Pertsegituak

Felipe Juaristi

"Munduaren amaierako kalea"
Patxi Ezkiaga
Kutxa, 2004

      Nobela honekin irabazi zuen Patxi Ezkiagak iazko ekitaldian Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria (gero eta izenburu luzeagoak jartzen dizkiote, berez hainbesteko atarramenturik behar ez lukeen ekintzari), eleberri sailean.

      Eleberri konplikatua da, bai idazleak erabiltzen duen hizkuntzagatik —landua eta jasoa, behar duen gisa, izan ere, liburuaren azpilduretatik edertasunaren ideia abstraktua dabilenez, ezin hizkuntzak horrelakorik ahantzi, ezin hizkuntzak edertasunari, hitzen arima ederrari, uko egin—; baita gaiarengatik. Errenazimentu garaian dago kokatua; munduaren historian garairik interesgarrienetakoa, gogorrenaz eta odoltsuenaz landa; non gertatu baitziren orduko mundu-ordena eta kokagunea hankaz gora jarriko zituzten zenbait gertakari: juduak bidali zituzten Espainiatik eta geroxeago Portugaletik, protestantismoa nagusitu zen hainbat herrialdetan, heresiak zabaldu ziren nonahi. Giro nahasia, historiari begiratuta. Baina hori Patxi Ezkiagaren eleberri honetan dekoratua besterik ez da.

      Izan ere, ideia bat dabil lehen lerrotik hasita azkeneraino. Munduaren ordena —ez mundu politikoarena—, edertasunaren esku dagoela, eta edertasunaren ideia hori modu askotara eraldatzen dela. Dei diezaiokegu maitasun; edo defini dezakegu maitasuna definituko genukeen moduan: edertasunaren bilatzea, edertasunaren lilura, edertasunaren barnean erortzea.

      Bada, bestalde, eta ez nuke esateke utzi nahi, pertsegituenganako begirada gozo eta ulerkorra, pertsegitu guztiak, azken finean, geu baikara, eta pertsegitu guztiak, lehen eta orain, babestekoak dira: gorputzez ez bada, arimaz bederen. Horrelakoetan ikusten da, eta nabaritzen, giza duintasuna zertan den.

El Diario Vasco, 2004-11-05

 


www.susa-literatura.eus