SALATZEN DUT...!

Émile Zola

 

        1898ko urtarrilaren 13an Émile Zolak L'Aurore egunkariko lehen orrialde osoa eta bigarrenaren zati bat betetzen zuen gutun irekia idatzi zion Frantziako presidente zen Felix Faure-ri: J'accuse...! Bertan, gertaerak alez ale xehatuz, Dreyfus aferan justiziak egindako bide okerraz gaztigatzen da irakurlea.

        1894an Dreyfus kapitaina degradatu eta hil arteko deportaziora zigortu zuen epaimahai militar batek. Salaketa, ezin larriagoa zen: Alemaniaren alde lan egin izana leporatu zitzaion, traizioa, alegia. Alfred Dreyfus, gainera, ez zen edonor. Alsaziako industria gizon judu baten semea, prentsa kontserbadoreak gogotik egin zuen lana Dreyfus errudun legez ager zedin. Laster zabaldu zen guztiaren atzean Frantziaren kontrako konplot judu-alemaniar bat zegoelako ustea.

        Baina kasuan izaniko zenbait alderdi ilunek susmoak zabaldu zituzten. Gerra kontseilu batek Esterhazy komandantea errugabe jo izanak eta Dreyfusen alde agerturiko Picquart teniente-koronela bere kargutik kendu izanak eztabaida eta salaketa zaparrada piztu zuten. Asko izan ziren prozesua berrikustearen alde agertu zirenak. Ez zen zaila nazionalismo chauvinista eta antisemita bultzatzeko asmoz eskuinaren jukutria ikustea bertan.

        Kontestu honetan eman zuen argitara Zolak Salatzen dut...! Artikuluak berehalako oihartzuna izan zuen. Agertu zen egunean L'Aurore-k 200.000 bat ale saldu zituen. Hurrengo egunean Zolaren idatziaren aldeko lehen sinadurak bildu zituen kazetak, tartean Anatole Francerena, Marcel Proust gazte batena edota Emile Duclaux-ena... Taldea ere agudo bataiatu zuten, erdeinuz, Zolaren kontrakoek: "intelektualak".

        Hiru astera, Zolak gutunean berari gerta dakiokeenaz marrazten duen susmoa, bete egin zen. Epaitua, urtebeteko kartzela zigorra eta 3.000 liberako isuna ezarri zitzaion. Baina Zolak Ingalaterrara ihes egin zuen. Bien bitartean, Dreyfus aferak lehen zegoena baino eten handiagoa ekarri zuen gizartera. Juduen kontrako ekintzak ugaritu egin ziren. Abuztuan, Hubert Joseph Henry maiorrak bere buruaz beste egin zuen. Hil aurretik, Dreyfus aferan erabilitako agiriak faltsutu izan zituela aitortu zuen.

        Ezinbestean, gertaerak zaparradan heldu ziren. Beharrezkoa zen kasua berriro irekitzea. Dreyfus erbestetik itzuli eta komandante gradua eta "Ohorezko Legioaren" gurutzea eman zitzaizkion. 1935ean hil zen.

        Salatzen dut...! epai-akatsen eta gehiegikeria politikoen ekintzen kontra idatzitako manifesturik klasikoena da egun, idazletzan sinesten segitzeko halako ausardia argi bat.

 

 

"Salatzen dut...!" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus