ESATEKORiK EZ

 

Munduyan ezta gauçaric hayn eder ez placentic

Nola emaztia guiçonaren petic buluzcorriric

Besso viac çabalduric dago errendaturic

Guiçonorrec daguiela harçaz nahi duyenic.

                        BERNARD ETXEPARE

 

Bila nezake beteko nauen zakil bat,

baina ez lidake hegan eginaraziko.

Bila hezake estutuko hauen alu bat,

baina ez likek negar eginaraziko.

                        ERICA JONG

 

Sujetadorearen hebila askatu nahian ahaleginduz-edo, lo hartu ez dit ba babo honek!

        Egia dun karga-karga eginda etorri garela, baina no me jodas, zer egiten dut nik nire ohean mamotreto honen zurrungak aditzen!

        Ducados bat piztu du Mari Lolik. Ordubiak eta laurden.

        Hasperen batean bildu zaizkio kea eta gauaren luzea. Bere izenaz ere akordatzen ez den mamoi bat dauka ohe gainean, ezkerreko besoaz gerritik heltzen diola, eta, bizkar gora, zangoak belaun parean doblatuta.

        Barregarri derizkio tipoaren puntoblancozko galtzerdiei, negargarri haren piurari.

        Errautsa hustu du zenizeroan. Hor dago Mari Loli den-dena tipo batek gerritik helduta. Ohe gainean eserita. Blusa zuria barne-leihoaren gortinak bezala gauari irekita.

        Hartutako prezioan salduko nioke bere amatxitori! Ama Birgina ematen ez dinat ba Jesusito magalean dadukadalarik? Zer edo zer egin beharko lo hartzeko. Hau den arraiokeria: laguna etxera ekarri eta arropak kendu baino lehen, lo. Ez dinat badaezpada ere gehiegi mugituko: hau gauza dun txahala egin eta ez konturatzeko.

        Bukatu zaio zigarroa; despertadorean itzali du zenizeroa zelakoan. Kokota atzetik pasa ditu bi eskuak ile mataza beltza harrotuz. Ederra kausitzen da ohe aurreko ispiluan bere begirada erreparatzean, gela zainduaren airean gizonezko kiratsa usnatzean.

        Blusa txuria pixkanaka eranzteari ekin dio kulunka, gin-tonik itsaso batean ontziaren belak haizeak puztutzean bezalaxe. Muino pare baten antzera bularrak agerian. Titi koxkorrak tente gogor-gogor eginda.

        Eta beste hau zurrungaka!

        Ez du ezertan pentsatu nahi. Nola hartu lo? Nola kendu galtzak bestea esnatu gabe?

        Kendu dio besoa beraren gerri gainetik. Uuum. Buelta eman du besteak. Egoeragatik edo, bero lago Mari Loli. Xarmangarri zaio bakero estutan eskuak pasatzea. Izterrak gogortasun horretan ferekatzea.

        Ez zakinat, gau honetan, eginda ere ez naun lasaituko!

        Aldameneko txoroflauta dakusa ispiluan nola elkartu diren gogoratzerakoan. Ikastolako gurasoa. Separatua. Murga ederra eman dio Mari Loli andereñoari. Haurra zela, pedagogia zela. Hitze egin eta edan. Azkenean etorri dira etxera, eta hara!

        Gehiago berotzen da, bestea hor etzanda ikustearekin, baina manta bat jarri dio gainean. Beti, ama edo andereñoarena agiten! Inor ez al da berarekin akordatuko? Inori ez al zaio okurrituko berak ere gaztetasunaren azken lora udazkena baino lehen usaindu nahi duela?

        Gero Jose Joakin datorkio burura, galtzak kendu eta maindire artean sartu orduko. Hor barruan gordeta legokeen mamu bat bezala agertzen zaio beti insomnio gauetan. Ia-ia berriz ere berarekin bueltatzeko gogoa datorkio. Egia da hilda zegoela matrimonio hura, egia aspertu besterik ez zela egiten azken garai hartan. Baina bost urte pasaz gero, bazirudien gero eta hurbilago zeudela elkarrengandik. Haurra ere egin zuten ia. Eta hala eta guztiz ere alde egitea erabaki zuen. Kabi segurua nuen hura, baina tristea da mundu honetara etorri eta ezagutu gabe alde egitea! Egoera onartu, ala ezezaguna bilatu. Agian, bakardadea.

        Gaur gauen valium tortila bat eginda ere ez ninake lorik hartuko! Zer ote dauka buruak edaten dudan bakoitzean honelako martxa bizian hasteko? Zergatik iruditzen zait gauzak inoiz baino garbiago dakusatzadala?

        Eta masturbatzen hasi da xuabe-xuabe lo hartzeko itxaropenean, jolasean, pottottako ezpainak zabalduz piku ireki emankor baten gisa, ahaztu beharraren itsasoari desaguea bilatu nahian bezala.

        Iñaki pasa zaio burutik, behar den tenorean deitu eta agertzen den Hadamadrinaren gisara. Jose Joakinekin bizi zenean ere hari kontatzen zizkion denak. Ez zion sekulan oheratzea eskatu. Ez zitzaiokeen gehiegi inportako, baina ez zen hori Iñakirekin zuena. Aterpe ederra zen zapar egunetarako.

        Mutur bera jarri da orain Mari Loli. Gaztainak danboliñan baino buelta gehiago ematen ari da. Oilo ipurdia jartzen zaio aldamenean beste bat lotan daukala pentsatzearekin bakarrik.

        Eskerrak seko dagoela!

        Eta irribarre sano batek gurutzatu du bere gorputz osoko azala, erreka fresko batek ibarra zeharkatzen duen eran, belarra bezala hazi araziz soineko iletxo guztiak.

        Ezpainak, ate itsuak, igurtzi eta igurtzi bata bestearen kontra. Itsasoa arroken kontra nola, hala ezpainak hortzen kontra. Gogor, eta goxo. Indarrez, eta xamur.

        Ahaztu nahi du Mari Lolik. Ahaztu bere emakumezko milioi urte horiek. Guri ere etorriko zaigu udaberria!

        Udaberria da hain xuxen ere bere azalean dastatzen Buena. Bizitza.

        Eguzki printzek bezala berotzen dute bere sabela atzamar luxe goxoek. Ez da akordatu ere egiten bere aldameneko lotiarekin.

        Arratsa, bera-bera, hasia zen jada besarkada ero batean biltzen lurra. Han, haranzkaldean, eguzkia goian. Plast, amoros hondarrean itsasoa. Sarkor alu-ile bakoitzean emarotasun ihintza. Begiak itxi ditu Mari Lolik bere burua ikus dezan hondartzaren ertzean, bustitasuna dasta dezan hondar gainean. Ez ote da ase nazan itsasorik? Eta olatu lasaien txaplastadak entzuten ditu begi itxiekin. Oin-hutsak urrats bakoitzean hondartzan errotu nahian-edo. Oroitzapenak atzean, hondarretan oin-letraz. Arin doa. Haizetsu. Zergatik datorkit, beti, hau burura? Zergatik neronekin jolasten hasten naizenean? Izerdia ere hasi zaio azaleko hondar xulotatik. Eta gizona agertu da plaiaren bestaldean. Betiko gizon bera. Gizona. Eta gustura sentitzen da uraren mugetan gizonarekin. Esfera bat bezala zabaltzen da ortzia, itsasoa eta hondartzaren gainetik, klitorisa bezala, beraiek urertzean besarkatzen direlarik. Eta nabaritzen du marea gora datorkiola. Ez da ondorengorik ez duen olaturik. Bata dator. Gero bestea. Hurrengoa. Pausaldi bat. Berriro dator itsasoa gainezka olatuz olatu. Eta nahi du. Eta musu eman dio gizonak. Eta itsasoaz estalirik somatzen du bere gorputza izerditan. Sabelkadak. Eta ferekatzen du ezkerreko bularra, sakatzen du kasik. Titipuntak hondar muinoen gainean. Kalkatu egiten ditu behin eta berriro. Eta behean sua itsasoaren erdian. Klitorisa eragin. Plast olatua gora. Bzzz behera. Baai. Etorri. Baai. Ooi. Aaah. Goian da marea. Itsasoa bera da, arraintxoz beterik, gorputza. Eta olatuak elkarren segidan bezala, heldu zaio orgasmoa behin eta berriro hondartza estali arte. Lasai geratu da Mari Loli. Bare bare. Bapo eginda.

        Eta tabernan hago hi. Andereño horrekin. Eta beste puntan dagoen neskatto hura? Hogeiren bat urte izango ditik. Gerri estua, magal zabala. Kuleroen goma nabarmentzen zaiok franelazko galtzetan. Galtza xuri, bonbatxo hunkigarriak. Horrekin joango hintzateke. Baina ke humos. Kea dagie haren ezpain iheskorrei. Beltzarana. Polita, ezta? Buelta graziosua egiten dio txaketatxo beltzak ukalondoa barran daukalarik. Nor ote berarekin dagoen gafitas hori? Begiratu egin hau. Hik segi egin diok begirada. Erotzen haute bere begiek. Berriz erreparatu diok.

        Gero etxean zaudete biok. Poltsa utzi dik lurrean. Gogortu egin zaik. Bertan besarkatu duk, hire zakil gogorra franelazko galtza txuritan paratuz, neskattoaren alu parean. Fuerte heldu dik beste hori han igarritakoan. Gehiago estutu duk, eta odola igo balitzaio bezala ozendu zaiok arnasa. Aurpegi luxexka dik, matrail beteak.

        Bruma beroa hedatuz doa aire geldian. Aurpegira begiratzen diok heldu bakoitzetik desitsastean. Txikitu egin zaizkiok begiak. Sudur motza. Ezpain gordinak.

        Gaztea izanik ere dena dakiela zirudik. Su bizia piztu duzue begietan.

        Utzi egin haiz bere besotan sugaiaren gisara. Sua harrotuko duen haizea bezala.

        Txaketa beltza erantzi dioanean, haren bizkarreko azala ukitu duk, haren jertse rosaren azpitik, zizpadaz irekiten jarri zaiolarik.

        Eta zeharo erantzi zarete. Gero titipuntak miazkatzen hasi hatzaio, eskuak bularren kontra kalkatuz, han, non haragia puzten baita. Beherantz segitu duk miazkadurarekin, eta bi buelta eman dizkiok zilbor zuloan. Dardara somatu diok, burutik heldu hauenean eta behera segitzerik nahi ez duelakoan ezpainetan musu emanaz behatza bajinaren ahoan linburtu dioanean. Krabelintxoa goizean ihintzaz irekitzean bezala zabaldu zaik. Busti bustia zegok. Zakila xut.

        Orduan ohe gainean etzan eta mugitzen hasi zarete biok pega-pega eginda, zakila eta alua, biok elkarri loturik. Eta ezpainak bilatu ditik beste horrek, non sartu kausitu nahi dik irristaka.

        Eta dardarez hasi da oihuka. Eta belarrian egin dik kozka. Eta barruan hago. Zirrist zirrikituan zalantzan irrintzi bat.

        Bat-batean esnatu da lotia «Non hago» eta «Non nago» batera datozkiola burura. Segitu nahi luke ametsaren barruan baina aurrenengo kolpean itzarri da, zorionak ametsetan ere iraupenik ez duen seinale.

        Ez da mugitu ere egin. Konturatu ote da aldamenean daukan andereñoa amets zoro horretaz? Bustia sentitzen du zakila antsia bete gabeko batean. Horrela egin beharko du lo. Berriro ere argituko du egunak.

        Mari Lolik ere lo itxura egin du badaezpada ere.

 

 

Susa-8

1983ko ekaina

 

 

© Iñaki Uria

 

 


"Iñaki Uria / Ipuinak" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus