Uraren bideak
XX. Mendeko Poesia Kaieren hirugarren argitaldia aurkezteko
"Euria ari zuen nire klitori gainean" dio Miren Agur Meabek Azalaren kodea-n, iaz Susak argitaratu zion azken poema liburuan. Esaldi horretan, jakina, gizonezkook eta bereziki arrak garen gizonezkook zer esanik ezkeinu ironiko bat ikusi behar genuke emetasunaren aldarriaz bat. Aitor dezagun baduela aski arrazoi emakumeak poesiaren historian ezarri diren hainbat molde apurtzeko, xaramelaz okituta egon behar baitu egin dizkiogun poemak irakurrita. Sentimentalkeriaren aurkako saio bikaina da Meaberen liburu osoa, eta poema ez-poetikoa dirudien atributu femenino baten bidez egina denean indar berri bat hartzen du antipoesiak. Baiki, poesiaren demasa salatzen zaigu hor, Verlaine-renganaino garamatza Meaberen ozartasunak, beste aunitzen artean Debussyk ere musikatu zuen Romances sans paroles ataleko poema ezagun hura dakarkigu akordura:
Il pleure dans mon coeur
Comme il pleut sur la ville
Quelle est cette langueur
Qui pénètre mon coeur?
Ô bruit doux de la pluie
Par terre et sur les toits!
Pour un coeur qui s'ennuie
Ô le chant de la pluie!
Il pleure sans raison
Dans ce coeur qui s'écoeure.
Quoi! Nulle trahison?...
Ce deuil est sans raison.
C'est bien la pire peine
De ne savoir pourquoi
Sans amour et sans haine
Mon coeur a tant de peine!
Barkatuko duzue, osorik eman beharra neukan: nire ahoskera zoragarriak ez ahal zizuen eragotziko pleure/pleut binomioa behar den bezala bereizten! Alegia, "Negarra ari du ene bihotzean" diosku Verlainek ("Ari dut negarra" ausartu zen idazten Lizardi), "Negarra ari du ene bihotzean / hirian euria ari duen bezala". Beharbada, pleure / pleut hots-kidetasuna gordetzeko negarra / langarra erabili behar genituzke, nik dakidala behintzat pleure / coeur binomio fonikoa osaezina baita, bisutsa / bihotza ditugu hurbilenak, baina itzultzerakoan desberdin deklinatu beharrekoak direnez, urrundu egiten dira. Uste dut, gainera, funtsean hurbiltasun nagusia pleure / pleuten artekoa dugula hemen, negarraren eta euriaren, malkoaren eta tantaren artekoa, horregatik proposatzen dut negarra / langarra.
Negarra ari du ene bihotzean
Hirian langarra bezala
Zer ote da nagitasun hau
Hala zilatzeko ene bihotza?
O langarraren doinu eztia
Lurrean eta teilatuetan!
Unhatu egiten den bihotzari
O langarraren harrabotsa!
Zertako gabe ari du negarra
Hastiatua den bihotz honetan.
Nola! Trahiziorik ez?...
Dolu honek ez dauka zertan.
Nekerik mingarriena da
Jakin ahal ez izatea zertako
Aiherrik amodiorik ez-eta
Ene bihotza den hain neke!
Oso oker ez banago, poema honen ezein lerrotan ez da ageri euria ari duenik Verlaine-ren bihotzean. Baina hain hurbil daude negarra eta langarra (pleure/pleut), ze han eta hemen ikusiko duzue Negarra ari du ene bihotzean titulatu ordez, Verlaine hobetu bat ematen zaigula, Euria ari du ene bihotzean. Ez bakarrik itzulpenetan (gaztelaniaz Enrique Azcoagak bihurtu zuen negarra euri), baita frantsesezko antologia batzuetan ere. Horixe da analogiak daukan indar eragilea, metaforari zabaltzen dio bidea: denok ulertzen dugu euria duela bihotzean poetak. Geroztik, euriak hainbat idazleren malerustarzüna gozatu du, ez bakarrik frankofonian. Entzun dezagun Pessoa:
Cai chuva do céu cinzento
que nao tem razao de ser.
Ate o meu pensamento
Tem chuva nele a escorrer.
Tenho uma grande tristeza
Acrescentada à que sinto.
Quero dizer-ma mas pesa
O quanto comigo minto.
Porque verdadeiramente
Nao sei se estou triste ou nao.
E a chuva cai levemente
(Porque Verlaine consente)
Dentro do meu coraçao.
Urteetarako finkatu zuen Verlaine-Pessoak euria bihotzaren eztimingarri legez. Manoel Antonio abanguardako poeta galego handiak Chove na cidade eta Chove na aldea poema ederretan euriago egin dezan ari duela euria idatzi zuen: erran gabe doa bihotz bat dagoela gozagai. Juan Ramon Jiménez-ek aski du Llueve sobre el río esatea, denok ulertzen dugu zer adierazi nahi duen...
Formula bilakatu da, noski, euria eta mukertasunaren, akidura sentimentalaren arteko lotura: Il pleut dans ma chambre du izena Charles Trenet-en kantu ezagun batek (Il pleut dans ma chambre / j'ecoute la pluie / douce pluie de septembre / qui tombe dans mon lit...), eta errepikan: Il pleut dans ma chambre / il pleut dans mon coeur... Domenico Modugnok Piove, piove sul nostro amore kantatzen zuen Ciao Bambina ezagunean... Llueve en mi alma du izena tango ezagun batek (eta aitorpen honi halako tremendismo kutsu bat hartzen diogunez hagitz titulu egokia egiten zaigu tango baterako, baina kasu: Pessoak Na minha alma sempre chove utzi zuen idatzia, eta irakurriko dizuet gero Gandiagaren antzeko zerbait...). Euriak egoera animiko bat islatu du poesian eta kantuan joan deneko ehun eta hogeita hamar urte honetan. Hainbesteraino, non Verlaine-ren poeman ageri diren nagitasun, unhatze, hastio eta neke horiek eragin zuzena ukan duten frantsesaren hiztegigintzan. Poema horretako euriak eman dio langueur horri bigarren adiera, "malenkonia ezti eta amestia", eta ennui aditzari "ezertan plazer hartzen ez den utzikeria morala" esangura. Honen sinonimotzat, Robert-ek hauxe dakar: cafard, neurasthénie, spleen. Bai, Baudelaire-k ere badu zer ikusia honetan (Parisko spleena). Malerustarzün horretan ageri zaigu Lauaxeta gaztea, faire niente gustagarriak jotako poeta ageri zaigu bere lehen liburuko lehen poeman:
Zer dodan eztakit, baña gexo nago:
gorputza aul daukot, gogua ariago.
Arratsari nago..., itxas urdinari,
lanari el-ezin, soilik ametsari.
Poema horretan ez da euria elementu malenkoniatsua, itsasoa eta gaua dira astrügaitz espiritualaren lagun. Harrigarria da alabaina zeinen presentzia eskasa duten urari lotutiko figurek gure tradizio kultuan. "Bizitzaren itsasoa" erabili zuen Emeterio Arresek, eta hori asko da 1928 batean, "Bizitzaren itsasoa / Kerizpe hontan ugeldi...". Eta beste poema batean, itsasoari mintzo:
intziri sakon egile beti,
nahiz osin harro, nahiz uhin bare,
zerbaiten bihotz ezkutuko zu
idaroki-gaiz betea zaude!
Lauaxeta ez da luzaz laketuko nagitasun soegoile horretan, bestelako sinbologiaz beteko du itsasoa. Euriaren larre edo kale edo katilu baino, munduan aitzina egiteko ontzi, haizeak harrotzen duen oihala baitu poetak bihotza:
¡Itxasora!
Soñutzik ontzi-puntan, sakoneko lemazain,
itxaso-barne nua zidor ezezaunen gain.
¡Ondartzan oro laga! arriskubak darraigu,
Lur-barri billatzale ametsa lagun dogu,
Liorreko lokatzok geure malkoz egiñak.
Arnas artzeko, billau
amaibako urdiñak.
Euren solas utzakaz gixonak lotzen gabez;
Azkatasun oldiak ilten dira atsekabez.
¡Aurrera! Iparraldian edur-mendi ixoztubak,
eta ugarte otzetan lamiñen gaztelubak.
Eruango zaitubet:
eunak arro axian
Itxaropena bai dot begi onein ganian.
Bide barrijak nai dauz abendaren kezkeak:
Lar lurrari egon da.
¡Zabaldu osertzeak!
Ekintza gurenentzat landa au dan zabala,
Izki-mota orontzat burdinori garbala
Geure itxaso gogorra, abendak maite zaitu!
Zeure altzora gatorz, lurra ba txiker yaku.
¡Indar irakasle oi,
kendu odei ta laño!
Balerik eztogu nai, gogai barrijak baño.
Argizkorrija dager, urrezko yantzi barriz.
Ementxe gatorkixuz jakintzaren egarriz.
Ametsik ezkenduban legorretan egiten,
uraren barna baña goyak doguz ikusten.
¡Geure itxaso gogorra!
Gogayen arraunlari
Agur egiten dautzu itxaro argijari.
Soñak esitzen dozuz, goguak ariago:
Geuregan legez, zeugan, beti kezka bat dago.
Sakon ori nok dazau?
¡Oso zara zadorra!
Ekaitz orrein orruba koldarren bildurkorra.
Euzkuak soilik dabiltz altzo zabal orretan;
Imin dozu oldia euren begi barnetan.
Gudarijak dagixuz, berunezko bizkarrak,
tente diran erruak, burni diran iztarrak.
Gixonjale leyentzat jaki ziltzagilliak...
Itxaso aundi orrek, zabal, zeru-atiak.
Erijotza or dabil, or dabil maitasuna.
Erri gogor onentzat, zeugan etorkixuna.
Odiseu barri gara, lamiñik ezta baña,
Emen sortuba ezta Aprodite liraña.
Geure abenda-antzo pioneer gaste gara.
Altzuan beti dozu irri baten ikara.
Baña leoyen legez darresixu galparra.
¡Euzkoen itxasua!
¡Oldia eta indarra!
¡Aurrera, aurrerantza!
Ontzi-puntan soñutzik.
Axe oron mosubai bijotzak zabaldurik.
Ibillaldi au ezta bixitzan amaituko;
Bein ontziratu danik barriz ezta itzuliko.
Miñak lurrean itxi, begoz itun diranak.
Itxaroz kezkatubak nai dabez geure lanak.
Zerubak argi dagoz, begoz pozez begijak.
Uñen ganian dabiltz geroko abestiak...
Barriro esi daigun ludijaren gerrija,
Ez bitsez, ez indarrez, gogayakaz baño.
Itxaruak berua euzkotarren ontzija
Goguak nausi diran argitasun goiraño.
Badu antza apurtxo bat poema honek Lizardiren Euzko Bidaztiarena-rekin, baina honek ez daukan arnas epikoa dario Lauaxetarenari, Joanes Etxeberriren Balea zaleen otoitzak dakarzkigu ehikiago akordura. Urrun dago Lauaxeta ordea gure tradiziotik. Literatura bat sortzen ari delako kontzientzia dauka, bere lehen liburuaren tituluan bertan argi adierazia, Bide barrijak. Gure literaturaren ikuspegi bat dauka egileak, Etxepare berri bat dugu, dagoenari eta batik bat ez dagoenari beha. Eta ez du gogoko munduari bizkar eta garaiari bazter dagoen gure letragintza (Lar lurrari egon gara). Berritasunaren bideak eskaintzen dizkigu, munduratze bat behar duelako poetak. Ereduak ikusi, ereduak hartu, haien oihartzuna guregana ekarri, halako lana agintzen dio bere lumari, modernitatean txertatu nahi du Lauaxetak. Honek artifizialtasunera darama zenbaitetan, mailegu nabarmenera, gexo egon behar zuelako zegoen gexo. Baina euskal literaturatik irakurriz, Lauaxetarik interesgarrienean behintzat dena zaigu berri, lehendik euskaraz poemarik idatzi ez bagenu bezala dihardu, Bide barrijak argitaratuak liberazio handi bat suposatzen du. Lizardik genialtasuna eskatzen zuen, bera zela geniala jakin gabe edo aitortu nahi izan gabe; Lauaxetak lana aldarrikatzen du, ez du genialtasunaren esperoan egon nahi existitzen hasteko, eta gure letra modernoen oinarriak ezartzeari ekiten dio, mailegutza, oro har, genial batean.
Orixek, halako deskribatzaile ona izaki, ekaitza baino ez du kontuan hartzen, lehortearen antitesia bezala. Bitxia da zeinen oharkabean pasa den euria gure poetentzat. Haatik, herri jakindurian, tanta izan edo elementa izan, baditu hainbat ñabardura: zirimiria, langarra, isola, erauntsia, jasa, zaparrada... Azeria galdu zuena omen da, eguzkitan ari duenean azeriaren ezteiak omen ditugu... Hainbat errefrauren sorburu dugu, euri urte arto urte, euri xehea eta emazte praubea gizonaren galgarri... "Indianorik onena" esan zaio euriari, eta hala ere nekazaria eta baserria goratu besterik egin ez duen gure olerkaritzak ez dio koplatxo batzuen omenaldia egin. Badirudi mendian idatzitakoak direla hainbat olerki, eta gauza jakina da mendira aronez irteten dela maizenik, hori dela gainera gomendagarriena. Ikuspuntu panoramiko bat hartzen da handik, ez da hurbilekoa ikusten, tontorretik ari da poeta. Oso garrantzizkoa iruditzen zait hauxe, uste dut gauza saldo bat esplikatzen duela; gure poesian eskas dugun xehetasuna, berbarako. Ikusmiraz egiten da errealitatearen jabe olerkaria, ez egunerokotasunaz. Paisaia nagusitzen da, eta askotan bere hausnarketa urruntze bat baino ez da. (Emeterio Arresek, tolosar jator gisa, Alpino Uzturreko kide dirudi, Jautarkolek bizitza menditarra goresten du, Lauaxetak Artxanda gainetik du nahiago Bilbo, Lizardi behin eta berriro igotzen da bere mendira, Orixek harako aldi du ia egunero...). Ohargarria da bestalde zeinen maite duen Orixek eguzkia, konstante bat da, erreferentzia ugari ditu, eta honetan Mistralen eragina atzeman litekeen arren ez nintzateke ausartuko haren paganismotik daukanik esaten. Oso euskaldunona omen, alabaina, eguzkiaren gurtzea. Nork daki, beharbada berak uste zuena baino paganoagoa zen Orixe. Natura hain maite zuen Lizardik ere ez du euria sobera maite, ez dauka poetikotzat. Badakigu uda "suzko itsasoa" dela, baina beste urtaroetan ez da hotza eta elurra baino ageri. Hau ere oso erreferentzia maitea dute olerkari guztiek, birjindadearen, garbitasunaren sinboloa dugu elurra, eta Lauaxetarenean nabarmen, Joxe Azurmendik oharrarazi duen moduan Antonio Arrutiren poeta ezezagunaren lanaren sarreran:
Edurra baxen garbi irauki gorputza,
ixan zaite zitoriz gotzon baten gaya...
* * *
Edurren gogo leuna bai dala garbija!
Gaiztakerige dago zelaiko matatza...
* * *
Garbitasun mosuba artu dau edurrak.
Gotzonak soilik dira bere laztanen gai...
Gero izotzondoko eguzkia baliatuko du Lizardik. Badirudi muturretan kantatu behar dutela poetek, ezin dutela gristasuna antzeman, ez dutela astirik ñabardura lantzeko. Salbuespen moduan, honako xehetasun inpresionista hau dakar Lauaxetak Arrats bera-n:
Garitzetan dardaiz dok argija
ta urrezko eurittan yagok mendija
Ez dakigu nolakoa den. Ez dakigu zer adierazten duen. Ikusten ikasi behar genuke aurrena, edo entzuten. Beharbada euria musika da batez ere, belarrirako zerbait, Euri-tantak izendatu zituen Fréderic Chopin-ek bere ariketa batzuk, Louis Aragon-en euri italiarra teilatuen piano gainean jausten da, André Breton-ena organo handitan...
Landa orlegian,
zugaitzen billoixa,
laiño baju zuri
t'euri geldiari,
zuzen ta baltzixka.
Laiño baju zuri
t'euri geldiari
zelaiko orma zaarra
t'erreka-zarata.
Ta, ardi-errenkada
luze ta bustia
intxarri ta zaunka
argi ta bustiak
luzeko zuria,
zugazti ta landa.
Arratsalde motxa,
laiño baju zuri
t'euri geldi t'euri.
Ta... asagoko zaunka.
Ta, artalde-lurruna
t'oiartzun koloka...
Ta zugaitz billoixak
t'orma zaar illuna
t'erreka-zarata.
Poeta hil berria dugularik, aho batez aitortzen dugu denok Elorri gure lirikaren gailurretarik bat dela, denborak ez duela higatu, baina bai ondu. Hala ere ia ezezaguna da Elorri-ko poesia, kantagintzak geroagoko gai sozialeko poemak hartu izan dizkio gehienbat Bitoriano Gandiagari. Zatiz baino ez da ezaguna eta, erran gabe doa, azalez. Gandiagaren harria elorriaren sorleku menditarra zen euskal gizarteak kalera egin zuenean, haitz zen, basati, urruneko, asagoko. Eta batez ere, harri hari "herri" bat falta zitzaion. Elorri ez da ordea ihesmodu bat, inguruarekiko atxikimenduaren poema da Elorri, inguru hori kalea ez izatea zen arazo. Egia da poeta bizi den munduan ez dela Gaizkia ageri, edo beste hitz bat erabiltzearren, Gatazka. Baina ezta Arkadia ere. Gandiagak haitza, elorria, euria kantatzen dituelarik paisajismoa gainditzen du. Arantzazukoa ez da menditik ari, hurbileko ikusmira da berea, naturarekiko makurdura minbera ageri du aurrenekoz gure literaturan. Panteismoa dakar fededunak. Erdaldundu behar izan gabe eskolatu zen baserritarra, eta frantziskotartasun poetikoa asmatu zuen bere sentimenduak adieraziz. Fraideak debozio ekürü batean bizi du fede katolikoa, eta dogmatik haratago, abstrakziorik gabe, konkretuan oinarritutako metafisika da berea. Horregatik betetzen du fededuna ez dena ere.
...T'euria.
T'ozkirri ta argia
itogin-zarata
saltari ta alaia,
klaustroko patio
barru ta gordean,
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia.
...T'euria.
Argi ta saltari
zarata, beti lez,
betiko beti lez,
ta, alaia,
kanpoan baiño be
ariman ba-litza,
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia.
...T'euria.
Kanpoan baiño be
ariman balitza
euria, beti lez;
ta itogin-zarata,
beti lez, alaia,
beti lez, barruan,
arra t'erdi luze
edo krabeliña
zuri bat jagia.
...T'euria, t'euria.
Gure bizitzak itsasora doazen ibaiak dira, eta Mirabeau zubipetik doa beti Sena... Lizarra errekaldean dago. Ozta ohartu gara. Hari begira dagoen izarrera garamatza kantuak. Baina euria bihotzari bezain lotua gelditu da lizarra errekari gure inkontzientean. Errekarik gabeko lizarra ez da gure lizarra, uraren kontrastea behar du margoan. Baina ez gara kontzienteak izan, edo galdu egin dugu xirriparen arrastoa. Oso bakanak dira urari loturiko irudiak gure kantutegian.
Mila urte igarota
Ura bere bidean.
Gipuzkoarrok sartu dira
Gazteluko etxean,
Nafarrokin batu dira
Beotibarren pelean...
Eta irudi luke zerutik ez dela harria besterik heldu, Arestik zioen hark aurrekari handi bat dauka:
Jausi da zerurean arria,
aurkitu dau Lasturren torre barria,
Edegi dio almeneari erdia.
Lasturrera bear dozu, Milia.
Telesforo Monzon izan zen aurrena, uste dut, euria eta lanbroa aldarrikatzen. Tropikoa arrotz zitzaion, eta herriminak jota Bergara gris bat zuen ments eta aments, neguko giroa beharresten zuen, dolutzen zuen. Baina euriari eta errekari eta lanbroari biluztasunezko indar sinbolikoa eman ziona Bitoriano Gandiaga izan genuen. Ondoren heldu zitzaizkigun Mikel Lasaren euriaren tristea tamarizetan eta gure bazterrak ederragotzen dizkigun Hartzabalen lanbroa. Mikel Arregik Euskal Herriko lanbroa gazte baten malkoarekin errimatu du, Itxaro Bordak euripeko lantua kantatu du maitearen bila gure karriketako maiatz ederretan, Jose Luis Otamendi maitasuna euri tanta bezain eder eta iheskorrra dela gaztigatua da, Patziku Perurenak uraren soinua gau ilunean entzuten irakatsi digu, eta Jose Angel Irigarayk aitorpen sotil eta hunkigarri hau du egina:
nik ez dakit
zer bustitzen zautan
euri zara-zara ari duenean
Erronkari, Aiezkoa, Baztan... erreferentzia zehatzak ditu Angel Irigarayren poemagintzak. Aipamen horiek esangura jasoago baten funtzioa dute ordea, hizkuntzaren galera gogoratzeko dira, edo suntsipen historikoa, edo nahikari galdua. Nafartasuna definitzeko bermako handi bat irizten diot nik horri. Nafartasuna ardatz bertikalean ere ulertu behar da. Mitologia (Ortzi, Mari...), folklorea (Miel-Otxin, ur goienaren erritoa...), gertakari eta pertsonaia historikoak (Amaiur, Gaxeneko Inesa...) deitzen ditu Irigarayk, izate ukatu baten hondarrak biltzen dizkigu kantu liriko batean. Historia ihauteri dela diosku, ez ginena izan garelako, eta ginena galdu dugulako. Poeta ez da hala ere oroitzapenen gatibu, natura historian paratzen duen bezala kokatzen du historia orainean. Jose Angel Irigarayren poemak gure izatearen oroititzak dira, bai, baina etorkizunari buruz egiten du autoreak hasperen. Bere obran nostalgiak ez du gibelera jotzen. Gure herria "edozein haizeren menpeko" nahi ez duenaren mindura du. Horixe da nafartasuna, arrangura existentzial-kolektibo bat, erresuma baten hondamendian eta erresistentzian islatzen den gure itolarri historikoa. Lauaxetak landu zuen balada historiko ederrik, baina historiaren interpretazio abertzale ofizial batetik, molde epiko-tragiko batean. Hondamendiaren kontzientziari bere kexamendu pertsonala eransten dio Irigarayk, esan liteke poeta barne exilio batean bizi dela, Piarres Topet Gaztalondo Handian bezain arrotz, toponimoen eta izenen eta iragan sasoien aipu ugariek ausentzia handi bat salatzen dute noski. Poetak hautematen duen hustasun horrek bihurtzen du oroitzapena saudade. Nafartasuna, gure saudade nazionala da. Verlaine-ren unhadurak badu zertako bat hemen. Bertako urruntasunak ematen duen herrieria da.
Aiezkoako mendietan
Auñamendiren magalean
Iratiko oihanaren itzalean
bihotzaren erdian
euri, elur eta laino
laino guztien artean
zegoen eta dago
bakardadean
isilean, lo
Orbaizetako ola
Orbaizetako fabrikaren hondarra
oroitzapena,
aunitz kostata
mendi pare baten ordainez
mendez mendeko sua
bizirik eusteko
biziagorik uzteko
su zahar
berpizte berri
ola zaharraren tokian
sortu zen berria,
han
oihan eta laino
Xangoaren altzoan
ur eta zur
su eta harri
lurrean sakonki errotua
ingurumariari ohi ez bezala itsatsia
han
lerden eta eder
lantoki berezia,
su eta ur
atzo eta gaur
bizitzaren bi habe
Orbaizetako olaren zutabe,
ur garbia
tegiak, sutegiak eta lau labe,
gure industrigintzaren egunsentian
itxaropenezko amets
eta atsekabe
(...)
Orbaizetako ola
atzoko nahiaren hondar bizia
labeetan su itzalia
gure bihotzetan sukarra,
bitartean
ura bere bidetik
Xangoa beti jauzika
ezker-eskuin
olaren bihotz harriztatua
gure nahiaren oinarria
fereka eta kanta
bitartean
gure oroitzapenaren ametsak
uraren xingolaz dira jaunzten
eta Iratiko oihanean barna
desleitzen
bizitzen
hiltzen,
Orbaizetako ola
gure amets harriztatua
itxaropen urtua
hor zaude
zu zara
mendien erdian
euri, elur eta laino
gure haragi urratuaren
hondar hil eta bizia,
Orbaizetako ola zahar
eta berria gure izatearen oroitarria.
Euriak, elurrak, lainoak eta oro har uraren forma guztiek leit-motiv baten funtzioa daukate Irigarayren obran, batzuetan gordeago eta besteetan ageriago azaltzen zaiguna:
izan nahi nuke
ilargi eta iduzki
euri, elur eta laino
ortzimugatik ilunabarrera
jauzika aritzeko,
izan nahi nuke
mendi, ibar
zelai, zuhazti eta harkaitz
itsaso, erreka, ibai
gure lur osoa
izan ahal izateko
"Euria ari zuen nire klitori gainean" dio beraz Miren Agur Meabek. Euri horrek bide luzea egin behar izan du emakumezkoen harrotasuna eta gizonezkoontzako bereziki arrak garen gizonezkoontzako paraje mitiko bezain misteriosa den horretara iritsi ahal izateko. Emakumearen ahotsa, izan ere, itzalia genuen Erdia Araoaz geroztik. Etxepareren faboreak geneuzkan, eta Oihenarteren ganbera-joko sasilibertinoak, eta Etxahunen aiherkundea. Gero, gure poesia modernoan, emakumea aberriaren gaietarik bat baino ez zen izan, eta Lauaxetaren "molde frantseseko" zenbait poematan salbu, familiaren euskarri eta kristautasunaren eredu zelako genuen gizonezko zein emakumezkoen kantagai, Miranderen amoranteek hori bera frogatu besterik ez dute egiten: apologetika batean geunden. Ezerk ez zion balio emakumeari, artean egindakotik. Dena zeukalako zerotik eraiki beharra dugu Amaia Lasaren poesia fundazionala, laudorio faltsu guztien dekoratua suntsitzeko behar zen aurreneko mailukada. Estonatzeko maneran enplegatzen baitugu espiritia gortearen egiteko, "bihotz" aipatzen genuen etengabe, eta zenbatenaz eztikiago ahoskatu "bihotz", hanbatenaz hipokritago ageri izan gara. Amaia Lasa da gure literaturaren lehen emakumea, berak dakarrelako lehenengoz emakumea gure letretara. Prima da poetetan.
Nereak ez diren
lurralde hauetatik
ihes egin nahi nuke.
Nereak ez diren ur hauek
alde batera
utzi egin behar ditut
Haitz sendoaren biribiltasunean
nire bizitzaren hitza
lortu nahi nuke
Biribiltasunean
sendotasunean
haitzaren gainean
a
e
i
o
u
berri bat esan nahi nuke.
Maitasuna oso herabe kantatu izan genuen, haragiaren poztasunetik urrun, ahalke bagina bezala geure frustrazioa aitortzeko; emakumeak iraultza bat ekarri zuen maitasunaren aldarrian, sexuaren obsesioa estaltzen zuten era guztietako sentimentalkeriei, hain zuzen, zinezko bihotza kontrajarri zielako. Gure uzkurtasunean puzeletarik pailardetara genbiltzan, platonismotik gordinkeriara, eta Amaia Lasak gordintasuna dakar, lotsarik gabe ematen dizkigulako aditzera bere sentimenduak, apaindurarik gabe, errubakotasun ederrean:
Ni, zuekin, denokin
oheratuko nintzateke.
Munduko udazken guztietan
izango nintzateke
ikusirik
nola berdea
urrearen antzo
gorritzen den.
Ni,
uhin gainean
uhin handiaren apar artean
herioaren beldurrik gabe
izango nintzateke.
Ni,
airean
nire herriko karrika artean
igeri ibiliko nintzateke.
Ordez,
gauza horiek
hala ez diren bitartean,
Berarekin oheratzen naiz.
Herri txiki batean bizi naiz.
Itsasoa bare dagoenean
igeri egiten dut.
Karrika arteko haizea
arnasa hartzeko
erabiltzen dut.
Izpirituak ametsaren
zentzua
gal ez dezan.
Ez direnak
direino.
Ni
marmokaren beso urdin artean
urrunduko naiz.
Izango dena
izatera heldu artio.
Osagarri gutxirekin moldatzen du poema Lasak, aski ditu marra bakar batzuk giroa sortzeko eta mezua igortzeko, anekdota sekuentziatu behar izan gabe. Iruditeria xume eta konstante horren bidez lurra, haizea, kaioa eta itsasoa, askatasunaren sinbolo nagusia berau oso sinesgarri egiten zaigun giro teluriko batean biltzen gaitu, baliabideen ekonomiak eta tonuaren apaltasun fierrak gizarteak kondenatua daukan zokotik ariko balitz bezalaxe entzunarazten digutelako poetaren hitza. Eta askatasun egarri handi bat digu ematen lanbroaren presentzia horrek, itsasoaren marruma horrek, kaioen hegada horrek. Amaia Lasak estreinakoz margoturiko mundu horrek ekarri du geroko emakumearen literaturaren euritea.
Zein hots ezti, dena den? Nongo isiltasuna?
Udaberri kutunaz soilki oihartzuna
dantzugu hain urruna! Kiskalerrietan,
gorroto-erauntsiak odol-bisutsetan
ankerki baiterauntsa kale-bazterretan,
gure Lizardi guren, lizar oro ketan,
pago pertxentak ere negu luzeegi
honen hozmin garratzez intziri latz dagi.
Nork lekuskez ikusi begirada aratzez
mendi-muino gardenak, argizko dardarak
baso-itzal yaukaletan, izar guri izarak
euskal ortzi ilunetan! Lokamuts-ikarak
herio-zantzu gaizto! iraupen-adorez
bizi berrizko amets bihur ahal balitez!
Soneto honek argiro erakusten duen bezala, lanketa formal handiaren azpitik poesiarekiko harremanen ondorio izatea da, neurri batean, Joxe Austin Arrietak eskaini digun poesia berezi egiten duena. Tituluek adierazten duten bezala ("neurtitz neurgabeak" / "bertso-paper printzatuak" / "graffitien ganbara"...), Arrietak jarrera apal bat hartzen du bere liburuak aurkeztean, poesia ideal baten arrastoan balebil bezala edo uzkur bailitzan eredu gorentzat dauzkanen alderako. Juan Mari Lekuonak esana du poesiari egiten dion omenaldia ere badela, autore honen jardun poetikoa. Arrietaren poesiak oihartzun asko dakartza, baina ez asmo kultista batean. Poeta honen inter-testualitateari ezin zehazkiago zeritzon Lekuonak berak "intra-literatura", testu berrian txertatzen dituelako bere tradiziotik, herritik nahiz kultutik, jasotako edertasunak. Esan liteke klitxe literarioak sortu nahi dituela, unibertsal egin nahi dituela gure poeta zaharrak, poemaren beraren gorputzera ekartzen dizkie aipuak, beti ere bereak ez dituela ulertzeko moduan. "Verlaine bezain" nahi ditu gure poeta guztiak. Azken liburuan, bestalde, omenaldi hori poeta garaikideetara zabaldu du nabarmen. Poesiaren poesia ote dugu hau? Ez noski. Omenaldi hori gomita da, erakustegi, kitzikagarri. Ez besterik. Gure ondarearen barruan kokatzen da poeta, haren zordun deklaratzen da, eta ahalegina egiten du euskal literatura mundu erreferentzial baliagarri bat izan dadin. Poesia funtzional bat proposatzen ote zaigu orduan? Are gutxiago. Poetak ezagun du boztario hartzen duela besteen testuetan idazle gutxik duten eskuzabaltasunez aitortua eta nahi lukeela irakurleak ere plazer hori hartzea, ari dezala poesia gure bihotzean, amodiorako bezala desamodiorako. Eta ikus ezazue uraren forma desberdinek nola bideratzen duten poetaren minbera:
Udazken-hats epela
hosto ihartuen dantza
hego-haizeak dakar
maite galduen arantza.
Hiria kaio lotia da
begi-ninian zait pausatu:
nahi nuke zure oroipena
uxatu.
Ibaia txalupa motela
itsasora doa nagiki:
maitasun-uhinen galdean
nabilki.
Zubia dut orain igaro
ertz bata urrunean utziz:
urmael umelak betiko
ahantziz.
Euriak emaro busti nau
ur bizi berria dakarkit:
zubiaz bestalde hain urrun
zakuskit!
Ez da Joxean Muñoz euriak sor dezakeen sentimendu mota andanari soraio, baina bere poesia oso da berezia, urrundu egiten da berehalako interpretaziotik, hotza dela ematen du. Badu experimentaletik urteetan liburuen ahantzokian egon den obra honek, Parentesiak (etabar), ez ordea errazkeriatik edo espantutik. Konposizio grafikoak ez du ia garrantzirik testuan, eskaintzen zaizkigun elementuen hautaketa arduratuan oinarritzen da Muñozen xede estetikoa. Bere kollageak ez dira kaligramak, errealitatearen uneak baizik. Garrantzia handia du beraz poesia honetan ikuspuntuak. Irakurketara interpretatibo batera behartzen gaitu autoreak, baina ez irudien ilunean edo gakoen zailean zorabiatu nahi gintuzkeelako, Muñozen poesia ezin gardenagoa da proposamen plastikoetan, hautu zehatz baina nahitara eztabaidagarri baten emaitza denez. Nik esanen nuke euriaren tanta hauek ate-jotze etsitu bat (adiera zabalenean) irudikatzen dutela, baina ez naiz segur:
Euriak
arratsaren forma dauka hartua
euriak
ekaitzaren testigutza tk
arratsak beratutako kristalean
lau lizar lehertzen
tk gauaren lehen zantzuen kontra
lurrindutako ispiluaren kolorez
& hilargiaren ahurpean lau
lizar tk
tk & kristalaren kontra gaua da
(eta orduan umildu egingo ziren
zilarrezko landareak
atarian)
nola tk
tk tk
ni
ekaitzek beti baitute remiteren bat
zilarrak
arratsak atertzen duenean
umildutako leihoen kolorea bezala tk
tk & euriak
kristala
bezala ni eta bezala zu.
Proposamen honek, zer esanik ez, konplexutasuna dakar, itxuraz hotza den eraikuntza horren oinarrian autorearen nia baitabil bere burua problematizatzen. Hemen ez dago pose estetikorik, poxelu egiten diotelako hitzek Muñozi da Muñozen poemagintza hain berea. Eta horregatik, poetak guk baino adiago entzunak dituelako bi mila berset dolorusik, lortzen du poesiaren paradoxa! hitzez baino ezin adieraz zitekeen edertasun mikatza, abanguarda diskretu eta imitagaitzean: euriaren harrabotsa ez da deus poetaren nitasuna gabe. Apal ageri zaigu ordea Muñoz, egilea ohar bat da poeman, eta poema munduari (maitasunari) egiten zaion (orri-oineko) oharra da.
landare perenneek
lehengo lurra badute ere
(:obalo bat
adokinatuz egindako zirkulo baten erdian:)
loreek alaituko duten
kolore armonia basikoak
berdin badirau ere
(banda hori batez, eta
kolore berdea)
adokinatu grisen mugapeko
zirkuloaren erdian
palmondoari ukatu egin diote negua:
alanbre batez bildua
berotasun printzarik ttipiena ere
bizitzeko premiazkoa duen
epeltasunaren apurrik ere
gal ez dezan
euriari
eta enbatari
laino bioletaren atzetik sortu den
ekaitzaren indarrari
haize reptante honen malenkonia
eta tristurari
(euriari, euriari)
ukatua,
alanbre batez
epeltasun grado bakoitzaren angustiari lotua
(adokinatuen erdian:
kresalak loreak baldintzatzen dituen
lur adokinatuaren
erdian:)
landare perenneek
lehengo kolore armoniari
ajolagabeki eusten dioten bitartean.
Paul Valeryk deklaratu zuen euria ari duela esateko, euria ari duela idaztea dukegula onena. Eta ondoren, zozotzat har ez zezaten: "Nontik nahi den, poetaren helburua ez da eta ezin du izan euria ari duela jakinaraztea." Esatearen eta adieraztearen arteko aldea markatu nahi zuen Itsas hilerria-ren sortzaileak. Zer garrantzia dauka zinez euria ari duen edo ez Verlaine-ren poeman? Nik uste dut poetaren sentimendu horrek, unhadura malenkoniatsu horrek behar duen giroa sortzeko dakarrela euria poetak. Eta tristetasunari lotu izan zaio geroztik euria. Topiko horren kontra borrokatu behar izan dute gure poeta garaikideek, eta hala gerta liteke euriak berak sortzea, eta euri fisikoaren esperientzia hurbilak, poema:
Atertu du euria.
Haizea jabaldu da.
Lurra arnasa hartzen hasi.
Ikara dira akaziak,
Besoak zeruari kolpeka.
Txirritak kantatzen
Sagar-hostoak babes.
Hilerrira jotzen duen
Leihoa irekitzen dut.
Erre-usaina dator handik,
Hezur eta ile kiskaliek
Busti egin dute giroa.
Auschwitz datorkit oroimenera,
Euriaren ondorengo
Edozein egunetan.
Eta berdin gertatuko zaio hurrengo batean zabaltzen duen leihoak ez baldin badu hilerri batera ematen ere, esan genezake hori dela gutxienekoa, poetak nonahiko eta noiznahiko egin du sentimendu hori, euriaren ondorengo edozein egunetan adituko du adituko dugu erre usaina. Sentimendu hau oso pertsonala da, zer duda egin, baina badu hedadura unibertsal bat, oroimen historikoan duenez oinarri. Felipe Juaristiren poemek duten oreka miresgarri hau atezuan lortua da beti, "bizi-pozaren eta bizi-minaren artean", poetak berak aitortua duenez. Bere lehen poemetan, esaterako, maitearen urruntasunak behartzen du memoriaren eraikitzera, eta poetak zenbaitetan ageri duen etsi-planta antidoto salbagarri antzeko bat da funtsean, sobera zoritxarreko izan ez gaitezen baliatzen duen zuhurtzia, derrota askoren lekukotasun atzarria. Jakinaren gainean jarri nahi baikaitu tristetasun horrek. Poeta giro ilun batean ageri baldin bazaigu, izan ere, ez da gexo dagoelako, egunerokotasunaren logika antipoetikoa delako baizik. Eta atertutakoan hunkitzen da poeta, ez dezagun ahantz. Antipoetikoa antihumano bezala.
Nire bihotzaren geografia mugatuan
Hegan dagite kurriloek urrian,
Haize-argi egarriz urrunera,
Zaldiak goizalban, ibaiak lasterka,
Kukua inoren habian kantari,
Huntza haritzean bildurik eta lo.
Ametsa beti gorago mendiak baino.
Pentsamendu kulunkariak, oinazeetan hezeak.
Zuhaitz sustraiak zeruaren behatzak.
Itsasoa, esku zaurituekin ate joka.
Gu gara ni guztiek sortutako enborra.
Zutik basoan, itzalaren firfira atzetik.
Klasikotasuna ez da bakarrik antzinatea, handiaren handiz zama zanpagarri gerta litekeen tradizio hori. Inoizko eta inongo maisulanek eduki ohi duten erritmoaren gozoa, apainduren egokia, esatearen zehatza... hitz batean, oreka esaten dioguna daukan poema oro sartzen da klasikotasunean. Ezaugarri horietan definitzen da Felipe Juaristiren poesia ere: inspirazio kultuak jotzen du, baina ez da kultista; dotorezia dauka, baina ez da formalista; badu ikuspegi filosofikotik, baina ez da kontzeptuala; eta sentimentala ez bada ere, hain gutxi dugu zurruna... Karrankarik egiten ez duen poesia dugu berea, inteligentziaren eta sentiberatasunaren arteko oreka zail horixe da Felipe Juaristiren poesia, jarrai dezagun bere Teoriaren teoria dastatzen:
Nire hezurrezko xirulak jotzen du,
Aspaldiko paisaietako oroitza ekarriz,
Kolore-usain ezkutatuen sinfonia.
Eguzki ahula mendebaletik jaiotzen.
Hitz itsuak, soinu gorrak, gau lezeak.
Kobrezko emakumeak gatza ezpainetan.
Denok gara bat espazioan eta denboran.
Eta gutako norbait joaten denean
Zerbait ezereztatzen da besteen baitan,
Isiltasuna sakonduz, tristezia sakabanatuz.
Lorerik txikienak apaintzen baitu baratzea,
Txoririk arinenak kantatzen denontzat.
Gure baitan dago dena eta ez dena.
Itsasoa eta lehorra, ura eta sua,
Haurtzaroko euri atergabeak,
Gariaren antzera gorritu diren urteak,
Negu minetan, uda sargorietan,
Betikotasunaren hodei ustean galdurik.
Gu gara ni guztien lurralde emankorra,
Zerbait hiltzen du ihes egiten duenak,
Gu guztiona ere badena, izan dena.
Gure baitan baitaude besteak.
Horiek desagertzen direnean,
Orduantxe geratzen gara bakarrik.
Gure baitan itxirik eta so, inora ezin.
Niaren kartzela hauskor izotzezkoan.
Poeta batzuek joate batean idazten dute, urak eramanak bezala, irudietan oinarrituriko argudioak darabiltzatela, Juaristik poema honetan egin duen bezala. Omar Nabarrok berriz atzartasun handi batean idazten du, eta sekulan ez dago sortzen dituen mundu poetikoetarik kanpo, "hiritartasunean" bizi du poesia. Idazketa konprometitua dugu hau, hitzaren zentzurik ederrenean. Poema intimistenetan ere, Bilboren presentzia handi bat sumatzen da, azpiz, Nabarrorenean, eta ez bakarrik jokaleku kaletar-industrial gisa. Burdineta gaitz bat da Bilbo, labe garaien eta kartzelaren arteko hibridoa, eta itxitura horren barruan zabaltzen dira bihotza sagar mikatz bihurtzen duten desarrazoiak, poetak "tristuradiak" esaten dien horiek. Bilbo ez baita paisaia hutsa, gizakien topaleku ere bada, maitasunezko istripuen ibilbidea eta porrot kolektiboen kontzientzia. Oroimen horretarik idazten du Omar Nabarrok gure historia salbatu nahian, askatasuna defendatu nahi zuen Burdineta bat ere ukan baitzuen noizbait Bilbo honek.
Autobiografia
Burdinezko harietan behera
linburtzen diren
euri ttanttak baino anonimoago,
espaloi desertuak ibili
gaueko itzaletan itzal,
odola ardoz nahastuta
ibai marroian behera
plastikozko gauzakietan
arimaren ispiluak kausituz
San Antongo zubia
izu ororen frontera
Bilbao la Vieja
ijituak PESA tabernak
Urazurrutia Zamakola
ladriluzko tristuradiak
eztul gaisotien gordeleku.
Beste ibarrean
Eusko Trenbideak
Bizkai barruko sabeleraino
eta
oroimenean
ernegu txori ilunak
logura hordia zarraztatzen
Gure historia modernoaren pairatzaile dugu poeta hau, inozentzia, hemen, orain, krimen bat balitz bezala. Baina, zorionez, ezin izan du ito barruan daraman lirikoa, badaki irudia argudio izan litekeela. Bai baitu Omar Nabarroren poesiak historikotasunaz barnagoko elementu bat, hiriaren gogortasun fisiko eta espiritualari kontrajartzen zaiona: ura, euria, itsasoa, likidotasuna. Kresal egarri bizi da poeta, esan genezake Bilboren presentziaren azpian Mundakaren presentzia dagoela, naturak erakartzen duela beti. Han-hemenka ageri dituen tanta, euri, itsas txori, marea, uhin ugariek ordezkatzen duten isuritasun horretan egin nahi du bat Nabarrok, horretan urtu. Itsasoaren baretasuna behar hori, euriaren jauste berean joan nahi hori, absolutuaren bilaketa da, nire iritzian. Gogorra eta malgua, konkretua eta abstraktua, historia eta betikotasuna, epika eta lirika ezinegon bortitzenean bizi dira Omar Nabarroren poesian.
Euria eta biok elkarregaz berbetan;
Euria jausi eta jausi
Eta ni
Jausten eta jausten
Sekula be jausten amaitu barik
Jausten eta
Jausten
Bonberoak etorri dira
punteoaren puntan puntako
notak
Gorpu suizidatuaren
Gizartearentzat berreskuratzeko
bateria bakarraldia
Oraintxe hasten da
Benetako historia
Hau bluesa da
Ni jausten
Eta jausten noa
Euriagaz berbetan
Zeuok amaitu behar duzue
kanta
Ni jausten eta jausten
Noa eta
Garai berean, urte berean, Omar Nabarroren mundutik aski urrun, urtu-nahi berean ageri zaigu Bitoriano Gandiaga:
Iturritik irten
eta maldan behera
nolabait dihoan
ur-hari apala
naizela dirudit
inondikan ere.
Uraren galtzeko
arriskuak zenbat
diraukeenik inork
inolaz ez daki,
asma-ezin hainbat
dira izan ere.
Baina azken batean
gal daitekeen ura
ez da desegiten.
Baina nik ez dakit
uraren antzeko
guztiz naizen ere.
Ez dauka ezer prosaikotik ezta poema berariaz xikintzen duenean ere Pako Aristiren poemagintzak, baina poeta honek daukan kongruentziaren sena, prosan luze jardun izanak ematen duena da. Bere poesian ez dago beharrezko ez den edergailurik, nekez isuriko zaio estereotipo likidorik, barkatu, lirikorik, hitz bakoitza da pertinentea. Hainbesteraino, non poemaren tituluak berak testuaren barne motibo bezala jokatzen duen. Poema dekoratu minimoz jantzi behar den jokalekua da. Pako Aristiren poesian, izan ere, akzioak dauka garrantzia, pertsonaien ibiliek eta esanek. Poeta oso kontzientea da idazten duenaz, eta ardura honek kokapen bereziak hartzera behartzen du batzuetan, tabernako mahai edo gabon arbolako bonbila bilakatuz. Izugarri zaintzen du ikuspuntua Aristik, garrantzi handia ematen dio kamerak hartu behar duen angeluari: bere poemek gidoiak dirudite, ipuintxoak, filme laburrak balira bezala irakurtzen ditugu. Zergatik diren poesia eta ez prosa, zaila da teknikoki zehazten, baina oso erraza da esaten: autoreak badaki lilura sortzen, magia dauka.
Oskarbia eta Zohardia hitzen artean
ba al dago harremanik?
Bai, sinonimoak dira,
baina giza egoera ezberdinei
erantzuten diete.
Zohardia da
arrantzale zelarik
Gran Soleko mareen errosarioan
osasuna galdu eta, orain,
Pariseko kaleetan,
kartoizko ardoarekin
hezur-muinak berotu
eta goseak uxatzen dituen
eskale zuberotarraren ohea;
oskarbia da
Donostiako bikote
euskaltzale eta argiak
Deustun karrera bana bukatu
eta, Liernin ezkondu ondoren,
Pariseko ezkon ibilaldian
hoteleko ohearen abaroa utzi
eta egunpasa ateratzeko
behar duena.
Esan dizuet Pako Aristik arta bereziaz aukeratzen dituela tituluak, sorkuntzaren zati bezala dauka lan hori. Irakurri dugun poemak, esaterako, ezin izen egokiagoa dauka, poemaren ironia areagotzeaz gainera trufa jator bat egiten diona gure kontsensu nazionalari: Hizkuntz Politika. Anekdota zaintzeak ez du anekdotikoa egiten, beraz, Aristiren poesia. Kontaerak transzenditu egiten du kontatua, eskaintzen zaizkigun estanpek indar berri bat hartzen dute, noiz sinbolikoa, noiz kaustikoa, bizitik idatzira. Intimismoari nolabaiteko bizkar-emate batez, poetak egunerokotasunaren eta arrunkeriaren kritika askatzailea egiten du, geure burua erakusten digu euskaltasunaren jatorkerian, baserri munduaren kaletartasuna erakusten du, paradoxak biltzen ditu... Iritziak emateko duen ausardiak korronteaz bestera kokatzen dute Pako Aristi, kritika soziala egiten digunean ez-ofizialtasunaren ofizialtasuna jartzen baitu kolokan bere umorerako jaidurak. Urruntze horrek egiten du hain berezko eta beharrezkoa poesia hau. Eta baita poema guztiak lotzen dituen hari existentzial mehe batek ere, entzun ezazue poema honen azpian sumatzen ahal den tristetasun bustia:
Erauntsia den bakoitzean
auzoko emakume bat
leihora ateratzen da
euria ikustera.
Badirudi munduak ez diola ardura
euriak paisaia malenkoniaz
zipristintzen duenean ez bada.
Guztiari bizkarra emanda
bezala bizi da.
Horren froga haizeak eramandako
telebistaren antena:
hutsune bat hara nora jaurtitzen
baitute antena enparatuek
auzoetxeetatik ostutako
bakardadea.
Festa egunetako musikak
ez du iratzartzen ahal
bere begi ninietan lokarturik
zetzan ostadarra.
Badaki ogia egiten,
badaki orduak harilkatzen
gauaren etorreran
babesgarri zaizkion artilezko
kaltzetak bailiran.
Ezpainetatik erori eta
bularra erregadiatzen dion
ardoaz egiten du amets.
Baina erauntsia den bakoitzean
leihora ateratzen da:
hori du bere ahulaldia,
euria baita iraganak hitz egiteko
behiala aukeratu zuen hizkuntza.
Gure poetei esker, iraganak hitz egiteko aukeratu zuen hizkuntza da euria, zohardia eta oskarbia probokatzen duen politika, maldan behera doan hari horretan urtzen gaituena, jaustearen bluesa, haurtzaroaren eta Auschwitzen akordua, presoari (barkatu, Joxean, palmondoari) ukatzen zaion gozoa, gu sobera negarti jar ez gaitezen leihoan malkoa idazten duena, amodio galduen kontsolagarria, maitaleen loaren babeslea, zergatik ez dakigula maite dugun hori, heriotzatik urruntzen gaituena, a e i o u berri baten bataioa, gure hizkuntzaren kontzientziaren ekarlea, ez dakigun eta ez daukagun zerbait bustitzen diguna... Zuñi bere kopadüra hobe beitzaio üdüri, hori dena dira euria, erreka, itsasoa. Hori dena eta, bistan da, guztion klitoriaren benedikatzailea. Atertu dut.
© Koldo Izagirre |