LiFE'S A LONG SONG

 

Janis Joplin-i pertsona ere izan zinelako

Miren Jone-ri mitoa ere izan zarelako

Mila Hz.

6.103 W.

musuka musika

BETI

 

Jose Marik deitu dit gaur arratsaldean Jenny gaizki zegoela esanez, eta berehala joan naiz belodromora. Azken egun hauetan Paseo Berriko hotel batean bizi da Jenny. Atzo ikustera joan nintzaionean, bakarrik zegoen ezkerreko izkinan, lurrean galdurik. Zahartuta ikusi nuen, zimurtuta, begiek ez zuten lehenagoko distira hura. Ez zen sartu nintzela ohartu. Gela osoa hankaz gora. Ohea egin gabe, mantak lurrean, erropak eta liburuak. Ez zen hotzik baina Jenny jertse lodi batez jantzita zegoen, amona zahar gona beltzaz eta galtzerdi zuriz. Ile kizkurrak zintzilik, gonak destolestaturik. Whisky botila kendu nion eskutik mahai gainean uzteko. Bere ametsetatik ateratzeak penarik merezi ez zuelakoan notatxo urdin bat idatzi nion eta poliki, kontuz, zaratarik gabe kaleratu nintzen.

        Lanbroa dago. Kale ilun honetan argi gorrizko letrero hori dakusat. «Marlon's Pub». Londres ez da painelu batean galdutako hiria, oso nekaturik nago. Pub horretan sartuko naiz.

 

                «Ez dut dirurik baina

                zuen espazioaren zatitxo bat uzten badidazue

                zatitutako bihotz batez

                kantatzen saiatuko natzaizue»

 

        Oh! bai! Blues bat Londresen. Blues bat euskaraz. Euskaraz eta Londresen. Sineskaitza, bizitza bezalakoa. Sorpresak ematen ditu bizitzak. Morea ikusten da tipa argi morepean nola ezpainek mikrofonoa inguratzean. Ordea ondoko tximaluzea horiz errainatua dago kitarra akustikoaren pentagrametan, erle bat elikatzen arituko balitz bezala. Eseri naiz eta zerbeza bat eskatu dut. Zigarroa piztean bere ahots beroa mimayor akorde batean bildua eta korapilatua, jirabiran ahotsa eta gitarra hotsa, denboran murgilduz, denboratik ihes. Badu ahots horrek nire tinpanoetako ateak barneratzeko dohai bereziren bat, nire neuronen sinapsiak dardaratzeko doinu bemolizatu bat.

        Lokala ez da handia, kearekin konparatuz gero behintzat. Hala ere bikoteek falta dute zerbait; kearen itzalean bilatzen saiatzen diren zerbait, atzerritar baten kantuak betetzea espero duten zerbait. Eta zerbezak edango dituzte eta zigarroen eskain baiezta piztu erre itzalizko zeremonia errepikatuko bikotearen Jainkosari sakrifizioa eskainiz, eta zerbezak hustuko dituzte. Zigarroa itzaltzean gitarra piztu da eta garretan gora jarraitu dio ahotsak.

 

                «Bakarrik,

                munduak ahantzi nau

                dena alferrikakoa da

                eta ni

                telebistan ispilaturik

                ene begi borobilak

                banoa

                zahartzen

                erretzen minututik

                minutura».

 

        Zutabe horren ondoko mahaiean eserita dagoen hori gutxienez euskalduna dun, euskalduna da. Duen aurpegi horrekin ezinezkoa zaio ukatzea, gainera letrak entzutean jarri duen ardura eta nabaritu zaion harridura aski dira frogantza bezala. Ez dut ondo ikusten argi hauekin, baina gaztea dirudi. Polo beltza eta gabardina, zaharrantzekoa edo zaindugabea, ile motza hiru egunetako bizarrarekin konektaturik patila ez oso lodiez. Heldutasunaren marka guztiak ditu... nik bezala. Nekea da gaur enegan nagusi, hala ere beste kantu pare batekin bukatuko du saioa. Horrelako zulo batean itota sentitzen naiz, bizia lehortzen den bezala zintzilitegietan eskegirik, hala ni txizpa kableen arloan. Watioek zapaltzen naute plataformaren kontra, bere zama elektrikoaz ene gorputz lerdena ahultzen eta desliluratzen. Garestiegia da mundua bizitza munduan bizitzeko. Bukatzean aitzakiaren batekin, edo gabe, zeren atzerrian euskalduna izatea nahikoa aitzakia baita, horrengana joango naiz, ea zer esaten didan.

        Saioa bukatu du baina azken hitzak barnean korapilatu zaizkit urdailean, hesteak irauli dizkit.

        «I'm basque. I was a basque patriot but now Euskadi is dead for me. Suddenly all is dead for me».

        Badu zerbait neska honek, bai badu. Zerbait esatera joanen natzaio, interesgarria deritzot.

        Aurrea hartu dit ordea, badatorkit. Nigan erreparatu da nonbait. Ezinezkoa da atzerrian euskaldun baten aintzinean atzerritarra izatea. Zahartzen suddenly all is dead for me telebistan ispilaturik ene begi borobilak. Hurbil dut, mahaietik hiruzpalau metrotara. Ez da handia plataforman bezala. Ez dakit hau ahotsarengatik edo watioengatik beste zerbait zen, handiagoa, difuminatuagoa, espiralatuagoa... ez, ez, espiritualagoa ez, oraindik ere ez zaidala hitz hau desterratu, nola esan daiteke gaur egun espirituala, nola adierazi abstraktotasun hori hitz abstraktu baten bitartez. Eta bere soinak kea ebaki du, bera osorik dakusat. Bakeroak eta kuadrozko alkandora gorria, zeinen azpian nabaritzen baitira bular borobilen mugimendu elastikoa eta titien tinkotasuna, zeinek sortzen baitute enegan begiak altxatzeko behar soziologiko bat, gaizki ulertutako errespetotasun baten arbitrarikeriak sortutakoa. Begiak ere ederrak ditu, sakonak, aintzira berdeak, non murgiltzen den ene begirada.

        Zigarro bat eskatu diot heldu natzaionean, nolabait erre behar nuen geure arteko espazio ezezaguna, bere eta nire arteko hutsune zilindrikoa, eta horrelakoetan, jakina da, erreflexoz doi-doi martxan jartzen da guregan sinbiosia lortzeko prozedura. Zigarro bat kasu honetan. Gabardina horrek itxura oso egokia ematen dio, gogora ekartzen dizkit frantses intelektual existentzialistak. Majoa. Bere ezpain lodikoteak laztandu nahi nituzke eneekin, belarrietako espiraletan ene behatzak samurtu, maiteko haut gaur, gaur maite behar haut. Sentitzen diat hire presentzia hurbila, ez dago lasai, ez du asmatzen zigarroa paketetik ateratzen, gorritu da, zein maitekorrak diren gizonak gorritzen direnean.

        — Sua ez, eskerrik asko, badiat. Nongoa haiz? Ni Jenny nauk, Donostiarra jaiotzez eta mundukoa bizitzez. Oso begi ederrak dituk.

        — Hernanikoa —esan diot justu-justu, eske horrelako rotundidadez eginiko afirmazio baten aurrean..., piropeatu nau, inkreiblea—. Ah! Beno, bai, Xabier naun.

        — Xabier, joango al gaituk ene etxera?

        All is dead for me. Kezkaturik nago. Jose Marik ireki dit bestuarioko atea. Biak bakarrik daude. Gaizki dagoela esanez agurtu nau. Ordu bete horrela dagoela. Ez duela berarekin hitz egin nahi. Tokadoreko aulkian eserita dago. Burua bi eskuekin jasorik ispilura begira. Begiak begietan: hitzik gabeko kantua. Begien espazioan galdurik, denboraz musika eginik, ispiluan dago eta ispiluaren aurrean dago. Musikarekin gertatzen dena, musikoak daude baina musika da. Jennyk kantatzen duenean, ahotsa da guztia, ahotsak inguratzen gaitu, ahotsak barrenatzen, bere ehun mila watiotako potentziaz, areago bere ahotsa hasperen bat baino ez denean, orduan uzten baikaitu stadium bat bete jendez gizartearen bakartasunaren orekan zintzilik. Pintura zuria hartu du aurpegia pintatzeko eta ez da konturatu ere egin beste pote guztiak tokadoretik bota dituela. Ordea aurkitu du whisky botilari beste trago bat emateko erarik. Gogoratzen dut nola atzo Jennyren hoteletik irten nintzenean, denbora librea nuenez Paseo Berritik promenadetxo bat egitea deliberatu nuela. Hotzikara haizearen freskotasunean, uhinen zarata ene tinpanoen kontra, farolak eta bankuak landaturik, asfaltozko geografian, ikusten nituen denak batera, sentitzen nituen denak batera. All that I'm. Denak egin nituen, denak zeuden nigan. Jenny ere bai. Bere wihsky botilarekin eta bere ametsekin nola exitoa asfaltoan itorik hala zegoen Jenny gelatxoan izkinaturik, merkuriozko jauregietan funditurik bere bizi bitxi guztiak. Belarrien kontra olatuak. Falolepotxotik heldu eta drink for love white. Eta ez daki pintura zuria nola eman, nola aplikatu eskuarekin. Eragiozu eskutxoari behin batera eta behin bestera.

        Laugarren pisu gris eta zikin kolore bateko pasiloko azken eskuineko atea ireki du Jennyk, eta sartu gara. Apartamentuak ez du handia izateko itxurarik, gela hau eta bi ate besterik ez ditut ikusten. Gela honetan ohe bat dago ezkerrean, flexo urdin bat mahaiaren gainean justu gelaren laukia erdikatuz, bere inguruan pare bat aulki eta zenbait liburu lurra enmoketatuz. Eskuinean hogei watioko anpli bat eta tokata zahar antzeko bat diskoak dauden apalpean. Aurreko horman armarioa, ispilu batez jantzitako armarioa, gu biok ispilatzen gaituen armarioa. Gitarra lurrean dago armarioa eta mahaiaren artean, gitarrra baita lurrean utz daitekeen lagun bakarra, lagunik onena berarekin barre, negar egin ondoren, lurrean eta bihotzean egoteko prest dagoen bakarra. Sonorizazioa, instrumentalizazioa, bakardadea, Jenny, hala ere ni berarekin nago, biok gaude, bikotea, komunikazioa, pertsonifikazioa.

        — Jo ezan zerbait —esan diot ohe gainean eseri naizen bitartean, seguru aulkiak baino erosoagoa dela.

        — Ez diat gogorik. Bizitza kantu luze bat da. Gustatzen al zaik Jethro Tull? Jarriko diat. Hi, eta zertan ari haiz Londresen?

        — «Life's a long song, Life's a long song».

        Bere ondoan eseri naiz, ileetan korapilatu dizkiot hatzak, buruazalean sentitzen ditu, gero jaisten belarri atzeetaraino, itzulikatzen belarri ertzetan, kopetatik bueltan berriro zirkuito berdina.

        Belarripeetan dastatu dut lehenik bere beroa, zuria, fina. Lepo meheak debilidade zaizkit. Lepotik behera, alkandoraren lepoa, kolkoa, kolkotik hatzak, kolkotik dena. Koadrozko alkandora borobila eskuek bularretan paratzean.

        Bada etxetik alde egin ninan lehenik, orduan, bai oraindik komunik ez zegoen garaian Azpeitiko baserri batera. Baratza lantzen eta mundua konpontzen aritzen ginen geure artean. Herria, indibiduoa, soldaduska. Soldaduskarako garaia etorri zitzaidanean pirea, merkante batean sartu eta mundua itzulikatu. Hiru urtez merkantez aldatzen eta ene barneko moilaren bila. Joseph Conrad-en nobeletan bezala, ibili eta ibili, orain autobiografia antzeko bat idazten hasi naun. Hogei eta lau urte eta autobiografia... Zahartu naun, mende laurden bat asko dun gazte batentzat. Bai, bazakinat soldaduskatik ihes eginda ez dudala ezer konpondu, baina ni ez naun gauza besteek inoiz kuestionatuko ez duten borroka batean martiria izateko. Ez naun heroi bat, iheslari bat baizik. Ze rollo txarra, ez? Egingo al dinagu kanuto bat?

        Bizitzak sorpresak ematen ditu. Deputamadre zagok txokolate hau. Soldaduska eta ihes, je, je, oso ondo zagok benetan. Bada ni ere iheslari bat nauk. Barzelonan ikasten nian, tercero de pura, puroa, kanutoa, ze deskojonoa ezta?, filosofia. Asanblada batean hitze egin eta kaleratzean han nian Hunpri Bogart zain, ea nahi nuen unibertsital komisioetan sartu. Hasieran moskeoa, badakik, sekreta edo zer ote zen, gero kartelak, panfletoak, bilerak, betikoak. La vasca ezizena jarri zidatean, eta horrekin geratu ninduan, eta nik euskadin erdadin baino gaztelera hobea egitea zela pentsatzen nian, ke fallo. Marcuse irakurtzen genian, ez al duk inoiz irakurri? Eros unidimensional y el hombre civilización. Oso ona kanutoa. Eta manifestazioak? Haiek zituan, haiek. Gehienez hamar minutuko manifestazioak. Noski, bofia despistatzeko. Baina sei manifestazio edo gehiago eguneko, ez ezak pentsa ezer ez zirenik, keba. Komite bakoitza arduratzen zuan manifestazioen seguritateaz. Zein kaletan ipini barrikadak, nondik ihes egin, dena pentsaturik genian aurretik. Ez dakik zein iaioak zituan troskoak koktelak prestatzen, beti puntuan edukitzen zizkiaten. Sorpresak ematen ditu bizitzak. Egun batean etxera iritsi nintzenean, nere bila izan zirela. Bofia, zein ba? Hanka egin nian Frantziara. Parisera. Paristik natorren artista bat naiz ni. Ondo jotzen dik kanutoak, e? Jose Marirekin hitze egin nian telefonoz, Jose Mari, bai, joder, nirekin jotzen ari zena, ez al duk gogoratzen, pubean, ile luze bat. Berak hor jotzen zian, probatzea ez zitzaidala ezer kostatzen eta etorri ninduan Londresera. Jenny gurea Londresen, Jose Marirekin jotzen.

        Zuriz aurpegia zerbait ezkutatu nahian bezala Jennyk, edo zerbait ageri nahian bezala, zuriak bakarrik adieraz dezakeen zerbaiten bila Jenny, musika zuri dadin Jennyk aurpegia zuri. Jose Mari eta ni isilik gaude, zuri Jenny, jarrai dezan bere itxura aldaketarekin nahiz eta bota hemendik perfume pote batzuk eta handik falolepotxotik whiskyari beste xurrut metafisiko batzuk. Eta mirestatzen dut Jenny horrela dagoenean, beste zerbait horren atzetik dagoenean, through the mirror ispilatzen zaion irudia, musika. Miresten dut Jenny osoa, areago enbiria diot Jenny osoari, beharbada nire egoera orekatsuaren eragina, nire epeltasunaren arauez, nire oinarrizko beharren gaineztetaz datorkidan autosufizientziaz, nire zoriaz, miliaz libratzeaz eta etxera itzultzea. Kaxkartasunaren aire neutroan flotatzen dudalako miresten dut Jenny, bere dolua ezik. Hala ere, badu bere doluan nire aldera, ispiluaren alde honetara, iristen ez den zerbait. Abstraktoa. Musika. Artea. Amodioa. Espiritua. Baina bere dohaiak erretzen ditu marihuanaz nahasirik, izineratzen ditu zuritasun konikoetan, hiltzen ditu anfeta borobilez, eta zulatzen mila zulotan, zulo handi bat geratu arte orratz hipodermikoaz, zulo zuri hauskor bat bihurtzeraino, minututik minutura hiltzen, bere azukrezko bizia akabatzen. Bizia kantu luze bat da!, bizitze orratzak ildo sakonak eragiten ditu gizonarengan, diskoak amaigabeko kantua itzulikatzen du gelditu gabe eta agian horregatik lortu du Jennyk beste aldekoa izatea, heriotzak eskaintzen digulako, bere heriotza eskaintzen duelako publikoaren herioa ahantzi arazteko. Hala ere lortuko balu ekonomia onuragarri bat heriotzarekiko izanen luke, nahiz eta drogatzen jarraitu, nahiz eta jendearen arreta galdu, beste aldean daraman hori musikatzea, ezagutu araztea, kanalizatzea. Baina ni idazle kaskar bat baizik ez naiz, nere bizitzaren idazle kaxkarra, imajinazio koxkorrik gabeko kaxkarra, amesten ahantzi zaion haragizko makina. Eta jarraitzen du Jennyk bere aurpegia pintatzen. Orain begi inguruak beltzez pintatzen ari da. Jose Mari gitarra afinatzen hasten den bitartean. Gitarra elektrikoa. Gitarra berri-berria, Amerikatatik ekarria, akerrak kanta, idiak dantza, ahuntzak bateria jo. Carlos. Michel eta Roberto sartu dira oraintxe, barrez, beti barrez, txisteak kontatzen, irribarrea jotzen, saxoa, bateria eta bajoa. Umetan bakarrik izaten den kontinuitate batez lotzen dituzte egunak eta segundoak, barreak eta arazoak. Esan didate irri, jiji, gaur Jenny pasa egin dela, pintxazoa ez dela nolanahikoa izan, eta halaber ez dioela erretzeari eta edateari utzi. Belodromoko ateak ireki dituztela, eta jendea sartzen hasi dela. Ordu erdi bat eta.

        Hiru hilabete hauetan Londres elkar konpartitu dugu, Londresko kupida sartu zaigu leihotik lanbro grisaren gisa, inguratu gaitu. Amodioa ez da behin Jennyren belarriondoko ileetan kulunkatu zen tximeleta bat, gu egunorokotasunaren murgildegian amildu garen bezala. Ohean eserita dago Jenny, izter leunen mamia akoltxaturik, zangoak gurutzaturik. Malkoak bezala bularrak gainbera soinean, itotzen itota, ilez isladatuta lepoa. Jennyren argazkia, sedazkoa biluzik, hash koxkorra eskuan ustez gogorra eta ohartzeke erretzen ari dena, objetiboa irekita, despega zum. Badira une batzuk zeinetan ziniko hutsa sentitzen naizen, zeinetan gizarteko tabuek hortzak erakusten dizkidaten, orduan gaizki egiten dudala pentsatzen dut, Jenny gauzatzen dudala, gauza bihurtzen dudala, bere pozak exprimituz bere tristurak isuriz, une hauetan pentsatzen dut nirekin daramadan eta laket ez zaidanean zakarrontzian abandonatzen dudan komiki bat dela. Totem eta tabu. Feministek sortu dituzten more tabu horiengatik sentitzen naiz une hauetan ar hispaniko kastratu baten gisa. Ez, hau ez da horrela. Jennyk zerbait nahi du eta nik ere bai. Suharki eta keinu nabarrez murgil gintezke bata bestearengan, hondorik gabeko jirabiretan, zerbait nahi dugulako bakarrik, bainn akertutako geure gorputzek eta laztanek ez digute ezer ahantzi araziko, gogoratuko baizik zerbaiten bila gabiltzala. Gure gorputzak zirikatzea besterik ez genuke lortuko, igurztea eta mihikatzea, bazter guztien miazkatzearen ondoko deszorian, nekearen desparadisoan erortzeko.

        Xabik berriro musukatuko banindu, benetako musu batez itzuliko nioke berea, gutxienez pixkaterako apartatzeko beregandik desesperantza nabari hori. Baina orain ez du intentatzen ere, erretzen jarraitzen du eta gelatik paseiatzen, orduak ez dio axolarik ere. Egunero zain egongo ez banintzaio ziur naiz ez lukeela bodka tantarik utziko botila kosmikoetan, eta jarraituko lukeela Marlow eta Kurtz-i buruz hitze egiten ilunpeetako bihotzean. Leihotik begira dakusat, patioko tendereteetan tolesturik bere begirada urruna, gutxiago pentsatuko balu eta gehiago maitatu! Ez. Inposiblea. Ezina. Beti bezala ordezko zerbait egingo dugu, zinera joango gara edo rezital batera, zigarroak eta marihuanak jarraituko dute betetzen elkarriko betegaitzaz egunero. Bai, nabaritzen dut, ez dira berdinak Miller eta Proust-en munduak eta kontradizio horretan bizi gara, ez ditugu gainditu. Eta beti da horrela, alferrik ari natzaio buruari bueltak ematen, pena merezi duen etorkizun baten faltan, hau da, Xabierrek bere presentziaz beteko lukeen etorkizun baten faltan ez du pena merezi amorratzeak, ez eta penarik sufritzea. Ala baita dolu egingarria, amodiotan dena, beti penan baitaramatza gaua eta eguna... Ez da bada pena ene bihotzean dena? Ez al da kanta? Kanta da. Muermo bat baina kanta. Musikatuko dut. Musikatuko dut ene bizitza, talde bat montatu behar. Rock gogorra, oso gogorra, gogorra baita jendea, inork ez du ezer aditzen, inork ez du ezer aditu nahi. Punk!

        Ordu erdia eta dena prest, ezina da orain honi atzera ematea. Gainera, Jose Marik exajeratzen du, arrokak egiten ditu harlearrez. Jenny ez dago gaizki ez, flipe eder bat duela besterik ez, ikusi ohi dut okerrago. Londresen gaizki pasa zituen nik utzi ondorengo egunak. Badakit. Baina utzi behar genuen, konprenitu zuen, eta sentitu ere sentitu zuen, baten batek esan zuen bezala arrazoiak baititu bihotzak arrazoiak entelegatzen ez dituenak. Beti berdin, zein gaizki enroilatzen naizen, bihotza, zer da bihotza? Bihotz-begietan beltza, beltzez pintatu ditu begiak Jennyk, morez ezpain ubelak, prest dago. Itxuraldatu da. Fama eman dio itxuraldaketak, exitoaren bideak ireki dizkio nola sei serafin sedazko hegal urdinez ada ipuinetako pertsonaia miserableenari gazteluko ateak irekitzen. Lehenengo diskoa grabatu zuenean tronpetazoa. Bloom. Jendeak ez zuen ulertzen nola hizkuntz hain primitibo batetik ahots haren bidez rock and roll martxoso horiek atera zitezkeen. Berria. Arraroa. Bat, bi, hiru, lau, go, gu, rock and roll. Inglaterra, Frantzia, Alemaniako telebista. Eta entzun ziren hemendik oihartzun batzuk, Europako talde onenetako batek euskaraz! FM radio SS zuekin berrogei printzipalak, orain entzungo dugu Jenny, euskal kantaria, eta munduan triunfatzen ari da. Bere kanta izango da... «Rock eta Rock bideo». Y os recordamos que el sábado próximo con nosotros en Donosti, nuestra entrañable Jenny, orgullo de la city, e.a., e.a. Karlos Mitxel eta Roberto jijiji eta jajaja, irten dira, badoaz eszenariorantz, Jose Mari ere irteten ari da. Jenny bakarrik ispiluan, ispilutik eskatu dit sky arrosazko buzoaren kremailera lotzen laguntzeko. Eta lotu diot, lotu dut azken korapiloa, geure arteko kremailera betirako itxita gelditu da, nola arrautza gorringo bat azaletik paelara hala eguzkia arratsean murgiltzen itsasora, ito du Jennyk azken hitza: gaur bizitza honekin bukatuko diat.

        Atope belodromoa. Topo guztiekin. Topo, satorra, trena. Ze trena daraman jendeak, a zer martxa. Topet. Kontxo, hernaniarrak. Iepa. Topo. Abalantxa egin diagu. Gehiegi. Kezkatzen nau Jennyk. Beste pintxazo bat eta pott. DoMin ArDoLa ezkerretan, tan enpalagosoa. Aio. Mikel LaDoa. Ikimilikiliklik. Argiak klik, Itzali dira. Beltz, Isil. Watio guztiak. Gitarrak W.W.W. Eszenarioko argiak. Akorde batzuk. Txalo. Please, txalo. Jenny is here. Txalotxalotxalo ta txi tsi shi shisch haschis. Arrosa Jenny. Hartu du mikroa eta publikoari agresiboki:

 

                — «Zer nahi duzue? Martxa? Zertarako dituzue zuen organoak?

                Jo ezazue, jo ezazue.

                Jo larrua.

                Jo larrua, kanta rock ta roll»

 

        W.W.W. Txaloak. Oihuak. Bero dira guztiak. Badaki Jennyk nola manejatu jendea. Beti egiten du. Jendea poltsikoan sartzen du eta gero mikroa. Mikroa. Mikroa ezker eskuan, ahoa zabal-zabalik, ezpain moreak, rock, rock, konbulsioak, saxoa sartzen da, akojonatua duk Karlos, bakarra da saxoa jotzen, ilunpeturik gelditzen da ordea Jennyren ahotsez saxoa, eta sexoa. Eskua sexoan, eta jotzen jotzen rock and roll. Massak altxatu dira, dantzan. Gogoratzen dut Jenny. Londresen, minuturik minutura bere bizitza erretzen telebistan ispilaturik bere begi borobilak. Sorpresak ditu ematen bizitzak.

        Eskua altxatu du Jennyk taldekoak geldiaraziz eta kostatuko balitzaio bezala eta zuri baino gehiago zurbil hasi da:

 

                «Engainatzen gaituztela!

                Nire medioz bete

                bete nahi dizuetela

                amodioaren

                hutsune ustela».

 

        Jaitsi du eskua banda sartu den bitartean. Azken hitzaren garrasiak jela sortu du belodromoan, ustelaren dardarak hedatu dira barneetan. Ahozkatze horrek bakarrik balio zuen bizi guztian entzundako musikak baino gehiago, eternitatearen konpasean bestaldekoa eman digu ahots modura. Entzun berriro gelditu du taldea:

 

                «Ene suizidioa nahi duzuenez

                zeuen koldartasuna bizitzeko

                bizi naizela amestu dudalako

                pentsatu dut:

                nik ere dezaket kantu luze bat atttt».

 

        Ilunabarra: belodromoa husten denean nonbaitera joaten direnean musikarekin: aharrausiak, koadrilen berehalako iratzartzea, massa bihurria nola xingurritegi bat kate produkzioan gelditu gabe: kaleetako espazio hutsen agertze astiroa: kotxeak, faroak pizten ipurtargiek bezala, errainuz zulatzen gaua: komentarioak eta epaiketak, gizakiaren galderak bakarrek, jaialdiak, filmeak, telebista: ahaztea erletegia alda genezakeela: bestela neurosiak: gogora araztea geure objetibo bakarra progresoa dela: gure behar guztiak beteak izango direla eta ez pentsatzeko: pentsatzea ez da behar bat izango gure etorkizuneko gizartean: baditu Gizarte Ama Sainduak agintari dotoreak geure ordez pentsatuko dutenak: gizona eta makina bateratu, elkar bizitzea lortu: sinapsia gizon makinen artean, inolako behar kulturalik gabeko gizon makinak sortu, denbora librea produktiboki bete dadin kontsumo beharrak hedatu: dimentsio bakarreko gizona gizarte libre eta zoriontsuan, aldaketaren zentzurik ez duten gizonak erleak erletegian bezala: eztizko paradisuan zoriontsu izango den gizona: alienazio orokorra. Jenny? Jenny? Non hago? Xabi naun hizkuntz operazionalaren xedeetan harrapatua, hi musikaren funtzionari agintari bihurtu haizen bezala, ezina den geure exponentea eta hutsa oinarria. Musika eta ipuina ditinagu denbora eta espazioa, egunero betetzen ditinagu orri eta belodromo, gero iragan denboraren presentziak borra ditzan. Kontakizun guztiak. Kantaldi guztiak ditinagu zain betetzea tokatu zaigun orrialde zuri eta eszenario beltz honetan.

 

 

Xaguxarra-1

1980

 

 

© Iñaki Uria

 

 


"Iñaki Uria / Ipuinak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus