23. eszena
ZAKURRA 2. Non egon zinen iaz uztailaren lauan?
METXA. Ez dakit.
ZAKURRA 1. Eta aurten, martxoak hogei, non egon zinen egun osoan?
METXA. Ez naiz oroitzen...
ZAKURRA 1. Ez kezkatu, ulergarria da...
AGIRRETARRA. Ongi, Metxa. Horrelaxe, ez beldurtu. Azkenean barkamena eskatu beharko ditek. Ez kokildu.
ZAKURRA. Neuk lagunduko dizut: aurten, martxoak hogei zituela, goizeko bederatzietan pasa zinen mugatik, eta ez zinen itzuli gaueko hamarrak arte... Oroitzen?
METXA. Zer edo zer, bai...
ZAKURRA 2. Lasai, Agirre jauna... Ni ere sarri joaten naiz Iparlandara... Eta ez gazta eta patea erostera bakarrik. Zeu bezala, noski... Bakarrik joan zinen, ezta?
METXA. Ez...
AGIRRETARRA. Metxa ergela! Harrapatu haute! Hau galdu bahaiz, etzakela hurkoa galdu. Ane, Ane. Bai, hori duk, har itzak denak heure gain. Salba ezak Ane!
ZAKURRA 1. Lasaitu zaitez, Agirre jauna. Ez duzu inor salatu beharrik. Guri ere nazka ematen digute lagun hurkoa berehala saltzen duten txepelek. Zuk esan gabe badakigu Anerekin ibili zarela Iparlandara pasatzen, zure iloba ikustera. Ongi. Osaba batek egin behar du horrenbeste.
AGIRRETARRA. Tropako kapellaua ematen dik honek, kontu eman gero! Amua bota dik. Orain Ane non dagoen jakingo duala-eta, taktika aldatuko dik. Gogor, Metxa!
ZAKURRA 2. Sina ezazu hemen!
METXA. Ez!!!
ZAKURRA 1. Ja, ja... Ez duzu sinatu nahi, ezta? Azeri zaharra zarela zu ere! Ondo egina, Metxa. Ez da paper zurian inoiz sinatu behar...
AGIRRETARRA. Kontuz, Nikola, kontuz...! Losintxa egiten dik orain. Hauek dena zakitek. Pausoak hartzen ibili zaizkik urteetan, eta heu ohartu ez... Kontuz, kontuz!
ZAKURRA 2. Ez al da zurea sinadura hau?
AGIRRETARRA. Sinadura eta data, liburuetan jartzeko ohitura duanez. Francoren garaiko gauzaren bat harrapatu ditek.
METXA. Neurea dut, bai.
ZAKURRA 2. Ongi, badakizu zuhurtziaz jokatzen. Hobe zuretzat, gu ez baikara inozoak. Ez dizugu galdetuko zer egiten zenuen egun horretan, urte horretan, Iruñean. Ez. Beharbada Sanferminetan ibiliko zinen. Neu ere han izaten naiz urtero painueliko gorria lepoan patxarana edaten txosnetan... Zein peñatakoa zara zu?
AGIRRETARRA. Oraintxe bai arriskuan zaudela, Metxa. Kontuz lasaitu. Beidok! Zoratu egin nahi haute.
ZAKURRA 1. «Nire ohean aurkitu nuen lapurra»... Zurea al da liburu hau?
METXA. Bai... Ez... Baliteke...
ZAKURRA 1. Noski, noski... Baina zuk izan duzu inoiz halako bat?
METXA. Irakurri nuen behintzat...
ZAKURRA 1. Nik ere irakurri dut. Oso polita. Maiztegi hori oso idazle ona da. Lastima da kartzelatik ihes egina... Ez du astirik izango orain idazteko... Mesede bat egin nion atxilotzearekin, ez duzu uste?
METXA. Baliteke, bai...
AGIRRETARRA. Ongi, ongi. Ez amuari heldu.
ZAKURRA 1. Ez dakigu irakurri zenuen, baina zeurea dela seguru xamarretik jotzen dugu guk... Irakurri, mesedez, hemen ipintzen duena.
METXA. «Agirre'tar Nikola, Metxa, Iruña, mila bederatziehun eta hirurogeita lauko uztailak zortzi.»
ZAKURRA 2. Oso ohitura txarra da arrastoak uztea. Uste genuen bizkorragoa zinela. Hasiberri baten akatsa da izena paperetan uztea.
METXA. Barkatu, baina ez dut ulertzen... Liburu hori neurea nuen, eta... Bueno, neurea da oraindik.
AGIRRETARRA. Zer esan duk? Isildu hai, Metxa!
ZAKURRA 2. Noski, noski... Beha ezazu, Agirre'tar Nikola jauna. Gomendio bat emango dizut adiskide bezala: hobe zenuke astiro hitz egin hemendik aurrera. Zeurea bada, nori utzi zenion?
METXA. Utzi? Inori ez!
ZAKURRA 2. Et, et, et... gaizki zoaz bide horretatik!
AGIRRETARRA. Orain zaflaka hasiko zaizkik. Lasai, kasik hobe duk lehenbailehen hasiko balira. Akabo zurikeria, eta ea nor egoskorrago.
ZAKURRA 1. Ez zenion inori utzi beraz?
METXA. Ez.
AGIRRETARRA. Kontuz, kontuz, kontuz...!
ZAKURRA 1. Ederto, ederto. Lapurtu egin zizutela esan behar diguzu?
METXA. Noski! Lapurtu egin zidaten eta!
ZAKURRA 2. Lapurtu egin zizuten... Denuntziarik jarri zenuen? Non?
METXA. Ez, ez nuen denuntziarik jarri... Egia esan, liburu batengatik...
ZAKURRA 1. Eta... non ebatsi zizuten liburua?
METXA. Etxean!
ZAKURRA 2. Haserretzen hasi behar dudala esaten dit sudurrak. Agirre jauna, zuk sinetsarazi nahi diguzu liburu bat ebasteko sartu zirela lapurrak zure etxean?
METXA. Hala da ba... Barkatu jauna, baina esango zenidake non aurkitu duzuen liburu hori? Detenitu egin duzue Xabier marinel...?
AGIRRETARRA. Orain bai galdu haizela. Nola esplikatu behar diek hauei...? Eta Xabier lapur loti haren gutuna aurkitu badute paperen artean? Nola esan behar diek udaltzainek ez eramateko jukutria izan zela? Hauek sinetsi? Eutsi, Metxa. Badator benetakoa!
ZAKURRA 1. Ez dakigu txantxetan ala benetan ari zaren... Baina gauzak behar bezala egin nahi ditugu. Denon artean, ulertzen? Eman dezagun benetan ari zarela, ez dakizula non aurkitu dugun zure liburu hau. Konforme. Baina, mesedez eskatzen dizugu, esaguzu nola iritsi zen zure liburu hau izugile talde batek On Kixoteren hezurdura bahitua zeukan zuloraino, e?
AGIRRETARRA. To! Horra zer ekarria dian Xabier edo apareju hark koloretako telebistaren ordez. Baina erne. Hauetako bat izan zitekeen lapur xelebre hura, jator itxuran heure etxean sartu eta dena miatzen ibiliko zuan... Txarto, Metxa, txarto!
ZAKURRA 1-2. Zeuk eraman zenuen zulora? Komandoko bati utzi zenion? Nori? Zeu zinen bahitzaileetariko bat? Ala zuloan sarrerako mekanismoak egin zenituen? Paper askotxo dauzkazu zuk eskema elektrikoekin etxean! Eta zertarako behar ditu hainbeste tornu eta torloju zu bezalako jubilatu batek? E?
AGIRRETARRA. Ez hadila izutu, Metxa. Agirretarra beti. Ez haiz aurrenekoa ataka honetan, eta ez haiz azkenekoa izango noski. Aurrera bolie. Gogor.
ZAKURRA 1. Hamar minutu uzten dizkizut, Agirre jauna, deklarazio dotore bat pentsatzeko...
METXA. Abokatu bat nahi dut!
ZAKURRA 1. Beharra daukazu! Iñaki, pasaraz ezak abokatu jauna!
AGIRRETARRA. Kontuz gezurrezko abokatua izan, edo berauetako bat: karrera ikasten ditek orain.
ABOKATUA. (Sartuz) Egun on, Niko. Zer moduz zaude? Sinarazi dizute ezer?
(Metxa mututurik)
AGIRRETARRA. Niko al haiz orain? Niko? Kontuz! Honek ez dik itxura onik! Erne!
METXA. Aizak hi, ni...
ABOKATUA. Maritxu andereñoak agindu dit zure kargu egiteko!
AGIRRETARRA. Zinegotzi txatxua! Ez dik ilunpe orokorrekoa barkatu ...
ZAKURRA 1. Hamar minutu bederatzietarako. Bederatzietan hasiko gara itaunketan. Ikusi duzu, abokatu jauna, zure bezeroa osorik dagoela. Gu kafetxo bana hartzera irtengo gara Agirre jaunak bere oroimena zuzentzen duen artean...
ABOKATUA. Galdeketa bederatzietan bada nik ere kafea hartuko dut. Nahi duzu zuri ere ekartzea, Niko? Ebakia, hutsa?
Metxak ez du erantzuten. Zakurrak eta abokatua kanpora doaz.
AGIRRETARRA. Ez, abokatua ez duk berauetakoa, eta hainbat okerrago: Maritxu alarguna eta heu ote zarete agirretar bakarrak herri honetan?
METXA. Abokatu ergela... Horrek ere egia esatea nahiko du...
AGIRRETARRA. Zer egin behar duk, txapelbako Agirre'tar Nikola horrek? Egia esan? Sinetsi egingo ditek.
METXA. Ba ote?
AGIRRETARRA. Zer lotsa, Metxa, zelako laidoa: libre utziko haute!
METXA. Hauek dena zakitek ordea!
AGIRRETARRA. Bai, dena zakitek, baina ez zakitek hirea den edo ez den.
METXA. Ezin naitek libre utzi! Ni Metxa naiz, agirretarra!
AGIRRETARRA. Agirre'tar Nikolak ezin dik hemendik irten gezurrik esan gabe... Halako derrotarik! Gezur eder bat, gezur metxadun bat, esku artean lehertuko zaiena...
METXA. Nik merezia diat hauen kartzela!
AGIRRETARRA. Gogor Metxa, eutsi Metxa, azkar Metxa, asma ezak eroriko eder bat Beñatek aitontxipi handi bat duela esan ahal diezaien gelakoei...!
METXA. Kartzela, eta gero...!
AGIRRETARRA. Gero ihesaldia!
METXA. Bai, berrogeita zazpian Ocañan antolatu genuen hura bezalako bat...
AGIRRETARRA. Horixe!
METXA. Agirre'tar Nikolaren deklarazioa: adina dela kausa akordutik joan zaizkidan beste ekintza mordoaren artean aipagarria da zortzi urte nituela, agirretarren armada sekretuaren aginduz, nire herriko kanpandorrera igo eta kanpaia ardatzetik askatu nuenekoa. Kanpaiak lur jo zuen, eta herritarrak lurrikara zetorrela esanez kaleartetik mendira bidali genituenean, kanpaia lera batean lotu eta zoko sekretu batean gorde genuen, arragoan urtu eta gure lehen munizioak egin ahal izateko. Ekintza honek graduak eman zizkidan, eta bizarra egiten hasi baino lehen nintzen izarduna. Ehundaka borrokalditan hartu dut parte, milaka segada paratu dizkidate, baina harrapatu nautenetan, ez naute inoiz bizirik harrapatu. Metxa dut sasiko izena, herren egiten dut eskuinetik eta nire ibilera guztiak izan dira okerrak...
Musika entzuten hasten da. Agirretarren bandera. BEÑAT TXIPIA aurretik datorrela piskanaka Agirretar guztiak eszenario erdira datozt hurrengo bertsoak kantari.
Badakit agirretarrak
eta antzeko belarrak
Mundu hontatik azkar garela
jorra beharrak:
Librotasunaren garrak
sortu ohi ditu negarrak
Horiek denak dirade gure
labeko kedarrak.
Araotzeko agote
urre-goseko arlote
Bizio zikin guztien fama
egin diote.
Ez dakienik ba ote
agirretarra zen Lope
Librotasuna ukatzen zuten
errege'n traidore.
Agirretarren bandera
fusilatuen kantera
Gure asmoak orandik dauka
zaila tankera.
Goitik doa hegabera
basa-izarren artera
Derrotatuak ez du bildu nahi
inoren mendera.
Amaiera
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti