Ugerra eta kedarra
Ana Unanue
"Ugerra eta kedarra"
Sonia Gonzalez
Txalaparta, 2003
Istorioa: 80ko hamarkadako Bilbon dago girotuta. Han egingo dute topo Kat drogazale kinkiak eta Eñaut etakideak. Eleberrian gaueko kale giroa eta galtzaileak dira nagusi, baina ez da akziorik eta suspense dosirik falta.
Emaitza: gustura eta arin irakurtzen den liburua, eta seguruenik ahaztu ere arin samar ahaztuko dena. Gonzalezek 80ko hamarkadako Bilbo gordina jaso du nobelan drogak, gaua, tabernak, giro politiko nahasia, hilketak, baina ez du garai baten edo belaunaldi baten liburua egin. Ez da, esate baterako,Juan Luis Zabalaren Galdu arte, nahiz eta garai bertsuan kokaturik egon. Egileak berak esana da pretentsio handirik gabeko nobela dela, erraz irakurtzekoa.
Nabarmentzekoa: Sonia Gonzalezen agerpena, hauxe baitu aurreneko nobela. Barakaldotarrak estilo bizia eta zuzena dakar, apaingarri handirik gabeko prosa, Paddy Rekalderen kordakoa. Haren azken nobelan bezala, Ugerra eta Kedarran ere askotariko erreferentzia poetiko eta musikalak aurkituko ditu irakurleak, Pablo Nerudagandik hasi eta Extremoduroraino. Horrek ilusioa egiten du, ezin uka, irakurle askori hurbilagoak zaizkigulako Doctor Deseo taldearen kantak Lauaxetaren poemak baino.
Okerrena: eleberrian ageri diren zenbait pertsonaia eta elkarrizketa, estereotipatu edo topikoegiak nire gusturako.
Aizu!, 2003-12