Triangelu bitxia

Javier Rojo

"Greta"
Jasone Osoro
Elkar, 2003

      Narrazio laburretan aritu ondoren, Jasone Osorok nobelari ekin dio lehenengo aldiz "Greta" izeneko liburu honekin. Generoan liburu honek idazlearen ibilbidean aldaketaren bat ekarri badu ere, aldaketa, egia esan, ez da erabatekoa izan, aurreko narrazio liburuan ("Korapiloak") nobela baten hazia baitzegoen. Edukiari erreparatuz gero, Osororen literaturan ohikoak diren gaiak agertzen zaizkigu hemen ere. Nobelaren argumentua hiru perstonaia bitxiek, Oskarrek, Gretak eta Anak, sortzen duten triangeluan oinarritzen da, triangelu honen gorabeherak pertsonaia horiek, nork bere ahotsarekin, kontatzen dituztelarik. Osororen literaturan amodiozko harremanek dirudite gairik funtsezkoena, bakarra ia, "amodio" hitza, batzuetan, bestelako errealitateak ezkutatzeko bidea bada ere. Pertsonaiek amodioari eusten diote bakardadetik ihes egiteko, nahiz-eta amodio hori beste pertsonaientzat ulertezina izan. Bestetan, amodioaren atzean sexua baizik ez dago. Nobela batean garapen handiagoa behar dute pertsonaiek, baina batzuetan, garapen hori bilatu nahian, inkoherentziaren bat agertzen da. Aurrera pauso bat eman nahi izan du idazleak bere idazkeraren bilakaerean, eta hau eskergarria da.

El Correo, 2003-12-31

 


www.susa-literatura.eus