Mr. Yellow

 

                        «take a trip in an endless song...»

                                 the soundtrack of our lives

 

Kanta hark ez zuen bukatzeko inolako intentziorik

 

Kitarra erreberbatuek zin egin zuten, ez nindutela sekula

          dimentsio berri hartatik bajatuko

 

Piano soinuek L.S.D-a banatzen zuten dezibeliotan, ta ez unitatetan

 

Kriskitin sugeen agoniak

          martitzeko armiarmekin bat egin zuenean

Psikodelia nire psiqueaz ez ezik nire somaz ere jabetu zen

 

Momentu batez, tabernako izkinarik ilunenean zegoen jukebox zaharrak

          sua hartu behar zuela iruditu zitzaidan

kantua hurruntzen hasi zenean...

 

«zuek ezin duzue entzun, baina kantu hau ez da hemen bukatzen»

          esaten bezala desagertu zen

arreta falta leporatzen bezala

 

Paperezko basoetan kafea hartzen zutenak ez baitziren konturatu

 

Are gutxiago sepia koloreko prentsa ekonomikoan murgilduta zeudenak

 

 

gorroto ditut bolumena bajatzen desagertzen diren kantak

 

 

"Txaman" orrialde nagusia

 



www.susa-literatura.eus