Gorroto haut, maite haut

Felipe Juaristi

"Gorroto haut"
Askoren artean
Alberdania, 2002

      Ehun orrialde ditu liburu honek eta hori, ehun orrialde izatea, ez da batere erraza ez pentsa, liburuek joera baitute ehunetik gora jotzeko edo, bestela, ehunetik behera geratzeko, ehun zenbakia, zenbaki biribila, zenbaki perfektua, zenbaki deigarria, ez baitzaie gustatzen batere. Gorrotoaren inguruan eraiki da liburu anitz eta pluralista hau, eta jakina, gorroto asko dago munduan, maitasuna adina edo gehiago bai behintzat. Nik, esaterako, eta neure buruaz hitz egitea zilegi bazait, gorroto dio gorrotoari, maitasuna diot maitasunari eta beldurra beldurrari; izan ere, gizon erredundantea nauzue, gizon errepikakorra, gizon kili-kilia, eta ez dut lotsarik, lotsaz bainaiz lotsa, ez besteaz.

      Gorrotoa gai harturik zenbait idazle bildu dituzte Alberdania etxeko arduradunek, zeinen izenak ez baititu aipatuko, aski ezagunak baitira munduan, edo bestela esanda, ez baitute aurkezpenik merezi, merezimendua franko baitute aurkeztuak izateko, ezagunak izateaz gainera, edo azpira edo auskalo. Idazleak honako hauek dira, alfabetikoki zerrendatuak, alfabetoa, izan ere, oso diplomatikoa baita, ezer diplomatikorik bada behintzat mundu hüntan: Javi Cillero, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Hasier Etxeberria, Aritz Gorrotxategi, Juan Kruz Igerabide, Arantxa Iturbe, Karlos Linazasoro, Joxean Sagastizabal, Kirmen Uribe, Iban Zaldua eta Patxi Zubizarreta.

      Lanok ezberdinak dira, batzuk besteen aldean jarrita noski. Niri bereziki Javi Cilleroren "Mañana" eta Joxean Sagastizabalen "Delenda est ozakildetza" gustatu zaizkit bereziki, umoretsuak baitira, irrigarriak. Antzerki laburrak dirudite, gaur egun modako dauden bakarrizketa horien antzekoak alegia, zeinak, telebistan azaltzen diren horietaz ari naiz, gero eta txiste tankera handiagoa baitute, eta txiste guztiek era berean amaitzen dute eskuarki: berdekerian. Txiste beharra dugulako izango da, nik behintzat oraintxe hartuko nituzke dozena bat txiste nire barrena alaitzeko, eta beste dozena baten barrunbeak ureztatzeko ere bai, ez baitago, askotan, umorea baino ezer sanorik, eta badira, edo baziren, munduan gauza sano ugari.

El Diario Vasco, 2003-09-14

 


www.susa-literatura.eus