Besarkada bat, zeuri...
Mikel Laboa
(Donostia 1934)
Zeuri Mikel, hainbeste une majiko biziarazi diguzun ur-jauzi horri.
Gu ez gara euskal kantagintza berriaren, euskeraren eta, oro har, Euskal Herriaren alde egin duzun lan guztia juzkatzen hasiko, nahiz eta asko izan dela jakin, gu ume batzuk garelako horretarako, eta gainera guzti horrek ez duelako kanta konkretu bat gozatzeko orduan inongo plusik gehitzen.
Izkiriaturik aurkitu ditugun gure poema dexente zuk ezagutarazi dizkiguzu. Brecht, Artze, Sarrionandia, Lete, Atxaga eta beste hainbeste geure egiteko aukera luzatu diguzu, eta kantu herrikoi eta instrumentalekin batera gainera, zure musikan urtu gura. Edertasun arrastoa uzten dute zure kantek gure memoriaren estartetan. Denbora beste abiadura batean doa zugaz, zugan.
Hainbeste kanta lurtiar eta egunerokoren artean, zureek beste larre batzutara garamatzate. Ez dagoenaren inguruan sortzen eta bilatzen txaman bat zara. Eta guk, hemendik, zugaz Lekeition elkartuko garen eguna desiratzen dugu, ardo boteila bat mahai gainean, erlojurik barik eta kriseilu ahul baten zaindaritzapean.
Gure bazterrak
Joxan Artze
Maite ditut maite gure bazterrak
lanbroak izkutatzen dizkidanean
zer izkutatzen duen
ez didanean ikusten uzten
orduan hasten bainaiz
izkutukoa
nire baiten pizten diren bazter miresgarriak ikusten |
"Txaman / 2. zenbakia" orrialde nagusia