Gure poeten piztiak
XX. Mendeko Poesia Kaieren laugarren argitaldia aurkezteko
Poeta sufietarik hasi eta Baudelaire-ren ziklo ospetsuraino (L'âme du vin, Enivrez-vous, Le vin des amants, Le vin de l'assassin), ardoak leku berezia ukan du literaturan, dela hedonismoaren erakusgarri, dela, harrigarria dirudien arren, argitasunaren filosofiaren bideratzaile bezala ere. Ardoaren memoria sentsazioen mailan gelditzen da, eta haren oroitzeko hitzak behar ditugu, eta hitzak oroitzeko kantua sortu zen: gure herri- literaturan ez dira falta bertso bakikoak, Tomas Garbizu musikariak gorazarre egin zion ardoari eta, oro har, edari-abestiei bost ataleko artikulu luze batean, 1934an: "Ardoari eraginta ezagutu dira orain arterainoko abeslaririk onenak". Olerkariek ez zuten ardoa asko laudatu, baina ohituretan hain aratz ageri zaigun Lauaxetak badu dozena erdiren bat tabernako abesti, sinets iezadazue berea dela ahapaldi hau:
Moskorra, gabaren azken altxorra; bixitzak ostuten daustaz jorrallak, baña neure lagun adi. Gastaro au galtzekuan, gal bedi edontzi baten kolkuan!
Gure edari-abesti gehienok ordea, hala herriarenek nola olerkarienek, errazago ekarriko digute Rabelais akordura, edo Carmina Burana-ko Cantico dei bebitori ezaguna, egun Joxemari Iturralderi esker eskura daukagun Omar Khayyam bat baino. Lagunarterako konposizioak dira gureok, ozen abestekoak, hordikeriaren atari. Tabernak eta zurruteko lagunak ukatu gabe, Luigi Anselmi izan dugu ardoa maila liriko batera jaso diguna:
Gauaren olatuak lehertzen diren tokian aurkituko nauzue.
Eskuez urari alferrikan eutsiz.
Begiez aparra lore iraunkor bihurrarazi nahiz.
Hor aurkituko nauzue.
Gauaren ertzean. Izarrak hiltzera doazen hondartzan. Ilargia hondoratzen den itsaso odoleztatuan.
Amets hautsiz eta edalontzi hutsez inguraturik aurkituko nauzue.
Edalontzi hutsaren ondoan amets hautsia ageri zaigu, maitasunaren ardo isuri galdu horren ordezko baino ez da izan edalontzikoa. Egarria asetzeko edaten du eta hala ere berriz edatera behartua da, poetaren egarria, hau da, maitasun premia eta edertasun nahia, ase-ezina delako. Ez dago inolako ihesbiderik edate honetan, Anselmi ez dabil paradisu artifizialen bila. Egia da bere poema anitzek badutela halako gandu oniriko bat, baina orduan, lokartu ordez, atzarri egiten da zentzumena. Ardoak gure oinazea eztitu du, kontsolagarri izan zaigu, eta oreka aurkitu berri horretan emanen du poetak beila, gauak ez baitakar kontzientziaren iluntzea, gogoaren egunsentia baizik.
Pattarraren erdia botilan datza lo... Beste erdia burura da jadanik igo.
Eskuetan lapitza bana idazten dut: bata txuria da eta bestea txit ilun.
Lehenengoaz aireko ehun lerro ikusezin keak osatu hizkiez bete nahian nabil.
Bigarrenaz uxatzen ditut hosto alderantz gogoan pausaturik ditudan txoriak...
Dohain berdina aitortzen dio edariari Jon Aranok:
Hurrengo tramoak eragozten dik gailurraren ikusmira hurrengo tragoak errazten amildegiaren perspektiba
Beti hala izan beharrik ez badu ere, zurrutak taberna suposatzen du maiz. Lagunartea behar dugu, geure malura horditzeko aitzakia kolektiboren bat eta gure bakardadea ilunago eginen duten zipriztin bateko amodioak bilatzen ditugu. Olasagarre ari zaigu orain:
Nola engainatzen gaituzten hitzek, eta lagunek, zein zuri egiten duten gugandik besteganako bidaia. Tabernan geunden,
musika ona, zerbezak hotzak, eta gu lagunarte alegera eta perfektua ginen (esate bat da). Noiz eta orduan behar, orduan
sortu da, barra-barra eginda, odol egarria begi mozkortuetan. Neronek lagundu diot komunera sartzen eta han betikoa.
Musuz zikindu dugu komuna zikina eta ahitu gabearen simulakro errepikatuz ospatu dugu atzera ere atzera ere elkarrekin gaudela.
Arropak eta puskak bildu ditugu, bestalde aparte batetik begiratu eta joan egin da. Negar egin dut gero amodioa deitu zera hori etorri zait burura. Aldeginak ziren denak, zerbitzaria, lejia usaina inguruan, hondakinak biltzen ari zen zaku beltzetan. Ibili eta buelta aratz nahiez zaborra gertu amaitzen dut beti.
Badakitela zoko tristeak izaten tabernek! Tabernako zerbitzariak bildu eta botatzeko modukoa sentitzen da Ana Yoldi Gomez, Olasagarreren pertsonaia ugarietarik bat. Baina zer pentsatzen ote du Ana Yoldiz edo Luigi Anselmiz, hau da, zer pentsatzen ote du gutaz, hain zuzen, lejia usainak eta beste usain askok inguratzen duten zerbitzari horrek? Zorionez, kafetera itzali, aulkiak jaso eta zerrautsa eskobatzen hasi den tabernari hori, poeta dugu.
Zerrikeriaz inguraturik zerbitzen Ditut ogitarteko infame hauek Oilasko gorpuak Komedore zantar hau garbitzen Nahikoa lan ez duk bada eta garbitzen saia hadi mundua!
Agurtu gabe alde egiten diate Hiretaz interesa erakutsi ondoren
Zertaz elikatzen haiz Hainbeste biderkatzeko? Zer haiz zer izen duk: Maitagarri ala mesedegile? Ala mihiztoek dioten Loreetara gonbitoak Botatzen dituen hori? (...)
Taberna ez dugu, beraz, Aranorenean, sutondoaren antzeko bat edo lagunarte librea, zerbitzari alokatuak bere lan indarra saltzen duen ustialekua baizik, erakustegi bat non gu hobeki barrendatu, non gutaz barre egin edo bere burua madarikatu.
(...) Aldegin behar dinat Hire ondotik Ezin ibil gintezken Sakratuarekin arin
Ibiltari zahar bezain fina Beharko izan higana iristeko Aber esan ezak zenbat kilo zirin Preziso diren Hilik hobeto dauden Zein edo zeinen Utopiak erosteko
Beldurra sumatu duk irrintzi negargarrien marrugilengan. Bildots horrek ere ez hau maite. Heure bospasei mugimendu bakarrik nahi dizkik (...)
Poeta honen poesiaren muinean ahalegin satiriko handia dago. Oso satira berezia dugu hau. Ez ditu, molde honetan ohikoa den moduan, ingurukoak karikaturaraino deformatzen, ez du horren premiarik, aski zaio konstatazioarekin, eta satiragile klasikoek ez bezala, bere burua ere gupida gutxiko kritika horren barruan kokatzen daki.
Bidezidor bazterretik nindoan, leizezuloa hortxe, arekan, ez nintzen existitzen ia-ia, aurreratzeko keinua egin zidaten arte.
Orduezkero beste bat izan haiz
Zergatik "izan haiz", eta ez "izan naiz", poemaren lehen zatiko pertsonak eskatzen duen moduan? Hortxe dago, besteak beste, Jon Aranoren poesiaren gakoa: guri mintzo zaigu bere buruari bezala, edo gu inplikatzen gaitu bere buruan, bere buruarekiko distantzia kritikoa hartzen duenean. Anekdota xume horrek, autozaleak aurreratzeko keinua egiteak, biak aldatu ditu, bizikletaria eta gidaria bera. Existentzia ematen dugu aurreratzeko keinua egiten dugun aldiro, hobeak gara, munduko zibilizatuenak gara... Eta Jon Arano, bizikletaren gainean madarikatzen, esker oneko irri egiten digu, baina maltzur. Bera ere norbait da orain, beste bat, hika egiten dion hori, pasoa eman diogulako, eta ez dio zor hori berehalakoan barkatuko bere buru bestelakotuari. Inork ez bezala daki erabiltzen Aranok bigarren pertsonaren balio ironikoa.
Joan ziren Etxe honetako bakeak Barrenak ez diate agintzen eta Ezdeus eta ezer gutxiren jabe izanagatik Besteok ere bagarela
Ez bide da bidea ihesbidea Behin behar zuen eta Erakutsiko dut benetako muturjea Herri honetako segundako herritarra Bat bada, ni Ez oso konforme gainera
Bakarka joateko hobea Ezen ez nahasteko artaldea Intrigante eta sesiante Arropa zuzenik ez eta Asko inportik ezta Diote naizela moralbako gaiztoa: Tronpaturik dabiltza hori dioten horiak Zorritzu itotzen banaute ere Zorritzu beti eta gero ere
Lerratzea omen derrigorrezko Beraiek hala lerratzen direnez Posizioak hartzeari ez Posizioak hartzeari ez Diote ez uko eginen
Ager dadila holako eta halakoetan Malerusagorik munduan inor baldin bada Eta esan ditzala esatekoak Ez da gutaz desgraziz Guk hainbat dakikeenik
Ez gara hain inuzenteak Zeruertza aurrera egitearekin Harrapatu ahalko dugun ustekoak Etxealdeari puska eransteko asmorik? Zeinek galde eta hik! Fuera hemendik saltzaile farisauak Alde arnasa ere Opa ez diguten perillanak Ospa kasta menperatzaile guztien Pelaje guztietako heredero Eta gerorako sostengatzaileak Ez eta «geure» izenez Baina handiki azkenez Baizik eta laiarik ez, Traktor, aurrerakoi, geurekoi
Satiragile maisuena bezala, filologizatu gabekoa da Jon Aranoren idazkera, lizunik gabeko ahozko hizkera lizunetik oso gertu dago, eta soberako edergailurik gabe erakusten digu, perpausaren erritmoa apurtuz eta era berean izugarri zainduz, hitzaren gaiztorako grazia, poema honetan dastatu ahal izan dugun bezala. Eta horrek esplikatuko luke, menturaz, zergatik kokatzen duen bere burua poeta honek kritikatzen duenaren barruan: badakielako bere behakoa bere hitza ernea eta maliziatia dela, ikusi orduko miseria eta gezurra sumatzen adierazten dakiena. Horrek inkonformismora darama, sakratuaren aurka, edozer dela. Horrela, egungo estiloan eta egungo gizarteari kantatuz, gure tradizio zahar bat ekarri digu Jon Aranok egundaino, berritua. Tradizio zahar bat berritzea, garden eta gordin hitz eginda, ez da munta handiko lana poeta on batentzat. Ados, baina ezagutu egin behar nolakoa den tradizio hori. Gure poesiaren piezarik bizienetariko batzuk antzinako satira anonimoetan aurkituko ditugu: esanean pindartsu, erritmoan zalu, irudian zorrotz. Satira haiek ordea, apaizen boterearen aurkako ale batzuk izan ezik, ohituren kritika erraza zuten helburu eta, nola ez, emakumezkoena bereziki, janzkera berriak zerabiltzatelako edo ezkontzeko hitza hausten zutelako edo... baiki, edan egiten zutelako, ardoaren gozamena gizonezkoen esklusiba baita (neke handirik gabe datozkigu akordura Xenpelarren Andre txarraren bentajak Xabier Leteren ahotsean, "Botila haundi bat basorik gabe / baietz seguru hark hustu / horretan dago sufiziente / beste bentajarik ez du" eta Elizanbururen Emazte edalea, edo, errazago, Lau andren besta, trukean ari zirela lehen zurrutean zahatoa zimur utzi zuten haiena, Usurbilgo Joxemari eta Mikel bikoteak, oker ez banago, alegeraki kantatzen zutena). Zentzuaz bestekoa dirudien arren, satira konformistak zirela esan genezake, gizartearen makurrari den mendrenik jazartzen ez zitzaizkionak. Jon Aranori esker ohartu gara badagoela, urri bada ere, beste euskal poesia bat, botereari zentzurik zabalenean oldartutakoa. Aranoren egungotasunak erakutsi digu tradizioa. Eta gure osasunerako ezinbestekoa zaigun mintasun horretan kokatzen dugu egungo satirikoa. Pindartsu, zalu, zorrotza da biziki Jon Aranoren hizkera, eta ez du poetek maiz elkarri pasatzen dizkioten irudi prefabrikatu horietarik bat ere erabiltzen, ez bada, jakina, parodiatzeko.
Untxitegian tra-lara-lari...
Ama Euskal Herri Ama Euskera Ama Untxia Ama jatekotik eman didazuna Panpina zahar lizuna Aurrerantzean ez dit onik egingo Garai batean irentsitakoak Ez diete lanik emango Okel xehatuek urdail asezinoi Dio eskertxarreko untxikumeak
Gure amaren bizitza tristea Beti jana tartean ibiltzea Berak gogaiturik jana jarri Jarritako jana jan guk Hobe zukeen untxitegian Erditu orduko irentsi bagintu
Geure moderno ustean piztia bitarteko literatura Erdi Aro urrunean kokatuko genukeen arren, XX. mendeko poesia abiatuko zuen liburu hark, Apollinaire-ren Alcools-ek, "Le Bestiaire" izeneko bigarren zati bat zeukan osagarri, "Piztiategia, Orfeoren jarraigoa". Hona hemen Les pouces, neurriaren ardura handirik gabe euskaratua:
Arkakusoak
Arkakusoak, adiskideak, amoranteak ere, Zeinen diren krudelak gaituztenok maite! Gure odol guztia isurtzen dugu haien alde. Maitatuak oro dira dohakabe.
Ikusi duzue Jon Aranok, oilasko gorpuak saltzeaz gainera, untxia hautatu duela alegia kolektibo bat egiteko. Konturatuko zineten noski irakurri dizkizuedan Anselmiren poema zatietan txoriak ageri direla. Modan egon dira abereak gure literaturan bolara batez, beha tituluok: Txipiroiren bat edo beste, Azken undinaren kaira, Narrastien mintzoa, Krokodil bat daukat bihotzaren ordez, Itxastxorien bindikapena, Jonas Poisson, Zoo ilogikoa, Dordokak eta elurrak... edo Hnuy illa nyha majah yahoo, behorrek Gulliverri eman zioten aholkua. Luigi Anselmiren poesiaren bigarren ildo nagusia piztiek markatua da, bere zoo ilogiko, bai, baina sinbolikoak. Otsoek, hegaztiek, narrastiek amets giro bat sortzen dute, eta iduri luke elementu hauek ardoaren logikan eldarnioren batera eraman behar gintuzketela. Ez da horrelakorik. Piztiok, ardoak bezala, errealitatera garamatzate zeharbidez: otsoak egiten dira karrikaren jabe, hegaztiek ihes egiten dute, lipuek setiatzen dute hiria... Esan liteke Anselmiren metaforak gardenak direla beti, baina ez, haatik, unibokoak. Piztiak protagonista diren poemotan alegoriaz barnagoko sentimendu handi bat dago, telurikotasun orokor bat, ipurtargi, tximeleta, har, euli eta armiarmekin, naturaren izaki xeheenekin bat egiten duena liburuz liburu.
Imajina ezazu lur geldia alferrikan eguzkiaren aiduru eta gaua herioaren metafora zurbila arrautza antzuen antzeko planetak hego lei eta beltzen azpian inkubatuz imajina ezazu halaber txanpon honen atzeko aldea eguzkitan haziz doazen basamortuak dunak uhin zuri eta isilak bailiran hondartzak eta labarrak estaliz erreka eta ur-jauzietan gora ibaiak igoz mendi gaineko urbegiak itsuaraziz eta imajina itzazu azkenik ilunabarraren koloredun zerrenda higigabeak eternalak postal merkeen argazkiak bezala eguzki-lore zimelak zuhaitzen itzalpeko belar dohakabeak gauerdiak harrapatutako dortokak eta eguerdiko hontz logaleak imajina ezazu itxaropena
Gure herri ipuinak abereez eta abereen giza-itxuraketez beteak daude: Axelko, Beleko, Otsoko... Bertsolaritza oso menostua geldituko litzateke abereak kenduko bagenizkio: gogora ditzagun Xenpelarren betroia edo Uztargileren Bizkaiko txerriarenak, eta baserriko abereei lotutako hainbat bertso sail; edo idi, zaldi eta asto demei eskainitakoak; Mikel Laboak eta Benito Lertxundik guztion ahotan hurrenez hurren jarritako Xenpelarren Pasaiako zezenarenak eta Orioko balearenak, Izuelako Artzaiaren Txakur txikiarenak, Bilintxen Zaldi baten bizitza, Otañoren txepetxarenak... Ez du aspaldi Sarasua anaiek Fauna txiki bat bertsotan bertso-kantu bilduma argitaratu zutela, bertsolaritzaren bestiarioa maila sinbolikora ekarriz. Poesian ez dago abereen horrenbesteko presentziarik. Gure poesia tradizionalaren piztiategia hegaztiek osatzen dute: Txoritxua norat hua, Xoriñoa kaloian, Iratiko basoilarra, Arranoa bortüetan, Uso zuria... Alegilariek ekarriko zituzten gero piztia berriak, inportazioz. Haien moldean idatzi zuen Orixek Itzai zekena, bere moraleja eta guzti Presentzia urria dute abereek poesia kultuan, baina interesgarria da Emeterio Arrese-ren Kaiuak izeneko poema. Ez da oso ezaguna, gogora ekarriko dugu:
Ego luze lirañez aizea bigunki joaz, goizero jarraitzez orain egun argitzez Zurriolara dijoaz...
...Berebiziko sarda osaturik txuri-txuri jai eder batez udan aparretik sortu dan egazti salla dirudi. Pozak darabitz orren aldartetsu ta zaleki, girringa ta txioka, jolas-irabioka, ondoren berriz... plaxt, jetxi.
Noizik bein alde xamar ugina lertzen dan batez apar arroaz beren lumak busti ez ditezen ¡bai arin goitu, bai errez!
Ur-gañean batzuek ostera gelditu arren, noiznai lengo aldiya: berriro sail guziya zalapart osuan laister...
Goiz argiak damaien aldartez kayuak zorun, zear, gora ta bera, gogo duten aldera, jarraika dabiltz edonun.
Nun sortu ta zer izan autetsi al banezake, oiek bezela kayo Gaztelupean jayo eta biziko nitzake.
Ez diozue halako tankeraren bat hartzen Lizardiren Parisko Txolarrea-rena? 1928koa duzue hau, Lizardirena 1930ekoa. Zaitegik satorra hartu zuen sinbolo, besteak beste. Nire barneko satorrarena poeman, lohikeriaren eredu dugu piztia, eta hil egiten du aitzur ukaldi batez. Ongi gogoan dauzkagu, bere errezitatuei eta Zumetaren irudiei esker, Artzeren apoak eta beleak. Lauaxetak badauka Txakurtxuba izeneko poematxo bat, baina eginen nuke euskal letretan zakurra gogoangarri egin duen poema hauxe dela:
Zakur zahar bat errekan nehork ez jakin nondik jinik, zakur bat zoan errekan uretan gaindi, arin, hilik.
Ur luminos, hotz, gardenek laztantzen zuten berrilkia; sorgin-orratz botz, lerdenek miresten zuten sarraskia.
Goizean goiz urera jin arrantzaleek agurtzen zuten. Noizean noiz, arrantzaleen amu tzarrek ziztatzen zuten.
Naosiak atzo ito zun zabar egin baitzan zahartuz: landaretan etzaten zan landan behiak ezin zainduz.
Norat, erradak, errekan uraren hotzez konkorturik, norat bahoa itsurat, hilaren hotzez gogorturik?
Geldit' ezina -nevermore- behar dukeka joan aitzina? geldit' ezina, gaixo hor Azken Eguneranokoan?
Azken Eguna urrun da; hartara gabe hor lirina hirotan ezeztatu zan... ...Haizeak darama urrina.
Ur luminos, hotz, gardenek ahantzi zuten sarraskia; sorgin-orratz botz, lerdenek etzuten oroit berrilkia. ..
Nik soilik, arima baitan usnatu nizun hil-usaina. Nik soilik nire Ekklesian dut ohoratu hil anaia.
Paganismoaren aldeko gerla deklarazio moduko bat dugu Jon Miranderen poesia, gauak, ilunpeak, itzalek girotzen dituzten eszena erdi-gotikoetan eta baladen doinu gozoan emana, hala nola Otso poeman, edo Antton Valverdek musikaturiko Sanguis Martirum-ean, edo Imanolek kantatu zuen Ilunabarrez hartan, edo Jauregi hotzean honetan:
Jauregi hotzean aitoren-alabak nigar dagi.
Goizetik joana da zalduna gudurat. Noiz datorke?
Mendietan elur, haizeak urduri, zeru goibel...
Egunen luzea bakar-bakarrikan otoitzetan!...
Elurte zurian zeinbat odol-istil, odol urdin...
Nasaiki jan dute ilbeltzeko zakur gosetuek.
Nafar jauregian andere gazte bat beltzez jantzi.
Sistema eta doktrina ororen aurkako gerla dugu Miranderena, handiaren handiz ezinezkoa: legeez aurretiko paradisua du helburu. Nihilismoan tinkaturik (itxaropena "zital-lilia" du), euskal nazionalismo motzari hiper-nazionalismo suhar bat oposatzen dio, jauzi gaitz bat eginik historiaren eta errealitatearen gainetik, bitalismo gerlari teoriko batean.
Aineza gal bizia goiz batez Iskiludun, ixil eta zutik Guduan, lur zahar hunen maitez, Mendietan, etsaien eskutik.
Ainendi hil gaztaroan, nihaur, Ikurrinik et'ikurrik gabe, Ezpainetan otoitzik ez, burhau Itzalik ez, baikor, ez herabe.
Ainitza gal hats, arima, odol, Hiretako, nire jainko-eidol Zaharra, Lur!, mendi-gudu baten,
Iguzkiek, inguruz inguru. Ene soin haur, berriz sor aiduru Hiretan lo, garrez jo lezaten.
Mirandek Gaizkiaren poetika bat garatu zuen, eta kurtsileria moralaren aurka balio artistikoa ematen saiatu zen garaiko zenbait euskal ez-baliori, hala nola putak edo sorginak: oroit, inork maite ez duen zakur hilari altxatzen dio eliza. Hirian bezain bulegoan arrotz, misogino handi, iraultza inposiblez gainditu nahi izan zituen Mirandek frustrazioak, ez lagunik ez maitasunik ageri ez duen erotismoz, sinboloz eta erreferentzia kultuz beteriko poesia landu eta nabarmen falokratan: Oianone, Larunbat-arrats, Pigalle bera, edo Paris-Beuret.
Büroko emakumeak lodiak, orobat meak, danak dirade itsusi. Nornahi joan leike igesi haiengandikan, ahal balu... Nik haiekin egon behar horrek dit egiten dolu horko ordu luzeak zehar nik, eusko aitor-semeak! Oi, debru emakumeak!!
Gaizkia goratzeko ukazioa erabili zuen Mirandek, berdin demokraziari edo ohiko sexuari, eta beste euskaltasun bat bilatu zuen mitologia propioa eraikiz, kritikatzen zuen euskaldun hipokritena bezain historia konbentzionala sortuz. Alabaina, ukazio hark kritikaren zorrotza utzi zigun, euskaldungoan hegemonikoa zen ideologia bortizki zafratuz. Bazeukan Mirandek beste Jon batek adinako talenturik satiragintzan, entzun molde klasikoagatik izan ez balitz Aranok egina zela esanen genukeen hau:
Txoriontasun
Egun batez nuelarik Bihotza txit gaixoa Edanikan gehiegitxo Eusko ardo goxoa, Entzun nuen oihanean Kantuz eusko xoxoa.
Pino baten adar puntan, Pino sendo, jasoa, Jarria zen, ta nik hara Eman nuen pausoa Hurbildikan entzutekotz Kantan eusko xoxoa.
Euskaraz zuen kantatzen Bere txori bertsoa, Goraipatuz Lege Zarrak Ta jainkoa, zintzoa Baitzen pino hartan kantuz Zegon eusko zozoa. ..
Esan nion: "Ulertzen dut Nekez zure mintzoa, Hain delakotz jori, landu, Sakon eta jasoa, Bainan eder duzu botza, Goitar eusko zozoa!
Txoritxoa, gaua da-ta Iluna da basoa, Ez al duzu beldurrikan? Oi! baletor otsoa?" "Jaunaz beste, deusen beldur Ez da eusko zozoa."
Esan nion: «Nor da ote Zure jabe, xoxoa?» Hark: «Euskotar andrauren bat Ez zatar ez atsoa Eder, gazte. Izena du Euskolastikatxoa. (...)
Azken erromantikoa edo lehen modernoa, esan izan zaio Charles Baudelaire-ri. Definizio biak dira segurki zuzenak, tenkadura batetik sortzen da bere poesia: bizi-pozaren eta bizi-nardaren artekotik. Formari dagokionez, klasikotasun berritzailea da berea, molde zaharretan isurtzen ditu gai berriak. Halakoa da Jon Miranderen lan poetikoa ere. Panteismoa laudatzen du satanismoaren lilura ageri duenak, matxinadarako deia egiten du bulegoa utzi gabe, kritikoa da ametsari ematen diola, eta honek lirikan lerratzea dakarkio, berak hala nahi ez badu ere (Mirandek berak apailaturiko antologian ez zuen sartu, esaterako, Behin batez Zuberoan poema bikaina, eta hauxe datake esplikazio bakarra, "leunegia" izatea egilearen aburuz). Kontradikzio horietan badauka Baudelaire-ren antzik, eta hark bezala, ahapaldi neurtuetan eman zituen bere eldarnioak eta bere biraoak. Baina baudelairetasuna zer den nire somazio guztiek baino hobeki argituko digu Mikel Lasaren poema honek:
Baudelaireren gisa
Higuina eta tristura begi bietan gizonek ez diote engainatzen. Barre ta irri zurietan haragiaren grinak ez du berotzen bere ezpainik, ez bihotzik. Desprezio eta higuina dario begi bi beltzetatik.
Maite haut maite, kaleetako zozoak ez beste. Maite haut maite baina gorrotoz eta zoramenez hire gorputza nire arimaren truke.
Mesprezagarriak gatzaizkio, eta huraxe behar dugu. Higuina ematen diogu, eta maitagarri zaigu, haragiz maitagarri. Mikel Lasaren deklarazio honekin iritsi ginen bekatuak lilura sortzen zigula aitortzerainoko heldutasunera; gauza izan ginen, noizbait, gure arima lohian galtzeko, gogoak gorputza deskubritua zigun, maitasunak bakardadea.
Ihauteria da eta ihauteri gauean kale isiletan barna goazela iparraldeko hiri handi honetan galdurik burdelak ikusten laurehun pezetakoak eta hirurehunekoak gure poltsa urriarentzat nahikoa ehunekoak. Denak dira emakumeak eta gorputz usatuen xarma ustela bilatzen dugu.
(...)
Ihauteria da ihauteri gaua ta inork ez daki bakoitzaren bakardadearen berri. Argi bakoitza itzalean hiltzen da agonia isilean nola Kristo profanatu hori biluzik bide bazterrean hain desesperatuki etsia agonian infernuetara jaitsia hirugarren egunik gabeko Kristoa sinesten dut. Eta argiak milaka izanik ez dute argi egiten. Tarteka gaua da jabe.
Hala gu hala gure bakardadean ihauteri gaueko hirurak eta bost inguruan.
Baudelaire-ren aurrekoak izatetik Baudelaire-ren ondokoak eta ondorengoak izatera pasa ginen orduan, hau da, literaturaren historia modernoaren barnean kokatu zen gure poesia, eta konplexurik gabe aldarrikatu zituen gure poetak bere lagun hilezkorrak: Tzara, Aragon, Lautréamont, Kafka... Mikel Lasak ekarri zuen modernotasuna, haatik, ez zen literatura garaikidearen bereganatze hutsez sortua. Ageri zuen hastioa sinbolista eta existentzialista dela esan du Jon Kortazarrek, jarrera izan gabe, inguru itogarri batek eragina zen, Hego Euskal Herriko 1950-60 urteen basatzak, deshistoriaren erreinu luzeak, ghetto hark. Esan ohi dena baino sozialagoa da bere asperdura existentziala. Alderdi hau aski nabaria da Gerrate ondorena poeman (Altsasu idor batean kokatua, Leteren Nafarroa, Arragoa-ren aurrekari), edo TX.E.ri izenekoan ("Che-ri" edo "T-ixa puntua E puntua" irakur liteke, Txabi Etxebarrieta, noski), edo Garik kantatzen duen Eguzki berritan ezagunean, eta guztiz agerian daukagu Bertso Urratuak poeman:
Zeini ez zaio laket esatea: Ni poeta arlote bat naiz poeta baserritarra ta pinpilinpauxaren mila koloreak besterik ez dut ezagutzen ta nire hiztegiko hitz itsusienak «arrosa» eta «krabelina» dira. Baina nik diot:
Zalduntxoen oinordea herriarena ez den artean ez dudala sinetsiko zalduntxoen sasi-ipuinean.
Gure hiztegiko zenbait hitz doaz eta orain ez dira ezer ez bada memoria desmemoriatu baten oroitzapen gazi-geza. Baina euskaltzaleek balekite jakin aberatsegia dela hizkuntzarik txiroena ere sakelan daramagun historia apurtu hau kontatzeko!
Lasaren poesiaren ildoa ez da samurra jarraitzen. Ez du estilo nabarmengarri bat proposatzen, sentsibilitate mailako berritasuna baizik, gauzak adierazteko espiritu malenkoniatsu eta, halaz guztiz, tristuran sobera laketzen ez dena, aldarte batzuek ahuldu egiten badute ere:
"Udazken amaierako eguntto bat zen, flakeziaz betea, xirimiriz hordi-hordi eginiko egun tentel horietakoa..."
Euskal olerkari zaharrek mendira bezala, itsasertzera jotzen du orduan Lasak, noraezeko ibilian gogoetatsu. Paisaia honek funtzio sinboliko apala du, giro egiteko dela ematen du, baina azkenean dekoratiboak ziruditen zuhaitzak, esaterako, ametsaren galbide bihurtzen dira, edo maitasunaren babes, edo akiduraren lekuko. Paisaian gauzatzen da hitza, baina poetaren ingurua ez da inoiz koloreduna, eta euriaren presentzia ugariak koadro inpresionista bat oroitarazten digun arren, esan liteke geometria nagusitzen dela gristasunean, sotiltasunez, elementu gutxi batzuekin moldatzen baitu Mikel Lasak bere hastioa: euria, zuhaitzak, gaua... Ia estereotipoak ematen dute. Alabaina, erretorikarik gabeko poesia dugu hau, elementuen bakana kontrastea lortzeko bidea baita "xarma ustelaren" aldaera guztietan. Mikel Lasaren apunte gisako hauek zatiduren estetika dira, poetak unea harrapatzen du, denboraren eten batzuk azaltzen dizkigu instantaneak balira moduan, kontinuum batean ipini nahi lituzkeen uneak, bizitza honen hutsa adierazi eta, horrenbestez, betetzearren. Hori guztia goza genezake piztia gizakortu ez baina gizakia arrain bilakatzen den Aquarium edo Itsaspeko herria poeman:
Ene begietan euria itsas gainean langarra. Mundutik aparte itsaspeko herri honetan uhinak uhinen ondotik hutsuneak izugarrizko tarteak irekitzen oraina eta geroaren bien bitartean.
Otoi esadazu maitea pausa une honetan non aurkitzen garen. Mundua mundu den edota miliunka esferen artean zeinen baitan gauden gu zu eta biok bakarrik maitea.
Bizitza bi memoria galduen arteko leize bat dela dirudi. Ispilua hamar mila zatitan erdibitu zaigu. Amasabelean lez lurrunez inguraturik bizi gara itsaspeko herrian. Hemen gizakiak arrain bilakatu dira metamorfosis luze baten ondoren eta arrainak aldiz giza begi soil besterik ez dira gure gauaren erdian. Bakarrik diote, masopak mendebalerantz ihesi joan direla, faropeko harrien ondotik iraganaz...
Beste itsaso batera ihes egindako masopa horietan dago, beharbada, gizateriaren etorkizuna: bilakaera berri bat posible dela egiten du amets poetak, egon behar du, han nonbait, urrun, zoriona posible den zokoren bat, non ere hurkoak begi indiferentea ez beste zerbait edukiko duen humanotik... Hogeita hamar poema haiek poesia egiteko baino poesia ulertzeko modu bat zekarten: feismoan laketzen ez den xarma ustelaganako irritsa, humanismoa ukatzen ez duen asperdura, eta hori bere librean oso ongi neurtutako kadentzian, detaileekiko arretak hondatzen ez duen osotasunezko edertasun batean emana, edo kazetako kritikaren estiloa erabiliz, "gustu onez" eta "oreka handiz" aurkeztua. Beharrik, Mikel Lasaren ildoak, zaila izanagatik, eduki ditu lantzaileak belaunaldi gazteagoetan. Hemen kokatu behar genuke Tere Irastortzaren lehen poesia. Hauxe da argitaratu zuen aurreneko poema:
Esadazu zer pentsatzen duzun nitaz Bic merkeaz izkribatutako poema: zer sentitzen duzun ene arnas hotza eta odol beroak ezin itzali ditudanean; zer, pelota eginik ezkerreko zokoko paperontzi funtzional horretara botatzen zaitudanean; zer, garrasika etorri eta ene minak zeure koadratu tristeetan itotzen ditudanean.
Esnai-ametsetan ari nintzen eta erantzunik gabe ikusi naizenean, zu ere, orri merke mesprezatu misterio aurkitu zaitut: maite dudan misterio koadratua, gauza guztien artean maite dudan orri horituan izkribatutako poema.
Poemari egiten dio galde autoreak... bere lan poetikoari buruz! Poesiaren gabezia ere bazeukan poesia egiten zuenak. Kontradikzio hau berria zen, eta nola edo hala Irastortzaren obran eta beste poeta askorenean aldikal ageriko zaigu 1980az geroztik. Bai, poesiari buruzko poesia sortu zen orduan, galdera hark salatzen zuen galdua genuela poesia mailu bat zelako segurtasuna, orria misterio zen. Irastortza bezalako poeta arduratuek ernetasun horretan idatzi dute geroztik, materialen ikerkuntza gai poetikoa bilakatzen dutela, merkatuan baztertua egonagatik poesiak azpiz obratzen baitu, bera da langintza literarioaren bihotza. Handik urte betera:
Poesia, poema xume, poemakume. Akeztuko ez den amodio- kantu xehe, bertso pare bat inork sinatu ez duen orduan, denon hizkuntzan.
Poesia, zamarik gutxien duen eran, indarrik handien duen sentimenduaz.
Poesia zure begirada, gabezia.
Bost urte geroago:
Negarraustu zaitezke hitzetan ez sintaxi eta ez koordinazio duten esaldiez har ditzakezu bertsoak egun eta gauak itsaso lehorrak bezain mugatu eta estu hitzar zaitzake saminak eta iratzarri arte Jainkoaren patuak merkatuan zenbat egiten duen erabakitzen ihardun hitzustu zaitezke hondo-hondotik zelai berdeetako azken loreen hazietatik erreka txokoko harpeko amuarrain arrautzetarik eta hala ere kaina bakartiagorik behar da osin esankorragorik oihu egiteko labemozorroa bizitzaren kolkoan bapatean sartu baitzaizu xaguxarra egunaren begietan itseki isil disimulatuagorik behar da zuri-tanta bailitzan begi hondoa lehortzeko txanpan burbuila gisara irensteko bakartate handiagorik ohearen bilduan negar egiteko sufritzen hasteko.
Duela bi urte:
Esaten ez dena bakarrik baita esan behar zena eta isilik gordea oroimenean betirako ernaltzen dena et' ernaltzen.
Diot guzti hau dio jakinez eta hemen aipatu izan ez dena bakarrik dela iraungo duena izenik gabeko memoria izuak atxekiko duena.
Nola hazian hezurra hitzean dator matxura baina asetzen duen bakarra oroimenaren gatzura.
Barkatuko ahal dit pertsekuzio hau Terek. Poetaren lehen errealitatea hizkuntzarekin egiten duen borroka dela argitu nahi nuen. Testuaren barruan egiten dena da poetika guztien arazo hurbilena. Poetak hitzak dauzka, ez poemak. Ez da ehiztari, artisau baizik, "poema konstruktore", Ibon Sarasola isolatu batek 1969 urrun hartan abisatua eta erakutsia zeukanez. Eta horrela bihurtzen dute poetok idazketa zerbait esentzial, zuztarreko: munduaren ezagutza sakontzeko metodo bat. Irastortzarenean behintzat, idazteak sortzen du poetika, ez teoria baten aplikazioak. Poesiari buruzko gogoeta, bai, baina gogoeta poetikoa. Obra oparoa du Tere Irastortzak, anitza, estilo desberdinetakoa, baina ingurutik baitaratzen ditu beti bulkorik jasoenak. Hitzetarik sortzen baldin badu poema, esperientziatik sortzen du ideia. Hala zen bere lehen liburuan ere, Gabeziak tituluaren pluralean poesiaren zein amodioaren urruna biltzen ziren. Horrela iritsi zaigu bere azken obra, gozatzen eta pairatzen duenetik sortua, perfekzio askoren ondorengo emaitza umotua, amatasuna eta espazioa uztartzen dituen hausnarketa liluragarria
Sortu zu sortzen zara (nire baitan baina). Ez dago sortzailerik (esatea daukate nahi dutena idazle guztiek) ez dago sortzailerik
ezezagunari ixten ez zaion espazioa bakarrik
Eta haurdunaldia artelan eskultoriko baten prozesua (ere) badela ohartzen gara:
Espazioak bete egiten dira: ez dira laburtzen, ez eta luzatzen; ez baitira geometrikoki trasladatzen, ez argazki eta irudietan gordetzen.
Espazioak bete egiten dira gure baitan aurren.
Maiz ez bada ere, gertatzen dira, zorionez, ezusteko ederrak gure egileetan: idazleari etortzen zaizkio noizean noiz esan-behar batzuk, barnean ezin gordeak izanagatik prosaren bidea hartu nahi ez duten piztia zarrapokariak. Orduan idazle helduak ume bihurtzeko ausardia hartzen du zenbaitetan, poesiaren bide galgarri eta askatzailean barna abiatzen da berriro, idazten ikasten hasten da. Horixe da Joan Mari Irigoienen kasua eta meritu handia. Esan genezake ia bizitza erdia eta jarduera literario aberats bat daudela poeta honen bi garai nagusien artean, baina hala ere gaztetako obsesio nagusi berdinek jarraitzen dute azpilanean baliabidez eta bizipenez hornitutako idazlerenean: haurtzaro galdua eta heriotzaren halabeharra. Aspaldiko bi gaiok, ordea, aldaera ugari eta sakonak ageri dituzte orain, hala nola denboraren joana, paradisuaren mina, espazioaren bilaketa, ahanztura... eta abstrakzio maila jasoagoan landuak ematen dizkigu.
Dena idatzia zegoen.
Dena idatzia zegoen, bai, jaio jaioak ginelako eta hil ere hil egin beharko genuelako noizbait, orduan ez bagenekien ere.
Eta ezjakintasunak eskaintzen zigun pozarekin, tximeletak eta amona mantalgorriak harrapatzera abiatzen ginen, herriko zelai-soroetarantz jauzika.
Egunsentia baino gorriagoak ziren amona mantalgorri haiek, baina puntu batzu zituzten han-hemenka beren mantaletan euri-tanta beltzak iduri, gauak ere ereinda baitzituen orduko bere begininiak eguzki gorriaren lurretan.
Eta eskuetan hartu eta atzetan gora igotzen uzten genien, han goitik ihesi joaten zitzaizkigun arte.
Eta hegan eramaten zituen amona mantalgorriak gure gaua eta gure eguna, gure bizitza eta gure heriotza, orduan ez bagenekien ere.
Poemak "Patuaren intsektuak" du izena, zein bestela. Literatura bakoitzak dauzka bere aro propioak, eta halako parnasianismo luze samar bat bizi dugu gure poesian aspaldion: munduari uzkur hainbeste urte egon ondoren, inon izan diren korronte interesgarrienen lorpenak ekarri nahi ditugu geurera, ez bakarrik Greziakoak, eta molde berriak saiatuaren saiatuz tradizio kultu bat ari dira eraikitzen euskal poetak, gure Antzinatasuna zor izanen diegu zenbait urteren buruan. Horietarik dugu Joan Mari Irigoien ere. Irudi eta motibo anitzetan orientalismoa esan genezakeenaren arrasto ederra eskaini zigun bere bigarren poema liburuan, eta hirugarrenean berriz poemaren formak berak ere tradizio txinatar eta japoniarra ekartzen digu, poemaren laburrak arnastu bezala egiten gaituela, gogoetari espazioa eskainiz. Horretaz gainera, forma estrofiko berri bat proposatu du, lira, perpausaren kadentzia bortxatu gabe garatzen dena bere eskuan, eder, dotore, maitasun poemetan.
Erori da errezela: ederra da gero gorputz biluzia! Erramu eta kanela, zugana da den guztia, ene gaua eta ene gau-zuzia.
Usain gozoa darizu: gogoko dut zure adatseko oihana. Ez naiz beldur ez naiz izu, zure soinak bainarama. Gorako bidean, galduz noa zama.
Joan Mari Irigoien ez da bakarra joera ekialdezale honetan, baina, besteak beste, ezin egokiago erabiltzen du gure poetak molde hau bere hausnarketak islatzeko, azala eta mamia bat eginik pentsamendua kontzentratuz...
Lehen musua
Ezpainen hezean iturbururantz piztu zen erreka, tximeleta gorri, krabelin-gar.
Ze gailurretara jaio zen instant hura?
Ze beste loretara?
Hona beste adibide eder bat:
Bideak eta kontrabideak
Ekialdera joan nahi nuke antzinako bidetik baina eguzkiak mendebaldera narama.
Zainetan barna bihotz ahituaren kirrinkak entzun ditzaket.
Neguko haizeak hezurraren hutsak eta hautsak harrotuko ditu, urrezko dortokak dautzan hilerrian.
Gure poesia kultua herabe izan da umorea erabiltzera, hain segur errazkerietarik eta, oro har, olerkaritza folklorizatutik urrundu beharrez. Iduri luke jasoagorako asmo horretan beldur hartu ziola irriari, poetek umorea anitza dela ez balekite moduan, edo "gauza serioak" beti zurrun adierazi behar balituzte bezala. Menturaz gure lehen poeta modernoek bazuten halako oka bat poesian baino prosan aspertzeraino landutako Mariz, Peruz eta gehienbat oker ulertzeetan oinarrituriko algarez, Lizardiren txinparta batzuk ditugu salbuespen ia bakarra. Barne-arrazoi hau gutxietsi gabe, egia da euskaldungoak ez zituela oso urte gozoak bizi izan XX. mendean, eta horrek ere edukiko du zerikusia gure poesiaren seriostasunean. Gero Arestik ekarriko zuen aire sozial berria mintasun dramatikoz heldu zen, tonu epikoa behar zen herriaren kontzientzia inarrosteko, beste ildo nagusia, poesia existentziala, bortxaz ageri zela itun. Horrek guztiak eta berez dauzkan balioek egiten dute Rafa Egigurenen poesia lana, laburra izanagatik, garrantzitsu.
plantak
zure begietan pausatu ta pasatzen utzi nauzu.
errekonozimendu lasai bat harrapatu dizut zure begien atzetik.
ea zortea duzun eta nitaz enamoratzen zaren.
"Eguneroko bizitza eguneroko hitzetan", esanen genuke ematen digula Egigurenek, baina gauza arruntek daukaten ahalmen poetikoa baliatzen duela. Abanguarda literario guztiek eduki ohi duten kulturaren ulertze festazalearen partaide, mundua jostailuz betea dagoela ohartarazten digu: tren elektrikoak, boeingak, poxpoloak, Pantera Arrosa, zapatak, karrikak, San Juan sua... eta traste hauen bitartez aurreko belaunaldikoen elokuentziaren poesiatik detailearen poesiara egiten dugu jauzi, poetak, oso jario kontrolatuan, hurbil konkretua paratzen baitigu ikusgarri, kapritxoak diruditen erreferentzia pertsonalak, poemaren bitartez orokor bilakaturiko txokoak, gizakiak, bizipenak.
astronautarena
Izarren arteko sabel epel hartan, bai goxo!
Arnas hedatu batean hire bihotzak emaro txalaparta joka.
Irentsitako txanpan tragoak su-artifizialak piztuko, ziplo! barru-inguruetan.
Ur urdinetan igeri mini-aingeru motel bat baizik ez nintzen denboretan, ... nork pentsa o, mundu! ama antiujudun bat emateko adina bazinenik!
Munduaren ganbarako anabasak irudi-sortzaile egin du lehen-lehenik Egiguren, eta halako senak ezinbestean egiten dio aurre esloganari, deklamazioari. Umore hau, ironikoa izanik ere, ez da hitzen zehar-zentzuez edo azpi-esanguraz baliatzen, ez da lexikoaren erabileran oinarritzen, ikuspuntua, kontrastea eta irudia darabiltza Egigurenek. Bere poesia figuratiboa dela esan genezake, begian jotzen duena. Adierazkortasun handiko metafora plastikoak sortuz, irudiaren eskutik garamatza poetak mezura, eta errealitatea interpretatzeko modu berri bat proposatzen digu ustekabean.
Rioko Azukre-Ogitatik etorritako Bihotz Sakratu hegalaria,
Igeldoko kartoizko gaztelua,
Hotel Londreseko tontorrean ereindako tipula ortodoxoa,
ta Kursaaleko zubian zelatan dauden getari borobil prefabrikableak zaintzeko,
esploradore kapela daramate Donostiako munizipalek.
Hiroxima ta Nagasakitik ekarritako tamaritzek berriz, bizar berde batzuk erakusten dituzte noizean behin besapetik,
ta Bulebarreko kiosko aurrean, artzainik gabeko inudeen artean, alkate potoloa aurrezkoa dantza ezinik.
Ikusi batean tribialak diruditen gaiak ikuspegi xalo ustekoan erabiltzen dituela, beti dauka fantasiak eta irudimenak agerian uzten duten azpilduraren bat gordea, gure segurtasuna kolokan jartzeko. Egizue kontu irakurri dizuedan poemak C.A.T. duela izenburua, Centro de Atracción y Turismo, alegia. Erne hurrengo poema honi, xaloa dirudi. Dena dirudi xalo Egigurenean. Hala dirudi, bai.
arrastaka
Katu bat bezala obligatua banago autodefentsan.
Zakur bat bezala galdu behar banaiz kaleetan zehar.
Bigarren kategoriako ardi errebelatu bat izan behar badut.
Giza-sare monolitiko hauetan harrapaturik banago, betikoz
nahiago dut lo nahiago dut lo nahiago dut lo
... amets bat bizitzeko adina banintz.
Xoriño hezurttoen higidurak, urrinegi pasatzen diren basa-ahateek eta aberria galdutako Minotauroak markatzen dituzte, edo, politikoek berriki modan jarri duten aditz puska erabiltzekotan, "ezaugarritzen dituzte", banan bana, Joseba Sarrionandiaren orain arteko ibilbide poetikoaren hiru etapa nagusiak: literaturaren deskubrimendu goiztuak eragindako intertestualitateak markatzen duen kultismoa (Izuen gordelekuetan barrena), egoera pertsonal gogorrak eragindako itxituraren eta urruntasunaren aurkako minduraren lirika (Gartzelako poemak), eta mundutar anonimo bilakatuak sorturiko hemen nahi eta han beharraren, halakotasunaren eta bestelakotasunaren arteko aro dialektikoa (Marinel Zaharrak bildumako lehen zatian hasi eta egundainokoa). Taxuz asimilaturiko tradizio poetiko desberdinen oihartzunaz gainera, hiruretan aurkituko ditugu metaforen ederra, kontrasteen jokoa, mezukeriaren hastioa, pentsamenduaren sakona eta esanguraren anitza eragozten ez duen biribiltasun formala. Lanketa handi honek, ordea, ez darama estetizismora: Sarrionandiaren obra osoari darion malenkonia ez da malurazko dorre pertsonala, sentsibilitate kolektibo bat ordezkatzen du bere oinazean, eta uko egiten dio biktimismoari.
Lau, bost, sei harresi gure inguruan Bihotz bata bestearen barruan bezala. Euriak zorionari eragindako kantua Laku zaharren batean ito zen, Haizeak ez dakar ezer. Begiratu, Hegaztien itzal hatzeman ezinak lurrean. Zer egin dezakegu? Paseatu egin gaitezke, Urrats bakoitzean errauts apur bat utziaz; Mundua ere geure antzera biratzen da Bere buruaren giltza aurkitu ezinik.
Tristetasunaren ganduaren ostean itsasoa ageri da beti, berriaren eta iraunkorraren eredu, bidaia, abentura, borroka eta askatasunaren leku mitikoa. Itsasoa, izan ere, imaginarioaren bideratzailea da, mugagabearen eremua, eta ezezagunaren topalekua goiz edo berant. Bizi nahi bortitzean bizi da poeta, baina distantziak nostalgia sortzen dio, atzean utzitako portuena eta galduz doazen lagunena. Denboraren errepikagaitzak dakarkio malenkonia hori.
Gure oroitzapenak Itsas galeretako oholak bezala Ez dira itsas hondoan ezabatzen Ez dute inongo porturik helburu, Gure oroitzapenak, Itsas galeretako oholak bezala, Ur gainean linburtuz doaz Uhainek eraginak Desegin ezin eta xederik gabe.
Nekez topatuko dugu gure literaturan egilearen bizitza pertsonalari horren lotua dagokeen poesiarik. Bata ezin liteke bestea gabe konpreni, poesiaren bidaiaria dugu Sarrionandia, eta poesia da bere erresistentzia antolatzeko lekua, esan liteke herensugearen aurkako egitaterik egokiena burutzen duela poemen bitartez, poemek bakarrik eskaintzen diotela libre izateko modu bat, Untzigintza poeman ederki adierazia:
Txalupa bat egiteko, lehendabizi zura aukeratu behar da oihanean: gogorra, lehuna, usaintsua. Artea edo haritza onak dira. Untziolan kila jarri eta kilaren saihetsean zuakerrak, eta kilagaina, eta mastak, eta tostak, eta brusola, eta karela, eta abor estiborreko toletak, eta lema on bat.
Gero itsasoa asmatu beharko duzu, haize olatuekin. Orain askatu lokarriak, ebaki sokak, laga untzia eskumenetik lekora. Begiratu zelan hurrintzen den bazterretik atako bandaruntz, zelan hasi den oraindik harrapa dezakezunean bere distantzia propioak nehurtzen. Zelan doan uharrien artetik uhainekin buruka gurma-egunsenti arraroan.
Begira zelan galtzen den bezperako ametsa bezala. Baina untzia bakarrik jitoan uztea baino hobe norbera untziratuez gero, lehorrean zutik zabiltzanori oinik ez duen egur puska horren gainera. Mantsoa, errugabea, menekoa ematen duen itsasoa boteretsua eta zitala ere izanen da, norbera den guzia norberak egindako zoruan jarriez gero...
Eta ez balitz egurrik, ez astilerorik, ez kila trinkorik haurrek bezala tolesturiko paperezko untzian ere abia zaitezke. (Bitakora moduan izkiriatzen ari zaren orri horretan bertan).
Asko dira, eta garrantzitsuak, Sarrionandiaren lanak gure literaturaren garapenari ekarri dizkion onurak: joera kultistaren abiatzaile, Mikel Ibarguren eta Xabier Izaga bezalako poeta bikainak bideratu dituen gartzelako poesiaren sortzaile, erbestea eta inoneza ezaugarri pertsonal bihurtzen dituen nortasunaren urratzaile... Alabaina, meritu horien guztien gainetik dago balio moral, etiko, eta azken finean iraultzaileen aldarria. Formazio sakon eta ezagutza multiple batean oinarrituta, poetak «erratutako bidea» hartu duenaren fiertasuna ageri du, estetika ez-salgarri batean hartzen duelako bere gain konpromiso historikoa.
Arrazarik eta izenik gabeko zakurra, mihia marinel itoaren galtzetina bailitzen erakusten duzun zakur gaisoa, hor zaude, ni bezala, kalea gurutzatu orduko zalantzan, inguratzen gaituen guziari harriturik begira. Ez dituzu ene eritziak, ene kontraesanak, ene proiekto ustez argiak ezagutzen, halaere nik ez dut zurea baino loria handiagorik espero. Etxe bazterrera lotzen ginduen katea apurtuta aldegin genuen eta ez dugu irrikatzen ez etxe zakur otzanen atseden goxoa, ez lehiaketa zakur galanten gatibu handiustea. Nahiko berdinak gara: jaberik gabekoak, joanala etorritakoak, arrotz arrotzak munduan. Baina ez dizkiegu hezurrak entregatuko albotik urrumaka pasatzen diren autoei. Gose zaharrarekin itzuliko gara ohizko atarietara eta bihar agian berriro elkar ikusiko dugu edonon. Beraz hurrengora arte, autobus jendez bete horretara sartuko naiz zu kale ilunean galtzen zaren artean. Ondo ibili, broder.
Miranderen zakurra behizaina izana da; Sarrionandiarenak etxera lotzen zuen katea apurtu zuen, eta harena urak daramalako baldin bada geldiezina, honena jaberik ez daukalako dabil alderrai kaleetan barna, beti zalantzan. Miranderen zakurra aldarean ohoratzekoa da, baina zer kausatako martiria den argitu gabe uzten digu, eta hala izan behar du gainera, poetak biktimismoan egiten baitu bat bere poemako protagonistarekin; Sarrionandiak konplizitatean egiten du zakurra adiskide, eta biek ere ez dute loria handirik espero, badute nahikoa lan bizitzen, hilondokoaz arduratzeko. "Anaia" esaten dio Mirandek bereari, Sarrionandik "broder", ulertu behar baita anaia baino anaiago, kolega, gaizkide. Zaharrez hila da hura (zaharra zelako dute ito), eta honek ez die utziko hezur pusketa ondotik pasatzen diren mamuei, hori da bere bizitza: ogiaren borroka, eremuaren finkatzea, nortasunaren gordetzea... Alderaketa honek ongi islatzen ditu, ene ustez, bien mundu poetikoak eta honetarako zen bien erkatzea, arestian aipatzen nituen Joseba Sarrionandiaren balore iraultzaileak. Lizardik zuhaitz eroriaren lantua egin zigun, Arestik enborra zerratzen zuten langileen amorrua kantatu zuen; Mirandek zakur hilaren eresia egin zuen, Sarrionandia zakur biziari mintzo zaigu. Biziari, jabegabeari, arriskuan eta ez ahantz, otoi, zalantzan!, baina berea defendatzeko prest dagoenari kantatze horrek eman dio Joseba Sarrionandiari daukan unibertsaltasuna. Zakurrak, idiak, zirauna, hegaztiak... abereek bakardadearen muga izan litezke, gizakiak deserrian dituen mundu bat. Bakardadearen poeta dugu, bereziki, Karlos Linazasoro. Egia da bere lehen liburuan maiz mintzo zaigula pluralean, baina gu horrek mozorro funtzioa dauka, nitasuna sobera ozen azaltzeko herabe, ez bada haurtzaroa osoro ezin gainditu batek elkarrengana bildutako minduen multzoarena. Nekazari giroko eta gaztetxoen jolasetako irudiak eta konparantzak ikusiko ditugu ia beti, ez ordea natura kantatzeko, gizarte mota bat deskribatzeko edo iraganaren gorazarrerako, funtzio mitiko baterako baizik: paisaiaren momentu jakinak dira poemak, egoera animikoak islatzeko baliabideak. Ingurua gauzez eta animaliez betea ageri zaigu, ez pertsonez, eta inor azaltzen denean, bere presentzia ez da ondoko bakardadea areagotzeko besterik.
Gaur bakardadeak temaz zurratzen du gure bihotzetako aldaba ttikia, eta mila zatitan hautsia dirudi denborak.
Udazkenaren behatokitik izar itsuak begiztatzen dira espartzuzko tristuraren erdian nabigatuz.
Nabariagoa egiten da orain bailaran jainko ttikien ausentzia zeren itzaliak baitaude intxaurrondoetako olio-lanparak.
Badoaz urrunerantz idizainen urrats nekatuak azken bideska larrietatik gora, burumakur.
Zakurrek gurdi-gainetan belarriak tente dauzkate ziraun traidorea azalduko balitz ere.
Edo ihintzaren manta hezea, zeinak oinazez blaitzen dituen basoilarraren kantu abandonatuak.
Oroimenak eta irudimenak batera egiten dute lan, deskripzioak barneko egoeraren adierazle dira, tristuraren proiekzioa. Leku edo une mitikoak dira, beraz, bailara elurtua eta hiriko karrika abandonatua. Ez dago batetik besterako gatazka geografikorik, biak ditugu espazio bakartuak, maitasunaren ausentziak berdintsu triste bilakatuak, maitasunik ezak dena bihurtzen baitu huts eta ezinbiziko.
Arratseko laurak eta hamar dira eta ez da musurik ikusten kalean. Eskaleak estrazazko paperean biltzen du bere bihotz gosebera.
Boz ttiki hori entzuten da soilik abenida eta kale hustuetan, guri hain ezaguna egiten zaigun berbera; akaso gure barrendik irteten delako, lotsagabeki, arratseko laurak eta hamar direnean.
Gizartean arrotz, umezurtz sentimendu handi baten zama dakar Linazasororen lehen poesiak.
Eta zigarro ketsuen artetik esan ziguten ez gelditzeko hiri hartan, joateko beraiekin, han ez zegoela masusta gorririk, ez amodiozko errezetarik, apopilo-etxeetan herioa zintzilikatzen zutela patronek kuadro gisa.
Baina apeaderoko argiek itsutu egin ziguten ikusmena, eta soilik ikusi ahal izan genuen kalegarbitzailearen alabastro irria, kioskoetako pornografia deslaia, burdinbideko brontze kolorea.
Hori besterik ez. Eta hiriaren zaindegian gure gorputzak gorde eta poema bat irakurri genuen bizitzaren itxarongelan.
Zernahi gisaz, kanpoko mundu hori itzulian datorkio ostera poetari. Bere jarrera kontenplatiboak kutsagarri bihurtu du poeta oharkabean, besteak beste Linazasorok ikusteko, detaile piktorikorako daukan ahalmen bereziak halako traizio positibo bat egiten diolako. Inguru desjendetu baina malenkoniatsuki eder horrek beteko du, nolabait, bere bakardadea, metaforaz pilatzen den deskripzio pausaturako eta gogoetarako bikain erabiltzen dakien lerro luzeko bikotan, karrankarik gabeko idazkeran, soseguz, hasierako diskurtsoaren fatalismoari dagokion bezala. Noizbait, tentuz bada ere, fidakaitz, zuaren bila abiatuko da poeta hurrengo liburuetan, bakarralditik maitasunera eginen du, eta honen maluretara. Munduarekin harremanetan hasteko uzkur zenak, kontenplazioa utzi eta etorkizunerako urratsa emanen du, ezein karabanaren aiduru egon gabe. Harremana problematikoa izanen da, baina egon badago, bere baitako jardunetik dialektikara datorkigu. Inkomunikazioa haustearen prozesua da Karlos Linazasororen poesia, eta horregatik da, bilduenean ere, ezin humanoagoa.
Alferrik litzateke orain zerbait esatea iritsi baitziren gugana beste iratxo batzuk beste itzal eta leinuru eta aje fidelak nostalgia lizuneko antxeta urdinak eta zaratak hausten ditu dagoenik ardo triste eta argi doizko gauetan idatzitako murru leiendaz beteak
Hutsala litzateke erbeste, errezo, mehatxuak esatea oro denean orain gandu zauritu eta Ilargi zahar: zure ahoan isiltasuna da purutasun bakarra.
Lehen, euskara eskolatik kanpo zegoen garaietan, poesia zerabilten gure idazleek haurrak euskaragana zaletzeko, asmo horrekin idatzi zituen Oxobik bere fabula asko, eta ez da kasualitatea Pascual Iturriaga maisu eta pedagogoak ere alegiak moldatu izana, biek ala biek piztiak harturik protagonista, erran gabe doa. Orain berriz bazter samarrean gelditu dira saio historiko haiek, orain baditugu ipuinlariak, baditugu nobelagileak, baditugu kontalariak, baditugu marrazkilariak... eta horien guztien produkzioa bideratzen duen industria bat ere badaukagu. Baina harrigarria dirudien arren, literaturaren eta hezkuntzaren alor garrantzitsu honetan modu jarraituan jardun duen poeta bakarra daukagu: Juan Kruz Igerabide. Egia da bere obra poetikoa zabalagoa dela, baina hasi berrian helduentzako eginiko poemetan ageri zituen ezaugarri estilistikoak geroztikako haur-lanetan garatu ditu nabarmen, horrexek egin du berezi eta nortasuneko.
Uso xuriek Hegalpetan lanbro epela Uxo isuriek Lanbropetan langa opila lxo usuriek Koloreen jabetza emea Musu usu sutsua Ene kolore kloka umea Urzo ur zu
Zilarra bidalia izan da Zilarra Zilar zuria Zirrara
Hiru loretan lore Tximistaren gerriko Hiru krixketa krabelin Ilargi gizenaren alaba Hiru xurrumurru masusta Haizearen zirriztu negarra
Gaztetxoak helduon literaturaren hainbat lanez jabetu diren moduan goza genezake helduok idazle honek gaztetxoentzako berariaz egiten duen poesiarekin, hain baita estetikoki landua eta gogoetaren ñabardurei emana. Entzun Gerezi zauritua izeneko haiku biribila:
Txolarrea mokoka gerezian: Mina daukat eztarrian.
edo Haserre izenekoa:
Lokatzetan eseri eta sagarra txirtxilatu paretaren kontra: Orain, lurrikara izango da.
edo izenik gabeko hau:
Noiz egingo ote du elurra, berriro nire herria ikusteko
Ez al dira zoragarriak? Literatur kanonean onartu ez den poesia dugu hau. Helduok Mafalda eta Axterix geureganatu ditugu, baina beldur diogu itxuraz haur eta gazte literaturari, nahiago dugu "inozokerien zokoan" utzi, hala komeni zaigu sinestea ere, nik dakidala behintzat, helduon literaturak ekarri ez duen askatasun mentala ari baita ekartzen, asmatuz, aldatuz, zentzugabetuz... hitz batean esateko, erronka botatzen digu. Eta guk, zuhurki, paso egiten diogu.
Lapurdin
Lapurdin ba omen zen Axular bat; lepoan eramaten zuen fular bat. Behin, igo zen globoan eta Ameriketaraino joan. Fularmonika joz irabazi zuen dolar bat.
Eta, jakina, heroi berriak dakartza gure piztiategiara:
Mutrikuko trikua
Bazen Mutrikun triku bat eta hondartzan izan zuen istripu bat. Sartu zitzaion arantza sudur zuloan gorantza. Haren mediku izan zen bisigu bat.
Juan Kruz Igerabidek ezin hobeki frogatu digu gaztetxoen psikologiak eta formazio mailak eskatzen dituzten parametroetan idazteak ez dakarrela kalterik kalitatean, baldin eta irizpide estetikoak hartzen badira gidari. Poesia honek eskatzen dituen maisutasun formal handiaren eta espiritu ernearen jabe da gure poeta. Seriosaren eta infantilaren arteko lotura zaila egiten du, txinparta ikusgarritan, barrearen aldaera guztiak erakusten dizkigula. Didaktismotik zuhurki urrundua eta hala ere munduaren ikuspegi etikoa txertatuz, inozokeriari aurre egiten dio poetak bizitzaren mikatzak ezkutatu gabe. Plazer eta hausnarketa bihurtzen du hitzen jolasa Juan Kruz Igerabidek.
Oinetan lokarri (Eta bihotzean korapilo)
Oinetakoak lotu eta askatu aritu da haur bakartia arratsalde osoan, isilik.
Zaintzen duen neskak irribarre egin dio, harriturik.
Atea jo dute; nor ote? Haurrak bere lanari utzi dio.
Atean amaren aurpegia agertu da.
Haurrak lanari ekin dio berriro; Oraingoan, bihotzeko korapiloa askatu du.
Bere aurreneko liburuan, Sakanako errealitate gordinean kokatua baina ahots propio indartsuz azaldu zen Juanjo Olasagarre. Zanpaketarik gabe eta euskaltasun aurrerazale batean bizi nahi eta ezinaren eredu bihurtzen da liburu hartan (Gau-pasak), eskualdea. Errealitate itogarriaren kronikaren eta sentimendu pertsonalen arteko nahaste bat eskaintzen du poetak: introspekzioa egiten saiatzen da, jakinik, alabaina, idazlea bera ere lurralde okupatua dela. Olasagarrek heldutasun handia erakutsi zuen kadentzia luzeko poemetan, inguruari erne ageri zen, niaren eta guaren arteko dialektikan, esana hitzik birjinenez zorrozten zuela ("lime", "apeu", "ozkotz" bezalako berba ozen eta zehatzak ekarriz gure ondare poetikora), konformismora lerratzen ez den ezkortasun kritiko batean.
Euri eza eta bizi-arazoak direla medio sentimendu demografiak urrikuntza ikaragarria hartu du atxiloketa ugariak gauez gau nekez heltzen dira egun lanbrotsutako zirraren espetxe guttunak noizbehinka lerro hits batzuk uhuri gargail gisa isiltasuna gero errefuxiapenak urrutiko herrietara perzepzio bestelakoen erresuma ilaun estradizio uholdeak heriotz zigor akitzen dira gure burua maite duguneko jats beltza esaterako hilobi amankomunean datza hira lits urgunekin batera desioa gau-haginetan itzultzen da doi ihes egiteko berehala atzipe ez dezaten proteina dugun hogena zokorik ilunenetan gorde behar izan da azken heroi bezala ekintza suizidetara behartua dago euri eza eta bizi-arazoak direla medio sentimendu demografiak urrikuntza ikaragarria hartu du lurralde okupatuan bizi lurralde okupatua izan.
Juanjo Olasagarreren poesiaren bigarren zikloa bi liburutan banaturiko antzezpen handi batek osatzen du. Hartan, poetaren sentsibilitate anitza hainbat pertsonaiatan gauzatu da, eta haien arteko harremanak dira poesia sortzen dutenak, igurtziz bezala istripuz. Jubilatuak, dibortziatuak, langabetuak, maitale zapuztuak, lagun presoak, hiesdunak... nor bere arazoekin, nor bere psikologiarekin azaldu dizkigu Olasagarrek. Idazketa narratibo batean, apainduraz urri eta argitasunez aberats, poetaren ezkortasunak arrazoi objektiboak aurkitu ditu besteen oinazean.
Izan gaitezen lagunak esan eta alde egin zenuen. Eta hantxe gelditu nintzen zornea zeridala eta zeridala nola urruntzen zinen begira. Ezin zitekeen, ezin zitekeen, errealitatea ukatzea da defentsa mekanismo abila, baina gutxirako balio du. Zornea zeridala eta zeridala nola urruntzen zinen begira.
Gero telefonoa nuen aire, hari batean bizi nintzen haritik, hari bizitza esatea baldin badago. Erregua zeridala ahotik hala ibiltzen nintzaizun deika, itzul gaitezen, itzul gaitezen, baina zuk argi zenuen zortea: zuretako ezetz, ezetz zen, niretako sufrikarioa, ordea. Erregua zeridala ahotik hala ibiltzen nintzaizun deika
Hurren hil beharra zintudan, zure heriotza zen nire bizitza. Eta hantxe ibili nintzaizun, labanazoka petxuan (zentzu figuratuan jakina). To kabroia, to kabroia, barreiatu nizun burmuina. Zu hila zinen ni bizia. Nola izanen gara adiskideak? (zentzu figuratuan jakina). Nik adiskidetarako nahiago ditut biziak.
Teknika honekin itzulbide, gurutzaketa eta elkartze ugariko obra sortu du Olasagarrek, eskualde habitatu eta bizi bat eskaintzen digula, alegia, gizategi unibertsal bat: Joxerra Agirre, Ana Yoldi, Andres Basterra, Anjelines Berasategi, Mikel Urruti, Josema Irutagoien, Endika Lakart... Gure poesian parekorik ez duen tragikomedia honek anti-Euskadi bat paratzen digu begi-bistan, bateko eta besteko erretorika ofizialek ezkutatzen duten euskal herri erreala. Eta honela ikusten du errealitate hori, hots, honela ikusten gaitu Caponek, Nemesio Lakarten zakurrak:
Capone txakurrak zaunka esana, Lihn poeta txiletarraren poema bat entzun ondoren
Bi lurralde sortu dituzte: Da lurraldea eta Balitz lurraldea. Gaztaroan lurralde bakarra egin nahi dute bi lurraldeez, Historia bakarra idatzi nahi dute ñabardura epikoz. Balitz lurraldeko iraultza programatiko guztiak esportatuko dituzte Dara, bandera berriak sortu, errebelioa ezarriko dute lege. Bolada batez bietako hiritar uste dituzte beren buruak. Eta badirudi bi pasaportez ibiltze hura behin-behinekoa zaiela, noizbait ere iritsiko dela Batze-Agiri eguna. Baina ez da iristen, eta urteek aurrera ahala zaildu egiten dira harreman diplomatikoak. Hor hasiko dira mugei buruzko gorabeherak, Historiaren bertsioari buruzko ika-mikak, eta benetakotasunari buruzko guda lehertuko da.
Da-n direla Balitz-ko bizi puskak ageri zaizkie, Balitz lurraldean daudela Da-n lurperatu zituzten hilotzak. Sentimendu estraperloan dabiltza gauez. Arrazoigintzan egunez. Oraindik ere bietako hiritar uste dituzte beren buruak eta saiatu egiten dira bitartekaritzan.
Baina zergatik zaie horren zaila bakea sinatzea? Zergatik dute izan-afan suntsitzaile hori? Inongabeko errefuxiatu, noiztik dira?
Gure bizitza osoa dago lotua animaliei, edo animalien irudiari: Lagarto eta Chimbo xaboia zegoen kanila ondoko arraskan gure etxe proletarioan, komunean berriz El Elefante izeneko papera zegoen zintzilik kordelean pasata, nik behintzat gehien maite nuen krakada ogitartean La Vache qui Rit neukana zen, dastatu nuen lehen garagardoa El León izan zen, ingelesa murduskatzen jarri ninduten rock taldeen izenak The Animals, The Beatles, The Bee Gees, Iron Butterfly, The Monkees, The Pinck Floyd, Skorpion... denak abere izenekoak izan ziren, El Conejo eta Caballo Blanco lisibekin egiten dugu gobara, gure telebista zoragarriaren ikurra txori bat da, txantxangorria omen, eta bertako haur programa batek Betizu du izena, eta bilbotarren ikurra lehoia baldin bada, babazorroena futbolaz ari naiz azeri bat da gaur egun, eta ez baba-bete-zorroa (diglosiaren abantailak, zer duda egin!), eta esanen nuke, Olasagarrek horretarako baimena ematen badit, Osasunakoak ez direla laster mundu osoak, antza, dekretuz gorrotatu beharko dituen "gorriak" edo "gorritxoak", koloreagatik alegia, baizik eta ume guztiok maite ditugun mantangorriak, hitz eginen diot honetaz Asisko Urmenetari, alegia, Kukuxumuxu izeneko piztiari, Landabeneko Seat lantegia Wolkswagen etxearena da-eta, honen ikurra, izan ere, mantangorria baita, balegoke hor aukeraren bat... Piztiek bizitzaren eta artearen alor guztiak hartu izan dituzte. Zer da Guggenheim ospetsua, aurreko txakurtxoa gabe? Metal puska bat besterik ez. Puppy terrier-ek zaintzen duela, ondare bat bihurtzen zaigu. Piztiak artearen sorreran bertan egon direla esan liteke: behortegi ederrenetariko bat omen daukagu euskaldunok Zestua edo Deba den inoiz argituko ez dugun zoko horretan, eta apika hartan oinarritu da Koldobika Jauregi bere behor putinkariak egiteko. Ekain berria egiten ari dira orain, material ez-hondagarriko leize biki bat. Ez dakit Guggenheim-ek adina turista bilduko dituen, beharbada barne-turismoa eta eskola-turismoa ukanen du helburu. Hitzalditxo honetan aski frogatua gelditu denez ordea hala espero dut, gure Ekain zahar eta berria poesian daukagu: untxiak, dortokak, hontzak, kaioak, zakurrak, sorgin-orratzak, xoxoak, masopak, tximeletak, amona mantangorriak, katuak, ardiak, ziraunak, basoilarrak, antxeta urdinak, uso xuriak, txolarreak, Motrikuko trikua... Harrigarria da, piztien bitartez jarduten ahal dugu gutaz eta gure historiez. Poesiaren bitartez alegia. Eta poesian barrena gabiltzala, turista hasi eta bertako amaitzen dugu beti. Halako piztiak dira poetak berak ere: harrapariak.
© Koldo Izagirre |