7. eszena
AGIRRETARRA. Gauza gutxi dago Metxarentzat Beñat agirretar txipiaren bisita bezalakorik. Maite du biloba. Biloba esaten dio baina anaia Martinen alabaren haurra da. Gizontxo dago Beñat, eta aldian poztu egiten da Metxa, umetan, ez traumatzearren, ezin esan izan zion gauza mordoa esan ahal izango baitio laster. Baina aldian tristetu ere egiten da, sumatzen baitu Beñaten bisitak gero eta bakanagoak izango direla, nahiagoko duela adiskideekin, eta Casablancara, anaia Martinen baserrira, igandeetako bazkarietara inoizka besterik ez dela azalduko.
METXA. Lege hau ez du inork aldatuko: gazteek zaharrekin nahi ez. Mahaian iritziak ematen ere hasia duk!
AGIRRETARRA. Bere antza hartzen dio Nikolak Beñati, izan ez duen haurra ikusten du hemen, etxeko sukaldean, buzoian gainezka zeuden zorroak mahaian uzten dizkiolarik.
BEÑAT. Hauteskundeetako publizitatea dira denak!
METXA. Barka ezazu, Beñat, baina ez ditut betaurrekoak inon aurkitzen...! Hau burua!
BEÑAT. Nahi duzu laguntzea bilatzen?
METXA. Ez, ez... azalduko dira behar ez ditudanean, zapata barruan edo izara azpian edo konjeladorean... Irakur itzazu, irakur itzazu banan-banan zer dioten...
Zorro bat urratu, barruan tolestuak datozen paperak zabaldu eta aurrez aurre jesarri den aitontxipiari irakurtzen hasi zaio Beñat.
BEÑAT. «Agirretarrak herria gara...»
METXA. Ez zegok gaizki...Eta zuk zer uste duzu? Uste duzu agirretarrak herria garela?
BEÑAT. Bai...(Zorroa urratzen amaitu eta barruko paper tolestuak zabaldu ditu. Hauek ere koloredunak dira.) «Herria agirretarrak gara...»
METXA. Hauek ere arrazoia dutela esango nuke nik... Ez da hala, Beñat?
BEÑAT. Bai...
METXA. Agirretartasuna eta herritartasuna elkarri lotuak egon dira beti. Gure historia ikusi besterik ez dago...
BEÑAT. «Herria gara agirretarrak...»
METXA. To! Hau ere ez da gezurra!
BEÑAT. Niri honek eskolaurrean kantatzen genuen «Akerrak adarrak okerrak ditu» ekartzen dit gogora.
METXA. Egia esaten dute hiru paperek, baina hirurak ere egia desberdinak dira... Egia batek egia asko ditu barruan... Ulertzen duzu, Beñat?
BEÑAT. Bai... Idoiari oparitu zenion panpina rusoak bezala.
METXA. Horixe!
BEÑAT. Ba, etxean esaten didate gazteegia naizela gauza batzuk ulertzeko...
METXA. Zer gauza?
BEÑAT. Nik jakin nahi nuke zertarako den politika.(...)Politika gauza zikina dela esaten didate etxean...
METXA. Beharbada bai, bizitza bera ere ez da oso garbia zenbaitetan... Kontatuko nizkizuke nik...
BEÑAT. Politiko guztiak berdinak direla, gezurra besterik ez omen dute esaten...
METXA. Batzuk besteak baino berdinagoak...
BEÑAT. Zer...?
METXA. Ezer ez... Hori abereek iraultza egin zutenean bezala da. Bota zuten nekazari alproja hura baserritik, eta gero elkarren aurka hasi ziren nor jarriko zen agintari...
BEÑAT. Ez luke agintaririk egon behar!
METXA. (Irribarrez) Ez... baina gizarteak behar du arauren bat, legeren bat. Guztien onerako lege bat, eta denek gordetzekoa. Hortxe dago koxka. Eta horretarako harizpekoa sortu zuten, haritz zaharraren azpian egin beharreko biltzarra, lege berriak sortzeko. Harizpekorako ordezkariak hautatzea erabaki zuten, eta orduan, bozkak biltzeko, hor jantzi da otsoa ardi larruz behiei larre puska bat kendu behar zaiela esaka, ardia otsotu da zakurra katetik libratuko duela zin eginez, ahatea zakurtu, katua oilotu, oilarra zekortu, astoa usotu, armiarma xagutu... egundoko iskanbila. Egon, egon, uste dut hemen nonbait egon behar duela historia hori kontatzen zuen liburua... Ez, hobe zeu ere etortzea, betaurrekorik gabe ez dut aurkituko, zatoz gela urdinera... Aspaldiko kontuak dira, orain ez zaizkio jendeari ardura... Kanposantuko paretarena bezala da...Badakizu, ez dago ikastolatik urruti...
METXA. Gaur egun ez dira nabaritzen... Baina hantxe, kanposantuko paretan egon dira markak urteetan, eta denok genekien zerenak ziren, baina inork ez zuen hitzik ateratzen... Beldurra zegoen, eta beldurra zegoela aitortzeko beldurra ere bai, oraindik ere zenbaitzuek ez dute ikara hezurretatik atera...
MUSIKA: LEN AMAR LAGUN GINAN ETXEAN
Aitzpea Goenaga
Sentimentu asko dauzkat nerekin
orain kontatu biarrak,
ez dakit nola zuzenduko'iran
egin dituzten okerrak;
pazientzitik ez naiz atera
Jaungoikuari eskerrak,
leku askotan jarri dituzte
tristura eta negarrak:
len amar lagun giñan etxian
ta orain iru bakarrak.
Atenziyua izan zazute
nik esandako itzakin:
nere biotzik ezta poztutzen
dirua eta gauzakin,
eztakigu noiz jarriko geran
konsuelo ta pozakin;
bi seme illak, beste bi preso,
beste bi non dan ez jakin,
milagro ezta ni egotia
kuidado eta kezkakin.
Milagru ezta pena aundiya
izatia biyotzian,
negar-malkuak saltatzen zaizkit
iñoiz gogoratutzian;
ezeren mantxik eta batere
kulpa gabiak il zian,
beste bi preso Ondarretatik
San Kristobala joan zian,
zer kontatua izango dute
elkarrengana biltzian.
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti