22. eszena

 

AGIRRETARRA.— Anek ihes egin du. Bila etorri zaizkio zakurrek zaunkarik tristeena egiten duten orduan, baina ezin izan dute harrapatu. Miaka jardun dute, mehatxatu dute Patxi tabernaria, baina ez dute ezer aurkitu. Eta hartu duten amorruarekin semea eraman diote, zinegotzi bizardunarekin bilerak egiten dituena.

 

PATXI Metxaren etxera sartzen da.

 

PATXI.— Metxa! Metxa....!

METXA.— Zer duk?

PATXI.— Aneren bila etorri dituk.

METXA.— eta?

PATXI.— Ez, alde gin dik lehiotik karkabara jauzi eginik. Baina mendekuz edo semea eraman ditik. Hik ba al duk zinegotzi bizardunaren telefonoa?

METXA.— Hemen nonbait ibili behar dik... To

PATXI.— Bixar? Bai... A, bai?... Bai... Bai... Eskerrik asko... Lasai egoteko agindu zidak, argitu arte ez dagoela zer eginik, joango dela bera Epaitegira denuntzia jotzera. Berak badakiela mutilak ez duela ezer, libre utzi beharko dutela segituan...

METXA.— Tira... hala dela uste baduzu...

PATXI.— Nik ez, zinegotziak.

METXA.— Horrexegatik....

PATXI.— Milesker Metxa.

 

Patxi badoa eta Metxak gela urdinera jotzen du. Paperak begiratzen eta sailkatzen hasten da, batzuk botatze asmoz. Egunak argitu egiten du.

 

ZAKURRA 1.— Egun on, Agirre jauna!

METXA.— Egun... Baina...?

ZAKURRA 1.— Zer, logalerik ez?

METXA.— Baina... Nor zarete zuek? Zer egiten duzue hemen? Nola sartu zarete nire etxean?

ZAKURRA.— Atea irekia zegoen eta, gosaltzera gonbidatu nahi zaitugu.

METXA.— Irekia? Ez dut uste.

ZAKURRA.— (Plaka bat erakusten dio) Ba ez, ez zegoen irekia, baina zeuk ireki diguzu.

METXA.— Nik?

ZAKURRA.— Bai, zuk. Orain bertan ireki diguzu. Ez zara oroitzen?

METXA.— Ez, hori ez da egia...

ZAKURRA.— Hara, gezurretan ari naizela esan nahi duzu?

ZAKURRA 2.— Tailerrera eraman beharko dugu oroimena pixka bat zuzentzeko, Txabi...

ZAKURRA 1.— Baina aurretik miaketa egin behar dugu. (Paper bat ipini diote sudurpean) Begira, mordoa daukagu. Denak juezak aldez aurretik sinatuak. Guk izena jarri eta nahi dugun etxean sartzen gara... Botere handia dugu guk, Agirre jauna...

ZAKURRA 2.— Ajajá, leihoa irekia daukazu egiten duen hotzarekin... Zer ari zinen, paper arriskutsuren batzuk patiora botzen, ezta...?

ZAKURRA 1.— Ongi... Ekarri duzu lekukoa, Iñaki?

ZAKURRA 2.— Hemen dugu, bai

 

Maritxu azaltzen da.

 

ZAKURRA 1.— Ederto (Paper zimur bat ateratzen) Sina ezazu hemen!

MARITXU.— Nik ez dut ezer sinatuko!

ZAKURRA 2.— A ez, e?

MARITXU.— Ez.

ZAKURRA 1.— Beha ezazu, etxekoandre...

MARITXU.— Ni ez naiz ez etxekoandre eta ez neskame. Errespetu pixka bat. Zergatik ez dituzue atxilotzen parkeetako loreak zapaltzen dituzten txakurren jabeak? Jaun honek ez du ezer egin!

ZAKURRA 2.— Barka ezazu, andereño... Ahal duguna egiten dugu. Baina jaun honi hemen ikusten duzun liburu eta paper zahar mordo hau harrapatu diogu...

MARITXU.— Bereak ditu!

ZAKURRA 1.— Hain zuzen, hain zuzen... Ez zaizu iruditzen susmagarria dela Agirre jauna goizeko lauretan egotea gela urdin batean, leihoa irekita, liburu eta paper hauek guztiak lurrean dituela? E?

MARITXU.— Nik ez dut ezer sinatuko. Zuek ez duzue lotsarik ez kontzientziarik. Zuek daukazuena da bibotea baltz, eta begia baltz, eta ahoa baltz...

ZAKURRA 2.— Aizu, aizu, andereño...

MARITXU.— ...eta nik badakit zuek zeuek ekartzen dituzuela nahi dituzuen paperak eta madriak gero inori harrapatu dizkiozuela esateko. Nik ez dut ezer sinatuko!

 

Maritxu badoa. Musikaren laguntzaz Zakurrek Metxa mahai batera ermaten dute.

 

MUSIKA RAFAGA

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus