Auzokoen bizitzak
Javier Rojo
"Tango urdina"
Aitziber Etxeberria
Erein, 2003
Aitziber Etxeberriaren lehenengo nobela da "Tango urdina" izenburupean argitaratu den liburu hau. Nobela hau Erein argitaletxeak antolatzen duen Donostia Opera Prima sariaren irabazleetako bat izan zen 2003.urtean. Erdipurdiko bizitza daraman pertsonaia patetiko xamar baten inguruan harilkatu du idazleak nobelaren argumentua. Pertsonalitaterik gabeko pertsonaia honek bere bizitza ziztrina pasatzen du auzoei begira, hauen bizitzei buruzko espekulazioak egiten. Pertsonaia hau ikuspuntu bat besterik ez balitz bezala aurkezten zaio irakurleari. Ingurukoei begiratzen dien bitartean bere bizitzaren hustasuna estaltzen saiatzen da, besteen bizitzekin berea betez. Auzokoen bizitzak, baina, ezintasunez beterik daude. Maitasuna zer den ez dakien erizain manipulatzailea edota emaztea eta alaba diktadorea balitz bezala tratatzen dituen gizona bezalako pertsonaiak aurkitzen ditu. Pertsonaia hauen guztien bizitzak nahasten dira, elkarren artean harremanak sortzen, eta hala ere, batek ere ez du lortzen bere bakardadeari ihes egiten. Idazle baten lehenengo nobela dela ahaztu gabe, ibilbidearen lehenengo urratsa alegia, interes biziarekin irakurtzen den horietakoa da.
El Correo, 2004-04-07