2. eszena

 

Eskuin aldean Gaztetxea itxuratuta dago. Mahai batean jezarrita hiru lagun. Metxa sartzen da papera eskuan duela.

 

METXA.— Arduradun batekin hitz egin nahi nuke... Egun on, gazteak. (Nesketariko batek esku artean zituen paperak ezkutatu ditu mahaipean).

ZINEGOTZIA.— Egun on, zer dugu?

METXA.— Arazo larri bat... Injustizia bat! (Libre zegoen aulki bakarra hartu eta zinegotziaren aurrez aurreko jarri da.) Izugarria...! Nik uste dut...

ZINEGOTZIA.— Tira, tira, gizona... Lasaitu zaitez... Ez da horrenbesterainokoa izango...

METXA.— Izan ere... ezagutuko duzue Sabina, herrena, plazako errekardaria, alarguna, semeak denak alabak dituen hori...

NESKA.— Bai.

METXA.— Ba argia ere moztu diote!

ZINEGOTZIA.— Beha ezazu, Agirre... herri honek arazo asko ditu, eta handiak.

METXA.— Baina...

ZINEGOTZIA.— Barka baina... zuk ba al dakizu, Nikola, zenbat arazo dituen herri honek?

METXA.— (Ahapetik edo publikoari) Asko eta handiak... (Zinegotziari:) Tira... ikusia dago zuekin ere ezin dela ezer egin...!

NESKA.— Gurekin ere ez? Zer esan nahi duzu! Norekin alderatzen gaituzu?

METXA.— Nik esan nahi nuen, ba... udaletxetik natorrela, eta alkateak esan dizkidan berdinak ari naizela entzuten hemen...

ZINEGOTZIA.— Gu alkatearen artaldekoak egiten bagaituzu, ez zinen hona etorriko...

METXA.— Zinegotzia bahaiz behintzat.

ZINEGOTZIA.— Begira... arrazoirik ez zaizu falta baina... Arazoak banan-banan hartu behar dira... Zatoz arratsaldean Sabinarekin berarekin, hartuko ditugu datu guztiak eta hitz egingo dugu Norteko Indar Argikoekin...

METXA.— Argi ibili horiekin!

 

Metxak zabal utzi du azkenik papera, eta mahai gainera ekarri du denek ongi ikus dezaten.

 

METXA.— Horra hor soluzioa halakorik berriro gerta ez dadin!

 

Paperari beha gelditu dira. Zinegotziak eskua luzatu eta jiratu egin du, Mutil gazte batek jiratu egin du, eta neskak jiratu egin du. Berari behatzen diote gazteek

 

NESKA.— ...Soluzioa?

METXA.— Pelton turbina! Zuek gazteak zarete eta... ni berrogeita hamar urte ibilia naiz kable eta dinamo artean, Norteko Indar Argikoentzat lanean eta zer edo zer ikasi dut, ez zuek adina noski, baina lehen ere baziren amaren sabeletik sortutakoak...

NESKA.— Aizu... eta marrazki hau zuk egina al da, agure?

METXA.— (Durduzaturik gelditzen da «agure» hitza entzunda une batzuetan). Bai neskatoa! Agureok halakoak dauzkagu. Ez al duzu inoiz entzun gizakiok bi umealdi edukitzen dutigula? Ni bigarrenean nago, eta bigarrena izanagatik, umealdian egiten diren gauzak egiten ditut. Marrazkiak, esate baterako. Horregatik, hurrengo batean, berdin esaten ahal didazu «ume». Horrelaxe: «marrazki hau zuk egina al da, umetxo?»...

ZINEGOTZIA.— Bueno, Metxa, esaiguzu zer den Pelton turbina delako hori!

METXA.— Pelton da sortu zuenaren izena, eta hor dagoen marrazkia neuk egina bista eta pultsu hobea neuzkanean, konpasik gabe aizue, konpasik gabe. Turbina bat duzue hori, uraren indarra baliatuz elektrizitatea sortzen duen traste bat...

ZINEGOTZIA.— Eta? Zer soluzio da hori?

METXA.— Zuek ez al duzue ba esaten boikota egin behar zaiela Norteko Indar Argiei?

ISILA.— Gure herria nola edo hala zapaltzen duten guztien aurka gaude

METXA.— Ba, hauxe da boikotik onena! Guk geuk sortzea gure elektrizitatea! Pelton turbina hain gauza sinplea da, etxeko kainupean jarri eta, iturria irekitzen duzun aldiro, elektrizitatea sortzen du...

ZINEGOTZIA.— Orduan, oker ez banago... argia behar genukeen guztietan urari eman behar, ezta?

METXA.— Ez, horretarako akumuladoreak daude... Eta, behar izanez gero, tailer bat ere antola liteke, hainbeste gazte dago orain langabezian-eta akumuladoreak egiteko... Zuek beharbada pentsatuko duzue agure hau burutik dagoela, baina ura doan lor genezake eta...

ZINEGOTZIA.— (Apunteak hartzeari utzi eta burua jaso du zinegotziak geldiro) Ura doan?

METXA.— Ura doan ez da zaila... Edateko balio ez duenez, alferrik daukagu erreka, paper fabrikek kutsatua... Turbina eder batzuk mugitzeko balio dezala behintzat ...

ZINEGOTZIA.— Mmm... Ongi... Asko pozten gaitu halako herritar kezkatua eta zuhurra edukitzeak, baina... ba al dakizu, Metxa adiskidea, zer egun den bihar? Entzun... Bihar Ilunpe Orokorra izeneko ekintza da egitekoa. Zuk badakizu, noski, tentsioa bat-batean jaisten baldin bada automatiko guztiek saltatu egiten dutela, eta indarrik gabe utziko dugu Zentral Hidroelektrikoa ere. Abisu bat besterik ez da biharkoa... Ez zaitezela kezka, Sabinak izango du argia bai, eta, deskuidatuz gero, doan gainera...

 

 

© Koldo Izagirre / Eneko Olasagasti

 

 

"Metxa" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus