Lasai, negua heldu da

 

Raferti

 

Heriotz zigorra merezi duzu,

                    ez daukat zalantzarik. Milaka farola suizidatu dira

                  soineko beltzez jantzi zarenean, taupadak isildu direnean.

                Odol malutak ikusten dira nire leihotik gauero,

              dardara bat hanketatik hasi eta izarretaraino igo da babes eske,

            ametsak ilunaren ertzetik irrist egin eta beldurrarekin

          topo egin duen une berean. Atzoko maitasunez

        hitz egin dute, eta gaurko negarrez, eta biharko frustrazioez, baina

      ez dute konklusio garbirik atara.

 

          Azken glazioazioak estali ditu nire begiradak,

          izoztu egin dira hitzok ahotik irten aurretik. Ihes doaz joateko txartela

soilik hartzen

                  dutenak; ihes doaz, bueltatzeko intentziorik gabe,

ihes doaz: bizitzetatik ihes, gezurretatik ihes, bihotzetatik ihes...

      Ihes doaz, ihes egiteko arrazoirik ez dutelako, ez dutelako

                              ezer uzten atzean; eta tren amaitezin bat hartzen

dute jakin gabe azken geltokira ez direla sekula helduko.

              Iluntasunak bere soinekoak eskegi ditu

hiriaren gainean.

    Duda bakoitzean zigarro bat pizten duzu

                    horrela guztia konponduko bailitzan.

              Ez al dakizu honezkero farolak suizidatu egin direla?

    tximiniak estulka ari dira, ortzea gero eta urrunago dago.

Ateak ez dira zabaltzen eta gordetzen dutena ezkutatu

          egiten dute, espaloietan fruta berri bat hasi da ernetzen,

odolezko fruta arraro bat. Konpainia saltzen dute bakardadearen

                                                        kioskoetan.

 

                Orduak gure sufrimenduaren aleak dira,

                                gure izana neurtzen,

                                  gure iragana urtzen.

 

Nahastu egiten ditugu itzala eta argia.

          Gizon baten atzetik noa, bere pausu guztiak

                  jarraituz, bere gesto guztiak imitatuz. Klonatutako itzalak gara.

          Haizeak pertsianak astintzen ditu errukigabe,

  haizeak astintzen gaitu errukigabe.

 

Abenida luzeek ametsak zabaltzen dizkiete emakume zurbilen begiei,

        mundua ez da begiak ixten ditugunean desagertzen, hor dirau nahiz eta

guk ez ikusi.

 

Musuak ematen ditugu

gure burua maite ez dugulako.

                  emisora arrotza irrati zaharretik irtetzen.

 

Fruteriak minimalistak bihurtu dira,

            deribatu infinitoa da bizitza.

    Epidemia berri batek astintzen ditu gure kaleak,

- 5° farmaziako panel elektronikoan.

            Heldu da negua, biharkoa atzo bihurtu zaigu.

  Lasai, heldu da negua,

          kale kantoiko loteria saltzaile itsuek

                ez dute atzera begiratuko.

 

 

"Txaman" orrialde nagusia

 



www.susa-literatura.eus