Kaniko eta Beltxitina
Josu Torre
"Kaniko eta Beltxitina"
Jakes Oihenart
moldatzaile: Gabriel Aresti
Lur, 1971
Jaso berria dut. LUR editorialak egin duen, Gabriel Aresti jaunak moldatutako "Kaniko eta Belxitina"ren lehen inprimaldia. Zerbait arinegi irakurri dudalarik, zaila litzateke pastoral honi kritika zehatz eta sakona egitea; bestalde, ez da hori ene asmoa. Liburuaren azala ireki orduko, ANAITASUNA honetan (ikus 217. zenbakia, 6. orrialdea) Arestik berak idatzitak hitzak datozkit burura: "Dirudienez, guztiok ahaztu dugu zin hori". "Dugu" hori bere toki egokian sartua dela uste dut.
Euskal idazleen artean eta are gutiago euskal letretan sartu gabe naizelarik, beldur naiz, Euskaltzaindiaren arauak ez ote ditudan nahi haina menderatzen; baina, nik dakidala, ez dut uste, euskara idatziari buruz Euskaltzaindiak emandako legeetan azenturik eta kontsonante ondorengo H-rik aipatzen denik. "Kaniko eta Belxitina"n, ordea, garen, bertsolaritzaren, paperen, direnen, phena ikhoustera, othoitu eta abar ikusi ahal izan dugu. Textu orijinalari jarraitu nahian egina dela uste dut. Baina batasunaren bidean eta areago batasunaren barnean behar den diziplina hori ez du lan horrek betetzen.
Batasuna egina da, oraintsu ANAITASUNAn irakurri dugunez. Orain, bigarren pausoa da inportanteena: batasun hori herrian sartzea. Eta, horretarako, ez dut uste bederik egokiena denik, ortografian behintzat nahaste gehiago sartzea. Behin eta berriz esana da, idazleek zerbait sakrifikatu behar dutela euskararen eta herriaren onerako. Dudarik gabe. Bizkai, Gipuzkoa eta Zuberoko euskalkiek azterketa sakon bat merezi dute; baina, idatzi, beti egin behar litzateke, Euskal Akademiak agindu duen arauera Ba du zerbait gehiago liburu honen hitzaurreak, pertsonalkeria, pertsona bereziekin sartzea, alegia. Beharbada, berezko tokia izango da, "puntadak" jaurtikitzeko; baina, ene eritziz, pertsonalkeriak pertsonalki zuzendu behar lirateke eta, akordioren bat lortzen bada, irakurleei adierazi.
Akusazioak alde batetara utzirik, Zuberoko pastoral honi merezi duen indarra emateari interesgarri deritzat; zeren, hitzaurre berean esaten denez, "euskaldunaren tradizio para-teatralaren pilare nagusietariko bat" baita.
Kezka hauei erantzunez, ene ezjakintasuna gutituko den esperantzaz.
Anaitasuna, 1971-11-15