Mugaz beste aldera begira

Felipe Juaristi

"Mugaldekoak"
Edu Zelaieta
Susa, 2004

      Gaztea da Edu Zelaieta, eta hori dohaina baino gehiago da, ikuspegia, munduari begiratzeko eta mundua sentitzeko modua. Egia da munduari begiratzen diogunean, mundua ere guri begira gelditzen dela, eta begirada horrek markatzen gaituela gureak mundua markatzen duen neurrian bederen. Bada liburuan poema bat osorik aipatu nahi nukeena, oso poema ona eta esanguratsua iruditzen baitzait: "Libre jaio naiz, baina/ gatibu sentitzen./ ez naiz errudun jaio, baina/ behin eta berriz sentitzen naiz errudun./Ez naiz borrero jaio, baina/ horrela egin naute eta horrela sentitzen naiz/ nire berdinekin,/ libre jaio baina errudun sentitzen direnekin." Sentimendua da poemaren gaia, gatibu sentitzea, errudun sentitzea, kolektibo handi baten ondoan noski. Psikoanalisiaren ikuspegitik ondo adieraz daiteke poemaren esanahia, erruduntasun sentimendua: gure izenean hainbeste triskantza egin eta hainbeste nahigabe gertatu direnean. Identifikazio derrigorrezkoa baita gure modukoekin, haiek ere, pentsatzekoa denez, errudun sentimendu bera baitute; libre jaio, denok jaio baikara libre, baina ez gara denok berdin libre bizi. Hori da nik ulertzen dudana, eta erruduntasun sentimendu horrek, askotan, krisia dakar berarekin, alegia depresioa.

      Muga dago ordea krisitik depresiora eta ez dut uste Edu Zelaietak depresioaren muga gainditzen duenik: "ene negarra ene muga da", diosku, eta mugak negar-toki dira, aspalditik gainera. Esango nuke liburuan azaltzen den poetak muga bistan duela, aurrez aurre, baina ez dela ausartzen hura zeharkatzera, hura gainditzera. Muga guztien muga, azken muga, heriotza baita, eta horren beldur da poeta, hitz zuzenez aipatzen ez badu ere.

      Baina doinuak, poesiaren norabideak, zenbait metaforak, identifikazioek, mugaz beste aldean heriotza ikusten duela pentsarazten digute. Bestela ez da ulertzen bizitzari buruz idazten duena, zerbait behartua balitz bezala: "Erdiminez nahi nuke iratzarri/bi aldiz bi/bizirik egoteko".

El Diario Vasco, 2004-07-02

 


www.susa-literatura.eus