Gaur
Ur
Gaur leihoak irekiko ditut.
Eta haizea sartuko da,
humel,
usteltzen hasiak ziren barrunbeetara.
Kalean losak errespetuz,
baina gosez zapalduko ditut.
Lagunen begietara zuzenduko ditut nireak,
eta grisa ezabatuko da eta
berdea gailendu.
Gaur belarrekin etzango naiz,
eta ipuinak xuxurlatuko dizkidate
umetokira.
Gaur nebari musu emango diot bekokian
eta haurrek irribarre egingo didate
euren errepublikatik.
Gaur hormetan itsatsirik ditudan
lagunekin hitz egingo dut,
eta fantasmak armairuan
geldituko dira,
kokoharrarekin batera,
erbestean.