Zientziaren itxuran
Javier Rojo
"Gloria mundi"
Fernando Morillo
Elkar, 2004
Fernando Morillo luma errazeko idazlea da, behin baino gehiago frogatu duen bezala. Nobela hau, "Gloria mundi", erraztasun horren adibidetzat har daiteke. Idazlea trama komplilkatu xamarra eraikitzen saiatzen da, zientzia eta fikzioa elkartzen (edo agian nahasten) dituelarik, agortu ezinezko energia iturri baten bila dauden pertsonaia batzuen inguruan. Azken urte hauetan, gaia askotan agertu zaigu zinean zein literaturan eta Morillok, horren jakitun agian, liburuak zientziaren alorrean oinarri sendoak dituela irudikatu nahi du. Horretarako oharrez eta azalpen zientifikoz bete du, honelako gaiez ezer ez dakitenak zientzia itxurako fikzioan harrapatzeko. Baina ezin da topikoetatik urrundu. Agortu ezinezko energia iturri baten bila norbait badago, beti egongo da beste norbait, oso boteretsua noski, helburu hori zapuztu edo lan horren emaitza lapurtu nahi duena. Gauzak honela, espioiak, hilketak, zientifiko ezagunen izenak, isilpean lan egiteko handiegiak diruditen talde sekretuak... agertzen dira, Donostian kokatutako konspirazio mundialaren inguruan. Luma errazeko idazlea de Morillo eta agian harrapatuta geratzen da istorioa, dibertagarria baina hutsa.
El Correo, 2004-10-13