6. eszena
Bizartegian, SIMONEk BEZERO bati bizarra egiten diolarik METXA sartzen da. Sarrerako zintzarriak iragartzen du.
SIMON. Hori probokazio bat izan zuan...
BEZERO. Seguru Norteko Indarrek ajente bat bidali zutela hori egiteko...
SIMON. Hainbeste ere... Egunon, Metxa. Aspaldi zu hemendik azaldu gabe. Itxoin egin beharko duzu
METXA eseri egiten da besteei bizkarra eta guri aurpegia emanez.
SIMON. Ba tipo arraro bat ikusi omen zuten pakete batekin.
BEZERO. Patxiren tabernan kanpotar batzuek bazkaldu zuten atzo...
SIMON. Ba nik entzun diat gazte taldean gerla dagoela, zatiketa, eta beren arteko kontua dela dena...
BEZERO. Egin duenak egin duela, txanblazo ederra eman die gazte harroxko horiei!
SIMON. Ba gazteen elkarteko buruetako batek komentatu zidak lehenago, publizitate hutsa dela atzokoa...
BEZERO. Publizitatea?
SIMON. Bai... Ba omen zegok norbait turbinak edo direlako tramankulu horiek saltzeko interesa duena, eta horretxegatik egin omen zian atzokoa... Aprobetxategi bat...!
Itzali zaio irribarrea Metxa gizajoari. Dar-dar egiten dio egunkariak eskuetan.
METXA. Zinegotzi txatxua! Pagatu behar didak hauxe! Larrutik gainera! (Egunkaria itxi eta altxatu egin da.)
SIMON. Baina... nora hoa hain presaka, Metxa? (Alde egiten du) Metxa, nahi duk txanda gordetzea...?
METXA. Zeregin larri bat daukat bizartegian denbora eta pazientzia alferrik galtzeko. Esplikatu behar diot azkar usteko bati, besteren ideiak paperean apuntatu ondoren gaizki esaka jarduten duen bizartxo bati, zergatik esaten didaten Metxa ez ezik Metxamotz...
RAFAGA. Agirretarra
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti