5. eszena
Gaua egin da Agirretarren herrian, maketan. Lehiotxoetan argiak piztuak daude. METXA, izkin batean, zai dago erlojuari begira. Txaranga moduko musika entzuten da (Soinua, turutak eta kaja). Agirretarrak datoz, pankartekin, maketaraino, Gaztetxean ikusi ditugun berberak. ZINEGOTZIA, NESKA eta GAZTEA. METXA erdi ezkutatu egiten da. Ez badu hasieran montatzeko astirik eman, agirretarrek scalextrix bat atontzen dute eta bertan kamoi txiki bat, pankarta txikiarekin, agirretar txikiak barruan daramatzala ipintzen dute. Kamioak bueltaxka ematen du musikak eta ohiuak lagunduta. Gelditzean denek erlojuak begiratzen dituzte. Musika gelditu egiten da une batez eta altxafero-petardo bat lehertarazten dute. Ilunpe orokorra hasteko seinalea da. ZINEGOTZIAK Udaletxearen atzean eragin eta farolak itzali egiten dira. Musikak segitzen du etxeetako argiak banan bana itzaltzen doazen bitartean. Etxe batean argiak piztua dirau. Hara hurbiltzen da kamioia eta agirretarrak harekin. Lehiopean plantatuta kantatu egiten dute.
AGIRRETARRAK.
Ilunpetan da kalea
Argitan hor sukaldea
Ez da oso euskaldun jatorra
Etxe hontako jendea.
Modu batera edo bestera, haiei bizkarra hartzen diela, METXA ilunpetik etorriko da Udaletxearen aurrean dagoen iturriraino eta zertxobait erantsiko dio.
Agirretarrak dena ilunpean geratu dela badoaz. Musika haiekin batera galtzen da eta iturriko uraren hotsa gailentzen da herrian eta antzokian. Pixkanaka, iturri gainean dagoen bonbilatxoa piztu egiten da.
RAFAGA. Agirretarrena
© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti