ARGiZAGiA BERA BEZAiN EDERRA

 

Lehengo batean, xirimirizko baserdi eta baserdien artean, kanpotik bezain bustirik ginela barnetik, altxa egin zuen eguraldiak, eta han agertu zitzaidan begien aurrean, argizagia bera baino distiratsuago, lanbroek estalia zidaten andere zoragarri hura.

        Ilargia bailitz geratu nintzaion begira tonto-tonto eginda.

        Ze arraio ari haiz begira?, galdetuko zidan ziur aski, ze ilargia begira nengoela uste baitut erantzun niola.

        — Jesus —aditu nion— hi bezalako mutil-zahar bat eta hire hogeita hamar urteekin ilargiari begira? Nahikoa denbora ez al duk eduki hura begiratzeko?

        Lainoek fuerte korritu zuten, eta berriro hasi zuen xirimiriak goitik behera, egarriz ginela gogorarazi nahian bezala. Ardo gorrizko ttantta finez busti genituen ezpainak eta barneak, bion arteko bidezidorrak gero eta labainagoak bihurtu genituelarik. Ilbehera eta ilgora osatzen zuten ezpain gorriztatu haiek ene lanbroetatik gora.

        Hitze egiten hasi ginen nonbait. Han agertu ziren bidaiak elkar irristatze bati elkarrizketaren jantzia eman nahiko baliote bezala. Udazkena zen.

        Italiako mutil ederrez aritu zitzaidan, ez zela harritzekoa han, marmolezko hainbeste monumentu izatea, azal leunezko hainbat eredu bizidun edukita. Greziako gau eta itsaso urdinez, hango ardo txuriaz. Denak ikusiak zituen uda horretan.

        — Urrunago joan nahi nikek dena den?

        — Nora? —galdetu nion Arkupeta, Aralar eta Erniope baino urrunago ezagutzen ez nuen neronek.

        — Ez zakiat baina urrunago.

        Atertu zuenez, taberna hartatik, Mendaurretik, laster kaleratu ginen Erniope bidean ez bustitzearren. Han zegoen ilargia lanbrogune hartan.

        — Hik ilargira joan nahiko dun —esan nion txantxetan.

        — Hori duk. Ilargira. Beste galaxia batera.

        Adiorik esan gabe alde egin nion hurrengo kale kantoitik. Nori burura dakioke tabernarik ez dagoen toki batera joatea? Joan zedila bakarrik!

        Hau duk hau mutil zaharraren arraiokeria! Hogeita hamar urte, eta argizagia... begiratu besterik ez!

 

 

Susa-6

1982ko azaroa

 

 

© Iñaki Uria

 

 


"Iñaki Uria / Ipuinak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus