Ekitaldi bakarra

 

Eszenarioak ganbara baten itxura izanen du. Orma erdia puskatuta. Mahai bat zoko batean. Dena gauzaz beteta. Erdian makina haundi bat. Makina honek publikoari begira dion aldean manibelak eta tresna asko izanen ditu.

 

(Eszenarioaren erdian Pedro dago, mailu batekin makina joaz.)

 

PEDRO: Tra la la la... (Txistu egiten du eta oso alai dago.) Azkenean bukatu dut! Makina bat asmatu dut! Ni inbentorea naiz! (Gitarra bat hartzen du. Ezeri eta abesten hasten da.)

 

(Bertso-mueta: Lau puntuko zortziko nagusian.)

 

                    Nik azkenean bukatu nuen

                    Nire makina polit hau

                    Aste osoan hemen barruan

                    Lan egiten eduki nau...

 

          (Zutitzen da. Gitarra utzi du, eta mailua berriz harturik, lanean hasten da.) Lan, lan, lan eta lan, baina azkenean bukatu dut!

 

(Katu sartzen da ganbaran.)

 

KATU: Arratsalde on, Pedro; ja, ja, abesten entzun diat, hi, mutil serioa... Zer egin duk aste osoan? Ui! Kaja hori, zer da?

PEDRO: Nik inbentatutako makina bat.

KATU: Ez zak gezurrik esan... Ez huen hik eginen?

PEDRO: Ez zak sinets, nahi baldin ez baduk, baina gero ikusiko duk.

KATU: Oso itsusia duk, ez dik ezertarako balio. (Ostikoa jotzen dio eta ankan min hartzen du.) Makina madarikatua!

PEDRO: Entzun zak... Bai, Kuliska zetorrek. (Kuliska eta Argenon sartzen dira. )

KULISKA eta ARGENON: Arratsalde on guztioi!

KULISKA: Hi ere hemen al haiz, Katu? (Pedrori begira.) Pedro, zer egin duk aste osoan? (Argenon eta Katu isilean hari dira. )

PEDRO: Makina bat asmatu diat.

KULISKA: Makina bat? Nun dago?

PEDRO: Nun dagoan? Hire atzean...

KULISKA: Kaja haundi hori al da makina? Bai polita dela!

KATU: Hori polita? Oso zatarra da..., oso itsusia. Gainera lehen, ankan min egin dit.

PEDRO: Ostikoa jo dioalako.

KULISKA: Ostikoa jo al diok? Bai gaiztoa haizela. Inoiz norbaitek zihortuko hau.

KATU: Ba daukat zihor naikoa makina honekin. Lehen ere ederra eman dit.

PEDRO: (Isiltzeko keinu egiten du.) Ssssss...

KULISKA: Baina, Katu, begira zein polita den, manibela eta guzti, eta kolore beltzekoa, gainera.

KATU: Utikan! (Argenon aurreratzen da.)

ARGENON: Ederki, Pedro, nik sinesten diat, makina bat asmatu duk. Baina, ze makina? Baporezko makina?

KULISKA: Manibela bat ba du.

KATU: Eta min ematen dit ankan. Oso itsusia duk, ez al da hala?

ARGENON: Horrek ez du ajolarik. Naiz itsusi izan, ona izan diteke. Eta hik bakarrik egin al duk?

PEDRO: Bai, nik bakarrik.

KULISKA: Bai, aste osoan lan egiten egon duk.

KATU: Bai, aste osoan besteei anka hausteko.

KULISKA: Iso, iso, hago isilik. Herorrek duk kulpa, ostikoa jotzeagatik.

ARGENON: Aaa! Lagun, eta zertarako balio du makina horrek?

KULISKA: Ha, bai, zertarako?

KATU: Hori, hori, zertarako? Besteari min emateko bakarrik?

DENOK: Isooo...

ARGENON: Hea, zertarako balio du?

PEDRO: (Serio eta triste jartzen da.) Ahaztu egin zait. Hasi nintzenean, ba nenkien, baina gero, egiten nengoela, ahaztu egin zait.

ARGENON: (Hasarratuta dirudi.) Ahaztu egin zaiala? Nola izan diteke hori?

KULISKA: (Eskuak aurpegira eramaten ditu.) Hau pena! Hau pena!

ARGENON: Orain pentsa zak.

KATU: Nik ba zekiat zertarako balio duen. Soluzioa zeukat. (Denak Katurengana hurreratzen dira.) Besteei min emateko!

PEDRO: Utz ditzagun zorakeriak alde batera eta pentsa dezagun guztiok.

ARGENON: Bai, nola jakinen dugu pentsatzen ez baldin badugu? (Pentsatzen gelditzen dira. Argi gutiago eta zuria. Puska batean hala geldituko dira. Musika ere entzunen da.)

KULISKA: Jostailuak egiteko izanen da. (Argiak Kuliska argitzen du. Kuliskak manibela mubitzen du. Zer-edo-zer entzuteko, belarria makinaren kontra jartzen du.)

DENAK: Ez...

KOROAK: Ez...

PEDRO: Ez, ez dik horretarako balio. (Argiak, berriz iluntzen dira.)

ARGENON: Robotak egiteko balio dik. (Argiak Argenon argitzen du. Denak makinaren ondoan jartzen dira. Argenonek burni batzuk hartzen ditu eta makinaren zilo batetik botatzen ditu. Katuk kaja mugitzen du. Banaka-banaka, kajaren ondotik joaten dira.)

PEDRO: (Nahazkaturik.) Ez, hortarako ez dik balio.

KOROAK: Ezzzz... Ez dik hortarako balio. (Argiak berriz iluntzen dira.)

KATU: Dirua egiteko... Manibelari bueltak eman eta dirua egiteko. (Makinaruntz hurbiltzen dira.)

PEDRO: Ez; gainera diruak ez dik ezertarako balio. (Makina mugitzen du hasarre eta azkenik berriz ere bere tokira doa.)

KULISKA: Pastelak egiteko izanen da.

GUZTIAK: Ezzzzz...

KOROAK: Ezzzz... Hala diote guztiak eta...

KATU: Honek ez dik ezertarako balio!

ARGENON: Pratikoak izan gaitezen. Lehenen, makinaren forma ikus dezagun. Ea... makina haundia duk, eta gaur bukatu delako modernoa dela esan dezakegu. Hori dela-ta, gauza modernoak egiteko izan behar dik. Dirua gauza zaharra eta tikia duk. Ez dik dirurik eginen. Panpinak, behar-bada? Ez, gauza txiki eta leloak bait dituk...

KULISKA: Ez dituk gauza leloak...

ARGENON: Bai, ixo... ! Jarraitzera niak. Panpinak ez. Pentsa dezagun... Gauza modernoak eta haundiak... haundiak eta modernoak. Ba zekiat! Astronautak!

 

(Manibelari bueltak ematen dizka eta espazial soinu bat entzuten da.)

 

PEDRO: Baina... Astronautak ez al dira gizonak? Gizonak, ez dira modernoak. Betigandik izan dituk.

ARGENON: Bai, astronautak gizonak dituk, baina... gizon modernoak. (Manibelari bueltak ematen jarraitzen da. Azkenik asperturik eseri egiten da. Piska batean isiltzen dira.)

KATU: Honek ez dik ezertarako balio!

KULISKA: Profetari, zergatik ez zioguk deitzen? Berak esango ziguk zertarako balio duen.

KATU: Profetari? Horrek izarrari begiratzen bakarrik zekik.

PEDRO: Bai, bai, profetari deitu behar diogu.

ARGENON: Bai, goazen.

KATU: Profetari, nola deituko zioguk? Etxean inoiz ez zegok.

KULISKA: Nere amonak, profetari deitzeko, su haundi bat egiten zuen mendian, eta berehala etortzen omen zitzaion.

ARGENON: Baina hemen su haundi bat egiten baldin badugu, etxea erre eginen zaiguk. Nik ba zekiat nola deitu. Pentsamendu guztiak batera beregan jarririk, eta horrela isilik gaudenean, nik, etortzeko eskatuko zioat.

KATU: Bere etxera bila joaten ez bagera ez da etorriko.

KULISKA: Pentsatu nahi ez baduzu, goazen gu pentsatzera, Pedro.

KOROAK: Pentsa dezagun guztiok! Pentsa... pentsa... pentsa... (Denak belaunikatzen dira, Katu ez beste; Katu silla batean eserita gelditzen da. Eszena iluntzen da. Hurrutitik bezala adituko da:)

                    Profeta etorriko al zera gure gana!

                    Makina bat dugu!

                    Etorriko al zera?

                    Bai, zerutik joanen natzaitzue!

 

ARGENON: Itxoin egin behar zioguk.

KATU: Nik, gainera, ez diat profeta horrengan sinisten. (Une batean denak isilik egonen dira.)

KOROAK: Ba dihoa, ba dihoa, ba dihoa... (Soka batez joaten da profeta eszenariora.)

PROFETA: Hemen naiz... Ni naiz profeta. Nere heharrean aurkitu zerate. Ni behar nauzue. Ni naiz lur onetako salbatzailea. Ni naiz ilunean argia. Ni zeruko izar guztietan politena eta ni behar nauzue. Nik esan nuen zuhaitz beltza eroriko zela, nik esan nuen joan den urtean alkateak aldatuko zenituztela. Nik ba nenkien noiz hilen zen sakristaua!!! Nik dena dakit!!! Nik dena asmatzen dut!!! (Denak isil-isilik daude.)

ARGENON: Bai zeruko profeta, zeruko argia, baina jakinen al zenduke esaten guri zertarako balio duen gure makina onek?

PROFETA: Makinak, gizonak bezala, destinoaren bideetan galtzen dira. Eta haaaaa... destinoa!!! Zer ekarriko dizue gizon ahulei! Destinoa zaldi haundi bat bezalakoa da, hain haundia izatean bere atzaparretan erortzen den guztia apurtzen du.

KULISKA: Bai, baina zertarako balio du?

PROFETA: Haaaa... destinoa!!! Esaeizu gizon hauei zertarako balio duzun. Haaaa... destinoa!!! Zuen galbidea izan diteke. Eta, ha, neska!, kontuz gero!, gehiegi jakin nahi dun. Gogoratu:

                    Sedes sapientiae

                    Causa nostra letitiae

                    Vas spirituale

                    Vas honorabile

                    Vas insigne devotionis...

          Eta honek diona: Mundua gaizki dijoa! Ez nau obeditzen! Eta nik erotu ditut gizon guztiak! Beren artean gerran dabiltza, bizia galtzen. Hor ikusten duzue Belutxistango kalifa gerran. Nik zihortu dut eta mundua lehertzera dihoa! Lehertzera! Soinu bildurgarri batekin! (Burni sartu behar da ikaragarrizko soinu haundi batekin.)

KULISKA: Burni... (Bildurtuta.)

PEDRO: Burni? (Ezin sinetsiaz.)

ARGENON: Burni!!! (Irriparrez.)

 

(Profeta, bildurtuta, lurrean burua beso artean ezkutatzen du. Burnik lima batekin mahaia jotzen du.)

 

BURNI: Mutil lelo hoiek, zer egiten duzue hemen?

ARGENON: Ez al zeunden gartzelan?

KATU: Ihes egin al duzu?

BURNI: Iso! (Elkar hizketa hau prezaka.)

PROFETA: (Bildurrez.) Zer gertatu da? Denok ez al zerate hil?

BURNI: Zer egiten dik hemen profeta zahar honek?

PEDRO: Nik egin dudan makinak zertarako balio duen esateko ekarri dugu.

BURNI: (Lagunei bakarrik, profetak ez dezan entzun.) Honek esan?

KULISKA: Oraindik ez digu esan, baina esanen digu.

BURNI: (Ironiaz.) Zer moduz, profeta? Makinak zertarako balio duen esanen diezula, e?

PROFETA: Isil hadi, deabruaren semea. Zer dela-ta etorri haiz honera? Nik ez diat esan etortzeko! Ni nauk mundu honetako destino-emalea! Ni nauk profeta eta isiltzeko agintzen diat! (Burnik barre egiten du. Ahoan nahasten zaizkio hitzak.) Zeb... pra... tek... (Mahai gainetik eroritzen da: Mina hartu da eta izkina batean marruz gelditzen da.)

BURNI: (Serio jartzen da.) Gartzelatik ihes egin dut, eta poliziak nere atzetik datozte, edozein momentutan irits ditezke.

ARGENON: Poliziak??? Poliziak???

PEDRO: Arriskuan al zaude?

KATU: Harrapatuko zaituzte.

ARGENON: Guk gordeko zaitugu.

KULISKA: Makinaren atzean gorde zaite. (Burni makinaren atzean ezkutatzen da.)

KOROAK: Profetak ez du ezertarako balio!!! Ezertarako balio!!! Poliziak ez du Burni harrapatuko... harrapatuko... harrapatuko... (Poliziak sartzen dira.)

POLIZIA I.a: Burniren bila gatoz.

POLIZIA 2.a: Bai, hori, Burniren bila gabiltza.

POLIZIA I.a: Ea, ikusi al duzue Burni?

POLIZIA 2.a: Ea, Burni ikusi al duzue?

DENAK: (Ikaraturik.) Ez, ez da hemendik agertu. (Orduan profeta tente jartzen da eszenarioaren aurrean. )

PROFETA: Ni naiz profeta. Nik dena dakit. Ni naiz destino-emalea. Nik ba dakit Burni nun dagoen.

POLIZIA 1.a: (Hasarre eta nazkaturik.) Nun dagoen Burni? Zuk gehiegi dakizu.

PROFETA: Bai, nik dena dakit. Burni destinoaren bideetan galdu da, makinaren atzetik. Et cum spiritu tuo, eta rosa intemerata. Burni destinoaren bideetan galdu da. Makinaren atzetik.

POLIZIA 1.a: Zuk gehiegi dakizu. (Hasarraturik.) Destinoa, makina eta hori dena. Bai, bai, gehiegi dakizu!! Gehiegi pentsatu duzu!! Gartzelara!!

POLIZIA 2.a: Bai, hori da, gehiegi pentsatu duzu. Bai, hori da. Espetxera!!! (Profeta oihuka dihoala poliziek gartzelara eramaten dute. Lagunak bakarrik gelditzen dira, eta Burni bere zokotik irtetzen da.)

BURNI: Eskerrik asko, mutikoak! Nik ere lagunduko zaituztet makinak zertarako balio duen jakiten. Profetari deitu? Ha, ha! Nik esan dizuet ez dituela ezer esanen. Horrek neska zaharrei ilusioa emateko bakarrik balio du.

ARGENON: Goazen lanera. Zerbait pentsatu behar dugu.

BURNI: Profetak behin ere ez dute ezer esaten garbi. Sabioari deituko bazenioteke...

ARGENON: Bai, hori da. Sabioari deitu behar zioguk.

KATU: Sabioak ere ez ziguk ezer esanen.

KULISKA: Norbaitek joan behar du haren bila.

BURNI: Ni joanen naiz.

PEDRO: Eta poliziak?

BURNI: Ba, egia da.

ARGENON: Ni joanen naiz.

KATU: Ez da etxean egonen. (Argenon ateratzen da. Isilik gelditzen dira. Katu sabioarekin etorri bitartean. Musika entzuten da eta argiak itzaldu. Argiak pizten dira. Katu sabioarekin sartzen da. Sabioa sartzen denean amerikanoen martza militar bat entzunen da. «Dies ire, Dies ira» kantatzen dure koroek.)

KATU: Hona hemen Sabioa. (Denak zutitzen dira.)

SABIOA: Arratsalde on. Nun dago makina?

ARGENON: Zure atzean dago. Nik esan dut lehen, makina haundia eta modernoa delako, gauza modernoak eta haundiak beharko dituela, baina...

SABIOA: Horrek ez du garrantsiarik; makina bere barnean, halegia, berez makina zer den jakitea da inportantea, ez bere kanpoko itxura. Halegia, makina nola egina dagoen jakin behar dugu. Esan nahi dut, makinaren tankera ez dela inportantea. Esan nahi dut makina analizatuko dudala.

ARGENON: Nik uste dut makinak duen tankerak asko esan nahi duela.

SABIOA: Zaude isilik. Zuk zer dakizu. Ni bezala Ameriketan egon bazina, orduan bai, Ameriketako teknikak jakinen zenituzke...

BURNI: Ameriketan gizonaren ordez makinak dira...

SABIOA: Bai, bai, bai, bai... hala... Ameriketan ikasitako teknika miragarri bat erabiliko dut. Hango unibersidade batean ikasitako teknika miragarri bat. Entzun zazue: Plastiko batez estali behar da makina, baina hontarako jakin behar dugu... Ikus! (Arbelera dihoa eta igeltsua hartzen du.) Esate haterako: X deituko diogu plastikoari eta makinari Y. Bai, bai, bai, bai. Makina Y da, baina makinak alde asko ditu, hala bada Y jakiteko... Begira: A, B, C eta D jakin behar ditugu. A izanen da makinaren alde hau, B izanen da hau (seinalatzen), eta hau D. (Orain denak isilik daude. Sabioak denbora puska haundiari arbelean operazioak idazten ditu. Denak arbelaren ondoan daude, batzuk makinari begira.)

SABIOA: (Besoak altzatuaz.) Makina honi, hau eta hau eta hau falta zaizkio. Eta orain heldu da momentua. Teknikari eskerrak, makina honek zertarako balio duen jakinen dugu. Teknikari eskerrak... (Orduan, Sabioa, makina dagoen aldera joaten da. Makina ukitzen du. Esplosioa. Denak lurrean hilik. Musika entzuten da. Dena itzaltzen da. Geroago argia berriz pizten da. Piskanaka-piskanaka, personaia hilak altzatzen dihoaz, eta banaka-banaka publiko aldera aurreratzen dira.)

KULISKA:

          Ikus! Bizirik al zaudete oraindik, bizirik al zaudete? (Hilei begira.) Ikus! Bizirik daude! (Ateratzen da. Katu altzatzen da.)

KATU:

          (Aurreratuaz.)

          Makinak apurtu du mundua.

          (Ateratzen da.)

          (Pedro jaikitzen da.)

PEDRO:

          Ez, ez gaitu oraindik apurtu.

          Ez da garaitzaile atera.

          Bizirik gaude oraindik.

          (Argenon jaikitzen da.)

ARGENON:

          Pentsa zazue, publiko maitea, hemen gaurko honetan, zer gertatu den. Makinaren indarrak du gizona zapaldu. Bukatu da. Hil gera.

          Antzerki honek ez zuen honela bukatu behar. Bukaera tristea. Gizona hil du makinak. Hitz trajikoak.

          Baina ez dugu jarraiko. Hontan geldituko da. Gizonak behar du azken hitza esan.

          Munduari begira... Gizonari begira... Makinari hegira...

          Azken hitza esan.

          Baina kontuan izan...

          Zer da gizona makinak garaile diren mundu batean? Makinaren indarraz gizona berriro ere zapaldua izaten utzi behar al dugu?

          Pentsa zazue, publiko maitea, hemen, gaurko honetan zer gertatu den.

 

 

© Joxemi Zumalabe / Anton Santamaria / Jose Anjel Eizmendi

 

 

"Makina" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus