Eta handik gutxira gaur
Ana Unanue
"Eta handik gutxira gaur"
Eider Rodriguez
Susa, 2004
Istorioak: Eider Rodriguezen (Orereta, 1977) aurreneko liburuan hamasei narrazio topatuko ditu irakurleak. Gaiak eta pertsonaiak askotarikoak dira, baina narrazio guztietan ageri den ezinegonak nolabaiteko lotura ematen die. Ezinegonaren jatorrian mamuak daude, Joseba Sarrionandiak liburuaren hitzaurrean darabilen terminologia erabiltzearren. Mamua izan daiteke gerra zibila, gatazka politikoa edo arazo emozional bat eta batzuetan guztiak batera.
Emaitza: idazkera izugarri lantzen eta zaintzen duen idazle baten obra da "Eta handik gutxira gaur". Liburuan ez dago gertaera askorik pertsonaien sentipenek osatzen dute narrazioen haria, bai ordea baliabide estilistiko mordoa, baita esperimentatzeko gogoa ere.
Argi eta itzalak: estiloa sobera duela erakutsi du Rodriguezek bere lehendabiziko liburuan. Zer kontatua baino gehiago, nola kontatu da egilearen kezka. Probatik onik ateratzen da Rodriguez, badakielako kontatzen eta idazten, baina idazkera dotoreenak ere euskarriren bat behar du, zer kontatua alegia. Eta alde horretatik gorabeheratsua da liburua. Ipuin batzuetan euskarri falta sumatzen da, zutabe gutxi hainbeste apaingarriri eusteko. Horietan jolas estilistikoak hutsal bihurtzen dira eta irakurketa moteldu egiten da.
Aizu!, 2004-11