Lore bustiak
Raferti
Ene
iraganean hotza egiten
zuen goizero, lore bustiak ezpatak ziren
gure mendekua mozteko prest.
Horregatik ez ginen goiza ondo heldu
are irtetzen, zabor miazkatzaileak
ezkutatzen ziren arte ez behintzat.
Arima erdibituta
genuen kontzientziazio
klase partikularretara joaten ginenean,
gerratik bueltatzen diren pertsona isilak
bagina bezala.
Gauero iluntasuna geometrikoki
ugaltzen zen neguko ortzearen dimentsio
ezberdinetan, eta orduan soma
zitekeen loreak bustirik azaldu
behar ziren ala ez.
Txoriak eskuadra eta kartaboiz eginiko
izarren arteko sare konplikatuetako
hari kriptikoetan pausatzen ziren
hiriari begira.
Isiltasunak kaleak jipoitzen zituen
megafonoetatik tiro hotsak entzuten
ez ziren tarteetan.
Urteak pasa zitezkeen ezer
pasa gabe, goizero zerutik
iluntasuna lurrinduz.
Ene iraganean hotza
egiten zuen goizero, sarri,
gaua zaunka igarotako txakurrak
hilik agertzen ziren, odol putzu baten
gainean itota, ezpata batek erdibitu
izan balitu bezala. Horregatik ez gara goiza
ondo heldu arte irtetzen, eta
ez gara irtengo mendekua ate joka
dugun bitartean.
Ez zaizkit bat ere gustatzen
goizeko lore bustiak.
"Txaman / 2. zenbakia" orrialde nagusia