11. eszena
METXA eta BEÑAT berriz ere gela urdineko argipean.
METXA. Uda hartan markesaren lurretan ibiltzen ginen jolasean. Pikondotik erorita ez da kolpe handia hartzen, baina bazeuden harri kozkor batzuk azpian eta belaunarekin jo behar. Min hartu nuen eta negarrari eusten gelditu nintzen, besteek, eta Rufinok ere bai, barre egiten zidatela. Odola gozo zihoakidan aztalean behera.. Etzan egin nintzen, eta orduan bizkietako batek «Zakurrak, zakurrak!» eta ihesari eman zioten denek. Usnaka heldu zen, arnaska. Beldurrak nengoen, baina ez nuen indarrik altxatzeko. Hankatik gora hasi zitzaidan odola zupaka. Ez nuen zakur hura ezagutzen, galdua edo nonbaitetik eskapo egina izan behar zuen. Moriko jarri nion izena, aitak Matteori saldu berria zion bigantxarena. Ilegorri, belarri-tente, mutur-zorrotz, letagin-zuri... Gaztea zen, gihartsua, isats kalpartsukoa. Nik ere katea hautsi nuen, lagunak frontoian edo kanposantuan utzita hasi nintzen abiatzen Markesareneko mugetara. Morikorekin elkartzen nintzen pikondopean eta lasterka zoroak egiten genituen, borroka egiten genuen malkarrean behera, soroak hondatuz. Leher eginda etzaten nintzenean, nire belaun gainetan jartzen zuen muturra. Librea nintzen harekin, haren izena oihukatzen nuen: Morikoooo!! ...Lapurra zen. Bizkiak eta bere koadrilakoak frontoian ari ziren eta baten batek huts eginda pilota atzeko koadroetaraino heldu zen firurika. Iturri ostetik masa gorrixka iletsu bat azaldu zen, hartu zuen pilota ahoan eta pilotariak segika hasi zitzaizkionerako adreilu fabrikatik behera ezkutatua zen. Nik irri egiten nuen, eta Jerolimok galdetu zidan ea zakur hura ezagutzen nuen, norena zen. Nik ez nekien ezer. Ba kontuz ibiltzeko, ea muturreko batekin hortzak zuzentzen zizkidan. Ahantzi egin nintzen mehatxu hartaz, eta handik puska batera, geu ari ginela, berriro azaldu zen eta pilota eraman zigun inork heldu ahal izan baino lehen. «Moriko, Moriko!» egin nion dei, baina ez ninduen ezagutu. Altxatu ziren iturri inguruan tertulian zeuden kankailu haiek, eta hurbiltzeko, hurbiltzeko pixka bat. Jerolimok atzapar zakarrak zituen, basamutila zen. Ea non gordetzen nituen pilotak. Bere kulpagatik jipoitu ninduten, baina gero bizia salbatu zidan. Moriko begitriste. Ez genuen berriz elkar topatu. Ez nuen jakiterik izan norentzat egiten zuen pilota biltzea. Hurrena ikusi nuenean Exkerraren sorbaldan zihoan, buruz behera, hilik. Moriko begilun. Eta herriko umeak, eta Rufino ere bai, haren atzetik jauzika eta ausartarena eginez isatsari txandaka helduta. Ni atzetik nindoakien, «Moriko, Moriko!», negar batean. Ez nuen indarrik nire lagunei kolpeka hasteko. Patxik aita ere tabernaria zuen, eta hark erosi zion Morikoren gorpua Exkerrari, oilo asko eramana zela piztia hura azken boladan eta disekatu egin behar zuela kupel baten gainean paratzeko. Orain botila artean dago. Triste nagoenean haraxe joaten naiz gehixeago tristetzeko, eta bertsotan hasten naiz ahapetik:
Txakur txiki gorritxo bat
faltatu zait neri,
poztuko ninduke berriz
etor ahal baledi.
Azeria zelakoan
hila zen ageri,
katea hausten duena
erne bizi bedi.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti