Psikoanalisten beharra?

Bixente Serrano Izko

"ETAren hautsa"
Joseba Zulaika
Alberdania, 2006

        ETAren hautsak harrotu beharko ditugu, dudarik ez, ETA osteko egoerara begira. Horretara dator Joseba Zulaikaren lana, une miresgarri egokian.

        Ezin ukatu —ez nik behintzat— psikologiaren pisua kontu politiko eta sozialetan. Jendeek hartzen dugu parte horietan, erantzukizun maila desberdinetan, eta gutariko bakoitzak ditugu gure nortasuna, gure bizipenak, bihurgune konplexuak, obsesioak, motibazioak, gure ego, super-ego eta, erran dezagun, gure azpi-ego ezkutua. Zer erranik ez, ezin ukatu ere zer pisua duen norbanakoaren psikologia bihurriaren gainean bakoitzaren etxekotze bideak. Hezi gaituen testuinguru sozial eta kulturalak, gizarte baten beldurrek eta irrikek, irudipen eta sinboloek, mitoek eta kontzientziak, gabeziek eta soberakinek, gose-egarri eta asebeteek, den-denak utzi du bere zigilua gutariko bakoitzaren izaeran. Baina aitortu behar dut halako ezinegona sortzen zaidala kontu politiko eta sozialak psikoanalisiaren tresneriarekin ikertzen saiatzen denean; oso joera errotua da hori antropologoen eta are soziologoen artean. Hein batean, Karahasan-en Sara eta Serafina-ko pertsonaia bat bezala, Dubravko bezala, sentitzen naiz: "Psikologia gehiegi dago kontu osoan. Egia erratera, kiratsa dario planari hainbertze psikologiarekin".

        Ez dut uste nire sentsazio hori gertatzen denik gure barneko ikerketa begi zorrotzak beti deseroso suertatzen zaizkigulako, garai bateko aitortza eta kontzientzia-ikerketa ignaziotar haiek bezain deseroso. Nago, aldiz, ezinegon hori kontraerran batetik sortzen zaidalakoan: batetik, tresneria zientifiko gisa aurkeztu nahi dituztelako antropologoek-eta euren kontzeptuak, paradigma eta mito handien interpretazioak; baina, bertzalde, tresna zorrotz eta zehatzak bainoago, parabolak, fabulak, ipuin erakutsidunak direlako, sormen literatura azken finean. Ezin sinetsi tresna zehatz horiekin zientzia batekoak izanen balira bezala, baina ezin ukatu bertzalde narrazio, kontakizun iradokitzaile, erakargarriak direnik. Metafora garatuak dira, begi zorrotz izan nahi duen ikerketa bati adierazkortasuna emate aldera. Nobeletan bezala, egile eta irakurlearen arteko itun ezkutu bat egonen bailitzan: "Ados gaude, ezta?, hau guztiau fikzio bat dela, gezurra, baina gure bizitzaren barrenak eta alde ilun horiek hobeago antzematen laguntzen gaituela". Funtsean eta zorionez, ikerleek beraiek ere ez dute sinesten erraten dutenaren zientifikotasun zehatzarekin.

        Horrelako zerbait gertatu zait Joseba Zulaikaren ETAren hautsa liburuarekin. Paradigma psikologiko horiek: "Beste" nagusiarena, zikiratzearena, malenkoniarena, aitaren erailketarena, paradisu galduarena, Judaren traizio salbatzailearena... Fabula eta sinbolo narratiboak dira, euskarri literarioak, hausnarketari, berez begi zorrotza den hausnarketa bati, indarra ematen diotenak. Eta errekurtso literarioak direnez, biziki erakargarri, enpatia halako baten sortzaile, ezagutza poetikoaren bide..., bihurtu dute lana: psikologiaren kiratsa lurrin sarkor sotil bihurtu. Horrela harturik eta Zulaikaren idazlumaren koloreak nola euskara aberatsa tartean, gustura, oso, sinatu du irakurle honek aipaturiko ituna idazlearekin.

       

        Denoi gertatzen zaigulakoan nago Anjel Lertxundik bere ohiko fineziaz eta laburrean dioen hori: "Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han". Neuk behintzat ispilu aurrean ikusten dudana ez da nire burua, nire doble halako bat antzematen dut hor. Hori bai, elkarri kontu eske hasten gara biok sarritan. Neuk: "Zer demontre egin edo erran zenuen harako hartan?". Eta dobleak: "Zer demontre erratera edo egitera zatoz oraingo honetan?". Psikoanalistek ikertzeko kontua, segurik.

        Horrela gaude gaur, Joseba Zulaikaren ETAren hautsa liburuaren harira. Zeren eta mirailaren aurrean topo egin dudan nire doble horrek askotan heldu baitio ETAren gaiari, ezinbertzekoa suertatu zaidalarik Zulaikaren liburua irakurtzea nire dobleak lehenago paratu zuen bertze liburu bat erreferentzia- puntutzat hartuz. Zilegi bekit, bada, Zulaikaren liburua aztertzerakoan, ispiluko nire kontra-irudikoarena hartzea gidoi gisa, ene aurreko aurpegiaren lotsa-keinuei jaramonik egin gabe.

        Egoera berria da, funtsean, Zulaikaren lanaren lur-zorua, nahiz eta, logikoa denez, iraganera begira jarri behar duen etengabe. Nire homonimoak, aldiz, suetenaren aurretik plazaratu zuen bere lana, eta egoera berriaz bainoago armei uzteko beharraz aritu zen, nahiz eta, honetan ere logikoa denez, etorkizunera begira jarri behar izan zuen nola edo hala. Bada diferentzia orokor funtsezko bat.

        Bertzalde, tresneria psikologikoaz baliatzen da Zulaika alde politiko eta etikoetan sartzeko, ikuspegi politiko hutsago batetik, aldiz, heldu zion gaiari nire homonimoak; politiko eta, hortaz (ene doblearen filosofiaren arabera), guztiz etikoa.

        Hirugarrenik, Zulaikaren ildo nagusi bat ETAren iraganeko nola etorkizuneko historiarako zer suposa dezakeen suetenak dugun bitartean, zer suposatuko lukeen hausnartu zuen nire ispiluko kontra-kideak. Diferentzia honek eraman du Zulaika sakonago murgiltzera etorkizuneko kontuetan —bertzeak bertze, "ETA errepikatzen", "Unibertsal berria", "Judaren traizioa"—, baina ETAk sorturiko mundu bereziari begira baino gehiago, gizarte osoari begira; ispiluko nire aurreko hori, aldiz, dezente gutxiago sartu zen etorkizuneko kontu horietan, eta sartu zenean, era mugatuago batean egin zuen: gizarte osoarenean bainoago, ETAk sorturiko mundu berezi horren etorkizunean sartu nahian, borrokan jarraitzeko mundu berezi horren aukera berria seinalatu nahian, beti ere irtenbide konkretuak zehaztu gabe; gizarte osoko bertze sektoreetan sartu, bazen sartu nire doblea, baina suetenaren aurreko egoeran jende horiek arruntean erabilitako argumentuak kritikatu, lotsagabe kritikatu ere, guran.

        Dudarik ez, eta lotsagabeki ere aitortzeko da hau, Zulaikaren dohain literarioek eta euskara bikainak erakargarriago egiten dute ETAren hautsa, nire mirailekoarena baino. Nago, halarik ere, bai Zulaikarenak, bai nire doblearenak, aukera gutxi dutela begi onez ikusiak izateko suetena egin eta bultzatu dutenen aldetik. Hirugarren —eta azkeneko— idazki baterako utziko dut aspektu honen ikerketa, baina frogaturik dago, behintzat, mirailaren bertze aldean ikusten dudan idazle horren kasuan: isilaren uzta baizik ez zuen bildu ene doblearen liburuak mundu horren aldetik, nahiz eta hartan proposaturiko alde bakarreko suetena gauzatu den azkenik. "Merezitako isila", erraten diot ispilukoari, "mundu horri ez bertze inori ez dagozkion uretan sartu izanagatik, nihil obstat kanonikoari muzin eginda".

        Lainotu dit miraila ene kontra-irudiaren bafadak, baina baietz agertu berriro nire deira hurrengo ostegunean.

       

        Ez lotsatu, ispiluaren bertzaldeko lagun hori! Ezer gutxi balioko zion zure liburuak Zulaikari, nondik heldu nahi zion gaia kontuan harturik, baina niri ezinbertzekoa egin zait haren irakurketa egitea zuk orain arte azaldu dituzun ideien parera ekarriz —onerako ala txarrerako, unean uneko zure gogoetekin ados ibili ohi bainaiz—. Goazen ba.

        ETAren iraganeko historia ikertzen dute bi lanek, baina oso bertzelakoa da analisia, ikertzeko tresnengatik ez ezik, ikergai harturiko lehengo ETAren elementuak ere oso desberdinak direlako: politiko hutsagoak dira Zulaikaren kasuan, elementu militarren funtsezko zentzu politikoa gogorarazi nahi zenuen zuk. Segurik, ETAren munduarekiko zuen bien harremanak garai, mota eta testuinguru ezberdinetakoak izan zirelako. Berdintsuagoak direla nago, aldiz, lehengo ETA hura geroko bideetan galtzearen bi ikerketak. Eta, joan den ostegunean erran nizun bezala, zaila dute bere egitea, bai ETAk bai haren miresleek, bide galtze horri buruzko bien ala bien ikuspegia: aitortu ezin dutelako hain zuzen, ez psikologikoki, ez politikoki. Hortaz Juda traidore baten beharra Zulaikaren azalpen iradokitzailean, eta etika makiavelikoaren zure azalpen arruntago hura, nahita gaizki ulertua ezkerreko ortodoxiaren katiximako zuzendaritzaren aldetik, zure liburuaren berri eman zuen une bakarrean.

        Berdintsuagoak diren bezala bi lanak, funtseko asmo bati dagokionez: zubi filosofiko bat eraikitzekoa ETAk aiseago har ditzan bide baketsu berriak, hala nola damu eta barkamen exijentzien kritika egiterakoan. Hori bai, hari psikologiko eta antropologikoa beti nagusi Zulaikarenean, politiko hutsagoa zurean: ETAren errepikapena proposatzen du, arestikoarekin eten egin ostean hasierako jatorri kultural eta humanista haietara itzultzea, Zulaikak; zuk, aldiz, gomendatzen zenuen ez ulertzeko suetenaren beharra derrota gisa, alderantziz baizik, lehengo ETAren funtsezko irizpide politikoen nolabaiteko garaipen bezala: suetena betiko planteamendu politikoen emaitza gisa, betidanik borroka armatua irizpide politikoen zerbitzuan jarri nahi izanaren ondorio gisa, bidean hainbatetan galtzeak nabarmen lausotu duen arren garaipen itxura. Nolanahi ere, boluntaristak dira, oso, Zulaikaren eta zure ahalegin horiek: ezkerreko ortodoxiari bi formulazioen ahoskatze hutsak derrotaren irudiaren izua sortzen dio, eta ostrukarena egin behar du bataren zein bertzearen aurrean.

        Gerora begira, ez dut uste Zulaikaren Unibertsal berri hori bere egin dezakeenik ETAren osteko ezker abertzale "ortodoxoak". 1921.eko Irlandan bezala geldituko balira Juda traidorea eta Zintzo demonioa —traidorea, erradikalago eta boteretik kanpo; Zintzoa, moldakorrago eta agintean (Michael Collins eta De Valera, hurrenez hurren, bezala)—, sinesgarria izanen litzateke proposamena; baina alderantzizko egoeran daude hemen Juda eta Zintzo doktrinagilea: Juda —EAJ-eta— agintetik bota ezinean, Zintzo sanoa "barrikadetatik" atera ezinean. Harako Irlanda hartan ez bezala, kale gorritik salatu beharko du Zintzoak Judaren traizioa, erradikalismo gordinetik, itxura moderatu samarra ikusten zaion bitartean Zulaikaren Unibertsal berri horri. Baliteke, bai, Unibertsal berriaren filosofia nagusitzea gizarte zabalean, euskal nazionalismoan ere bai, eta are, hondarrean, ezker abertzale etsiezin horretan ere. Baina traizio baten biktima gisa zuritu beharko luke azken honek bere burua epe luze edo laburrago batean, egoera guztiz berri batera egokitu aurretik.

        Traizio garaiaren atari aurrean gaudela dio Zulaikak, begi zorrotz. Garai horiek ere garaitu beharrean ikustean soilik helduko dira, seguruenik, ETA osteko ortodoxoenak Unibertsal berri bila, kultura politiko berri bat eraikitzen hastera. Bitartean, ziurrenik ere, psikoanalistengana joan beharko dute/dugu hainbatek eta hainbatek.

Nafar periferiatik, 2006-08-03

 


www.susa-literatura.eus