko pasadizo bat. Hitz eta esamolde bakoitza bat bedera da, unibertso bat. Literaturak, jatorri etimologikoan letren inguruko edo letren bitarteko jarduna behar du izan: liburu hau, beraz, literatura da.

        Nestor Lujan-en "Cuento de cuentos" burura etortzea derrigorrezkoa da, lanaren planteamendua eta itxurari erreparatuta. Hizkuntza desberdinez ari garelarik, batek bestetik edan duenik ezin inolaz aipatu (iturri komunak badituzte, hala ere). Ordea, eta konparazioen gorrotagarritasuna aitortuagatik, Lertxundiren lanari noizean behin besteak duen zorroztasun "zientifikoa" falta zaiola iruditu zait. Hainbat esapide eta esaera zaharren jatorri eta erabileraz azalpen zehatzen falta. Irakurri ondorengo gogoetak esaten dit, ordea, konparazioa ez dela zilegi. Azalpen zehatza baino bestelakoa zela, agian, idazlearen asmoa. Eta bestalde, euskal literatur tradizioan, idatzian, ez da oparotasuna ezaugarri nagusia. Are gutxiago literatur tradizio horren eta ahozkoaren ikerketei dagokiena. Honelakoak datoz hutsune horiek betetzera.

Argia, 1997-01-26

 


www.susa-literatura.eus