WILLIAM SHAKESPEARE
GUREAN
Mikel Elorza
XX. mendearen hasieran euskal kultur eta literaturgintzak
bizi izan zuen zurrunbiloan antzerkigile batek heldu zion, nola ez, William
Shakespeareren lanak lehenengoz euskaratzeari: Toribio Altzagak. Ordura arte
ez zuen gure literaturak kanporantz bide handiegia egin, eta autore ingelesaren
kasuan halaxe jarraitu zuen gerra ondorenera arte. Altzagaren sartu-irtena baino
ez. Donostiarrak Macbeth-en itzulpen-bertsioa egin zuen, 1924an, Irritza
izenez. Honela dio, zehazki, eskuizkribuaren azalak: Irritza, Shakespeare'n
Macbeth'en gayean, iru egintza ta egintza aurrean Toribio Alzaga'k euskeratutako
antzerkia. 1924 Azaroaren 9. Eskuizkribua, mikrofilmatua, Donostiako Koldo
Mitxelena Kulturuneko liburutegian ikus daiteke.
Gerrak eten asko ekarri zituen, eta literaturgintzak ere berebizikoa jasan zuen. Erbestetik etorriko ziren errainu zenbait Euskal Herrian bizi zen egoera iluna apur bat argitzera. Gerra aurrekoak ez bezala, gerra ondorengo belaunaldiko idazleak klasikoak euskaratzera gogor lotu ziren. Klasiko greziar eta erromatarrak Sofokle, Eskilo, Virgilio..., baina baita autore hurbilagokoak ere, erromantikoak eta beste. Aldizkariek eskaini zieten abaroa gure idazleei, eta haien bitartez jo zuen William Shakespearek euskararen atea.
Liburua izan zen, edonola ere, atea zabaldu zuena, Bingen Ametzagak euskaraturiko Hamlet-ekin, Danimarkako printzearen istorio ezagunarekin. Montevideo'n sinatua dakar hitzaurrea, 1951ko abenduaren 3an, "Euskera'ren Eguna". Garai haietan lan eskerga egindako Ixaka Lopez Mendizabalen Ekin argitaletxea izan zen, Buenos Airesen, liburua plazaratu zuena, 1952ko azaroaren 25ean. Abenduaren 3a, hain zuzen, izan da egun aukeratua Hamlet-en edizio berria aurkezteko, Juan Garziak euskaratua, Ibaizabal argitaletxeak kaleratzen duen Literatura Unibertsaleko bildumako 100. izenburua.
Shakespeare itzultzea ez ei da batere erraza, hala aitortzen dute horri ekin dioten guztiek. Baita Ametzagak ere. Eta ez zen itzultzaile otsana, arraioa!, euskaratu zituenak ikusita: Euzko Gogoa-n, 1955ean, Reading baitegiko leloa, Oscar Wilderen poema ezaguna plazaratu zuen, eta beste obra garrantzitsu batzuk: Juan Ramon Jimenezen Platero eta biok, Eskiloren Promeuteu burdinetan, Zizeronen Adiskidetasuna, Plinio gaztearen idazlanak...
Ametzagak irekitako atean Bedita Larrakoetxeak jarri zuen oina. Bai sendo jarri ere. Berau dugu William Shakespeareren antzerki-obrak euskarara ekartzen lanik handiena egindakoa. Ametzaga bezala, berau ere erbestetik, Argentinako Saltatik. 1957ko Euzko Gogoa-ren azken zenbakian Macbeth plazaratu zuen, eta zenbaki horretantxe datorren gutun batean iragarri: «The Merchant of Venice» or da nonbaiten nik euzkeraratuta, ta orain «King Lear» euzkeraratzen daragoiot. 1958ko 3-4 zenbakian, Euzko Gogoa-n beti ere, argitaratu zen Lear Errege. Eta hurrengo urtean, 1959ko 3-6 zenbakian, Ekatxa. Aldizkariak urte horretan egin zuen azkena, baina ez Larrakoetxea jaunaren beharrak. William Shakespeareren antzerki-lan guztiak euskaraz jartzeko ahaleginari lotu zitzaion, eta burutu. Bere lana Kardaberaz Bazkunak eman zuen argitara, 1974 eta 1976 urteetan, eta 5 liburukitan jasoak datoz: Komediak/A, Komediak/B, Egintzak, Odol-Antzerkiak/A eta Odol-Antzerkiak/B. Arratiako azpi-euskalkian eginak eta garai hartako hizkuntz ereduari jarraiki, ez dira samurrak Larrakoetxearen itzulpenok. Itzulpen lanaz gain, ni neu obraren inguruan ematen dituen oharrek ere liluratzen naute, edota erabilitako hiztegia azaltzean darabilen estilo eta tonua. "Euzkel gaiztoz" espresioak berak bakarrik Shakespeareren zenbait monologok adina esplikatzen du. Bestelako azalpen eta oharrak egiteko ere baliatzen ditu halakoak (Bizkaia pinuz betetzen ari dela gaitzetsi eta salatzeko, kasu).
Honen berri eta bere itzulpenaren ezaugarrien berri Xabier Mendiguren Bereziartuk emana du, William Shakespeareren antzerki-lana euskaraz artikuluan, Senez aldizkariko 16. zenbakian. Badaki zertaz ari den, berau izan baitzen autore ingelesaren obrak euskaratzeari atxiki zitzaion hurrengoetakoa. 50eko hamarkadako bultzaldiak ez baitzuen segidarik izan 80kora arte, aldizkari baten egitasmoaren gerizpean orain ere. Izen bereko aldizkaria kaleratzen zuen Antzerti erakundearen eskutik Shakespeareren bost antzerki-lan argitaratu ziren 1985ean: Julio Zesar, Zeuk nahi duzunez, Endrike VIII, Neurriari neurriaz eta Richard II. Lehenbiziko laurak Xabier Mendigurenek itzuliak eta azkena Joanes Urkixo eta Joxeantonio Sarasolak. Mendigurenek berak azaltzen digu Shakespeareren beste zenbait obra ere itzuli-moldatu zirela, aurrekook bezala Euskal Telebistak BBCri erositako bertsioetarako.
Shakespeare poeta
Izena antzerki-obrek eman badiote ere, Stratford-on-Avongo autorearen lanetan murgiltzen direnentzat apika bere poemek osatzen dute, bereziki sonetoek, lanik gorenetako bat. Maitasun poesiaren gailurretakotzat jotzen dira. Darabiltzan irudiak eta misterioak (eta ez bakarrik poemak nori zuzenduak zireneko misterioa), eta sentimenduak adierazteko moldeak asko liluratu ditu.
Horiek ere jo behar zuten, halako batean, gure hizkuntzaren aldaba, eta jo zuten; literatur aldizkaritan, esan gabe doa. 1954an eman zuen argitara Gabriel Arestik William Shakespeareren 109. sonetoa, Euzko Gogoa-n. 1959an, gure poesiaren beste biltegi esanguratsu izan den Olerti-n, Santi Onaindiak sei soneto euskaratu zituen. Geroago, 1964an, Juan San Martinek ere ekarri zituen gurera, Olerti-n bertan, hiru soneto eta bi poema bi antzerki-obretan datozenak. Jon Beiztegik, azkenik, Barrena, lau lerroko poematxoa euskaratu zuen eta Olerti-n argitaratu 1969an.
Hortik ere jauzia handia da, eta 1995era arte doa. 1980ko hamarkadan hain indartsuak izan ziren literatur aldizkarietan Shakespearek ez zuen harrerarik izan, idazle klasiko gehienek bezalaxe. Hainbat terreno berri zeuzkan gure literaturak deskubritzeko, lur berri kitzikagarriagoak, hurbilagokoak. Hurbilagokoak denboran bezala estiloan, erronketan, bizipenetan.
Shakespeareren sonetoen demari Juan Garziak heldu zion 90ko hamarkadan, eta Alberdania argitaletxearekin eman, 1995ean, Soneto hautatuak izeneko liburuan.
Azken puntua
Shakespeareri buruz, bere lanaren balioaz eta itzulpenen ezagarrien inguruan itzultzaileek eurek hitz egin dute, argien, egindako lanen aurkezpen eta sarreretan. Ez diogu guk gehiagorik erantsiko. Shakespeare euskaraz zenbat mintzatu den egin dugun errepaso honetan (inolaz ere ez erabatekoa) azken puntu bat, amaitzeko. Intxaur azal baten barruan lanari begirada. Obra klasiko baten taularatzean, antzerkiari gagozkiola, obra gaur egungo molde eta eszenarioetara ekartzen asmatzea da, ene ustetan, gauzarik zailena baina era berean obrari egin dakiokeen mesederik handiena (eta orobat ikusleari). Taularatzeko orduan baizik, idazteko orduan halakorik egitea, obra egunerokoan txertatzen asmatzea, ez dago askoren esku. Eta horixe bikain egin zuten, neurri apalean bada ere, Puerto de Santa Mariako espetxean 1981ean. Hamleten aieruak espetxeko sarraila-hots, elkarrizketa mintzul eta garrasiekin bat eginda aditzeak sortzen du, sortzen duenez, zirrararik. Liburua, Egutegi amarauna lanarekin batera, 1983an argitaratu zen.
© Mikel Elorza