MATEO FALCONE

 

Prosper Mérimée

euskaratzailea: Nemesio Etxaniz

 

Porto-Vecchio utzi ta ipar-ezker-aldera ugarte-barruan sartzen ba-zera, mendi-bideak aldapan gora eramango zaitu. Bideitxur biurrietan aitz-koskor eta arru-leizeei iges egiñaz, iru bat ordu ibilli-ondoren, sastraka zabal baten oñean galdi zaite. Sastraka ori Corzega'ko artzai ta gaizkilleen gordeleku dezu. Corzega'ko nekazariak beren lurrak iñaurkiñez ondu-bearrik ez izateko, oso asmaketa jasoa dute. Basoari su eman, ta ¡bapo! Suak bear baño oker geiago egiten ba-du, ainbat obeto; nolanai, erretako zugaitz-autsez simaurtutako lurrak, egundoko uzta ederra ekarri bide-du. Galburuak ebaki-ezkero, lastoa jasotzen zertan astirik galdu? Gelditzen diran sustraiak legortzen ezpadira, urrengo uda.berrian erne berriak botako dituzte. Urte gutxi-barru zazpi-zortzi bat oin luzeko txara itxua jaikiko da bertan. Txara oni sastraka deitzen diote. Zugaitz eta landara-mota ugari badituzu an, sasi-ezkontzan nastuak. Aizkora-laguntza gabe, ezin dezake gizonak andik bide-egin. Sastraka itxu artan, basa-adariak berak ere, ezin sar ditezke.

        Norbaiti bizia kendu ba-diozu, zoaz Porto-Vecchio'ko sastrakara; ta an eskopeta, bala ta polbora lagun dituzula, ez dezu iñoren bildurrik; ez dakizula, ala ere, aztu manta edo burusi illun hat artzea. Arekin ba-dezu illazki; ba-dezu estalki. Artzaiak esne, gaztai ta gaztañez ornituko zaituzte. Errira polbora-billa zoazenean izan ezik, ondo gordeta zaudeke an. Ildakoen senideak eta Zuzentza-zaiak etzaituzte billatuko bereala.

        Mateo Falcone'k, ni Corzega'n nintzanean, 18...'an, sastraka ontatik legu-erdira zun bere etxea. Lurralde artarako aberats aski zenun gure gizona; bere artaldeei eskerrak, ezer egin gabe jator bizi zan. Artzai egongaitz batzuek aren ardiak larrerik-larre eramaten zituzten. Kontatzera noakizuen gertari au baño hi urte lenago, nik ikusi nuanean, berrogei ta amar urte-inguru bota nizkion begira. Or dezu, irakurle, gizon mozkote, baño gierri bat; ille zutiak gaberdia bezin beltz, sudur-kakoa irtena, ezpain meiak, begi aundi ta biziak, eta narrukoloreko azala. Ain tiratzalle onak ziran lur artan, begi zorrotzeko tiratzalletzat zeukaten guziak. Mateo'k, adibidez, etzion beñere postakin tirako basa-adari bati; baña 120 pausotara buruan edo bizkarrean joko zun nai bezela. Gabaz, egunez bezin errez lan egiten zuan bere izkilluz. Corcega'n ibillia eztanak, siñesgaitz duke aretzaz konta zidaten trebetasuna. Larogei urratsera azpil bat añako paper garden bat jartzen zioten. Mateo'k, begiz joko zizun lenbizi; argia itzaltzen zizuten urrengo, ta illunpe beltzenean andik miñutura ¡pun! tirako zuan zuzen. Papera, lautik irutan zulatuko zizun kezka gabe.

        Trebetasun arek izen aundia zemakion Mateo Falcone'ri. Lagun bezela ona ba-zan, etsai bezela bildur izatekoa zenuten; gañerontzean, mesede egiteko ta laguntzeko beti prest zegoen, eta Porto-Veechio'ko barrutian pakean bizi zan mundu guziarekin. Ezkondu zan errian, Corte'n, laster asko garbitu omen-zuan arerio bat... Gudaketan bezin yayoa omen etsai ura maite-leiaketan. Bein, leio-aurrean ispillu baten aurrean bizarra kentzen ari zala, txispa-tunpa batek eratxi zun ustekabean. Mateo'ren tunpa ote-zan, zurru-murrua zabaldu zizuten auzoan. Ixil-arazi zuten auzia, ta Mateo ezkondu zan. Bere emazte Giuseppa'k lenbizi iru alaba eman zizkion. Aren amorro ta narda! Azkenean, orratik ere, seme bat, Fortunato izenekoa, sortu zitzaien. Onek zekarren berekin etxeko itxaropena ta izenaren iraupena. Alabak ongi ezkondu zitzaizkion; estuasun baterako, aien senarren satai eta eskopetak eroso zetozkion. Amar urte besterik etzitun mutikoak, baña argia zetorren.

        Udazken-egun batez, oso goiz, or dijoaz andra-gizonak sastrakako zabaldi batera beren artalde bat ikustera. Fortunato'k aiekin joan nai zukean; baña zabaldi ura oso urruti zegon, eta gañera norbaitek gelditu bear zuan etxe-zai. Orregatik, aitak etzion irteten utzi. Erabaki onen damurik izan ote-zuan, geroak erakutsiko digu.

        Ordu batzuek geroago, Fortunato eguzkitara etzanda mendi urdiñak ikusten patxaran zegon. Aren burua, urrengo igandez osaba caporal'aren etxean bazkaltzeko errira egin bear zuan joan-aldian zegon. Ontan; su-izkillu-otsak urra du ixilla. Jarri da zutik, eta begira da tiro ura entzun zuan aldera. Aldika ta urreratuz beste tunpa batzuek aditu zituan; andik pixka batera, zabalditik Mateo'ren etxeruntz zetorren bidetik, txapel mutur-zorrozdun gizon bat azaldu zan. Menditarrak zuten alako jazkera. Bizar-luze ta arlote jantzita, bere txispa makulutzat zuala, nekez ta arrastaka zetorren. Iztarra bala batek zauritua zekarren.

        Gizon ura «bandido» bat zan. Izen au ematen zioten legepean izentatua zegoenari. Gabaz irira joana zan polbora erostera, ta itzultzean tiratzalle korsotarrak jarri zioten ostopoan sarta zan ustekabe. Bere burua gogor aldeztuaz, aitzetik-aitzera gordeaz billa bear izan zuan iges-bidea. Baña gudariak gañean zituan, eta iztar zauritu arekin aren eskuetan bear zukean sastrakan sarta baño len.

        Fortunato'rengana urreratu zan, esanaz:

        — Mateo Falcone'ren semea al-aiz?

        — Bai.

        — Ni Gianetto Sampiero nauk, ba; ta lepa-oriak ondoren dizkiat. Ezin nauk ibilli, ta ezkuta-nazak.

        — Ta nere aitaren baimenik gabe ezkutatzen ba-zaitut, zer esaango ote-dit gero?

        — Jator joka dekala.

        — Bai ote?

        — Urrean dituk, eta ezkuta nazak aguro!

        — Gure aita etorri arte itxoizu.

        — Itxoiteko? Arrano demonio! Bost miñetu-barru emen dituk gudariak-eta... Aguro ezkutatzen ezpanauk, bertan garbituko aut!

        Fortunato'k, batere estutzeke, erantzuten dio:

        — Ta arrapatuko al-niñuzuke?

        Ta jauzka egiñez, aren eskuetatik iges egin zuan.

        — I Mateo Falcone'ren semea ez al-aiz? Ire etxe-aurrean lotuta ikusi nai al-nauk?

        Mutikoa zerbait samurtu zan.

        — Ezkutatzen ha-zaitut, zer emango didazu? —esan zion urreratuz.

        Baituak gerritik zerion narru-zizku batean eskua sartu ta bost liberakoa atera zuan. Aren bearra zukean polbora erosteko. Zillarra ikusi zuanean Fortunato'k irri-parrez jaso zuan.

        — Etzazu bildurrik izan —esan zion Gianetto'ri.

        Arrapastaka belar legor-meta aztertu zizun, an zulo bat irikiaz. Gianetto murgildu zan bertan; eta mutikoak, arnasa artzeko lekua utsiaz, estali zuan bereala. Toki artan gizonik zegokean amesik ere ezin ziteken egin. Gañera, basati bati bakarrik bururatu zitzaioken beste sorginkeri bat ere asmatu zuan: artu du katu-ama umeekin eta belar-meta-gañean jartzen ditu danak. Nork igarri belar ura aztertu-berri zanik? Inguruan odol-arrasto batzuek ikusi ta ondarrez ongi ezkutatu ditu. Lan aiek bukatu zituanean, patxara osoan eguzkitara etzan zan.

        Miñutu batzuek gerotxoago, or datoz jaka illun eta lepa-oridun sei gizon. Sarjento bat nagusi zutela, Mateo'ren ate-aurrean gelditu dira. Sarjentoa, Falcone'ren bestengusu zan. (Corcega'n side-tarteak beste lekuetan baño zabalagoak dirala, kontu jakiña da). Tiodoro Gamba zizun izena; ta inguruko gaizkilleak oso bildur zioten, aien ondoren ezpaitzan aspertzen, ez nekatzen.

        — Egun on, lengusutxo —dio Fortunato'rengana alboratuz—, ederki azi aiz! Gizon bat emendik igarotzen ikusi al-dek oraintsu?

        — Oraindik ez naiz zu aña azi, lengusu —erantzuten dio—, ez-entzun egiñaz.

        — Aziko aiz. Baña esaidak: ez al-dek gizonak igarotzen ikusi?

        — Gizonik ikusi dedan?

        — Bai, tertziopelo beltzezko txapel mutur-txorrotx bat buruan, eta gorri-oriz argitutako jaka soñean...

        — Txapel mutur-txorrotxa ta gorri-oriz argitutako jaka?

        — Bai, erantzuidak azkar, eta etzak nere galderarik berresan.

        — Gaur goizean bere zaldi Piero'ren gañern igaro da, bai, apaiz jauna, ta aita nola degun galdetu dit. Nik...

        — A gaiztoko, ez ago i traste makala! Esaidak azkar Gianetto'k nora jo duan. Aren billa gatozek eta lepoa egingo nikek emendik pasa dala.

        — Ditekena.

        — Ditekena? ta ik ikusia, gañera.

        — Lotan gaudela igarotzen danik ikus al-diteke?

        — Ona engoan i lotan egoteko. Tunpa-otsak ongi esnatua induten.

        — Zure txispak orren zaratatsuak dirala uste al-dezu, lengusu? Nere aitarenak askoz ots aundiago ateratzen du.

        — Diabru alenak aparta, genanio madarikatu ori! Ondo baño obeto zekiat Gianetto ikusi dekala ta nork zekik eorrek ezkutatu ote-digukan ere? Zango bat zikan onik, eta emendik sastrakara errenka abiatzeko begi ernegia dik. Gañera, odol-aztarnak emen galtzen dituk.

        — Ta zer esango du aitak? —diotsa Fortunato'k

irri-gaiztoz—. Zer esan bear du, bera kanpoan dala gizonak gure etxean sartu dirala jakiten ba-du?

        — Dollorkume arraioa! —esan zuan amorro biziz sarjentuak mutikoari belarritik elduta—. Ire mingain ori leuntzeko beste bide batzuek ba-ditudala ez al-dakik? Ogei bat sable-ukaldik itzegin-araziko liakete atzeko otzagatik.

        Fortunato'k, irri gaiztoa galtzeke, bota zuan arroxko:

        — Nere aita Mateo Falcone da!

        — Ederki asko dakik, alproja orrek. Gianetto nun dan esaten ezpadidak, Corte edo Bastia'ra eraman azakedala. Leozpe ederrik ba-zegok an, ik oñak larrakillotan ditukala lasto-gañean lo egin dezakan; eta gillotinaz lepoa neurtzeko ere, ba-diat naikoa esku.

        — Nere aita Mateo Falcone da.

        — Sarjento —dio tiratzalle batek—, Mateo'rekin ez gaitezen asarratu.

        Gamba nastua zegoen. Etxe-barrua miatua zuten bere lagunekin aopean izketan egin zuan. Etzan lan luzea izan barrua ikustea; kortzegatar baten borda, gela laukotu bat besterik ez dezu izaten. Ango ikustekoak, mai bat, aulki ta katxa batzuek, eizerako ta etxeko tresna zerbaitzuk. Fortunato, katu-ama igurtzika, tiratzalleak nastuta ikusirik eztitan zegon.

        Sarjentoa ta bere mendekoak pipertuta zeuden. Soldadu batek, belar-tontorrera urreratuz, alperrikako lan bat egiten ari dan baten gisa sorbaldak jasoaz, baionetaz zaztakada bat eman zuan belarretan. Etzan ezeren txintik izan, eta Fortunato'ri etzitzaion arpegiko azalik batere zimurtu.

        Sarjentoa ta aren taldekoak priji-priji egiñak zebiltzan; ekarri zuten bidez itzultzeko gogotan zabaldira begira zeudela, buruzagiak asmoa aldatu zuan. Zemai ta itz gogorrak, ikusia zegonez, etzuten samurtuko Falcone'ren semea. Itz gozoz eta esku-erakutsiz ezer iritxi ote-zitekean? Merezi zuan ikustea.

        — Lengusutxo —diotsa Fortunato'ri—, oso mutiko argia ator. Ik aurrera irtengo dek. Baña nerekin oso oker jokatzen ari aiz. Nere lengusu Mateo'ri miñik ez ematearren ezpalitz, nerekin eramango iñuket.

        —Ba!

        — Baña nere lengusua itzul dediñean, eta ire gezurren berri jakin, jorratuko au ederki.

        — Bai ote?

        — Ikusiko dek... Baña, mutil ona izan adi, ta edozer emango diat.

        — Ta nik, lengusu, aolku bat ematen dizut. Luzaro emen ba-zaude, Gianetto sastrakara elduko dala, ta orduan zureak baño begi obeak bearko dirala ari lepo emateko.

        Buruzagiak amar eskutu-inguru balio zitzaken zillarrezko erloju bat atera zuan sakeletik. Fortunato'k bitxiari begiak zorroztu zizkiola ikusirik, erlojua galtzairuzko katetik zintzilik zuala, onela diotsa mutikoari:

        — Apajo aundi orrek! Orrelako erloju bat lepotik esegita eraman nai al-uke? Orduan bai ollarra baño arroago joango intzakela Porto-Vecchio'ko kaletan barrena! «Zer ordu da?» —galdetuko liakete; ta ik erantzungo ieke: «Ikus nere -erlojuan.»

        — Gizonago egin nadiñean, nere osaba caporal'ak emango dit orrelako bat.

        — Bai, baña ire osabaren semeak oraingoz ba-dik bat... ez au bezin polita, baña... Ori, i baño gazteagoa dala bera.

        Mutikoak asperen bat egin zuan.

        — Tira, lengusu; nai al-dek ordulari au?

        Fortunato'k begi-axala erloju-gosez arrotuz, ollasko oso bat eskeintzen zaion katua zirudin. Ba-daki ondo irrika ari zaiola sarjentua, ta ezta eskurik luzatzen ausartuko. Begiak alboratzen ditu, tenta-bidean ez erortzeko; baña aldika ezpañak miazten ditu, lengusuari ba-lesaio bezela: neri oneta parre egiteko etziok eskubiderik.

        — Zergatik zabiltz nere bizkar parre egin nairik?

        — Ez nauk jolasean ari, alajainkia! Gianetto nun dekan esaidak, eta beste gabe irea dek ordulari au.

        Fortunato'k siñiskor par-irri egin zion, eta bere begiak sarjentuarenetan josiaz, aren itzen egia igarri nai zukean.

        — Nere galoiak gal ditzadala, esan bezela ordulari au ematen ezpadiat. Nere mendekoak entzun ditek; ez diat nere itzik jango.

        Orrela itzegiñaz, ordularia mutikoaren matrail zurbilla ia ikutzeraño urreratu zion. Onen barruan burruka bizia zerabilten erloju-goseak eta ostatu-legeak. Bere bularra gogor jaikitzen zitzaion, eta ler-zori zeukala ematen zuan; bere eskuetan taketu zun bitxia, baña sarjentuak katea eskutik utzi gabe... Urdiña zan aren ondo biribilla... estalkia briztatu-berria...; eguzkitara suzkoa zala esan bear... Zirikaldia gogorregia zan.

        Fortunato'k, jaso zuan bere ezkerra ere, ta sorbaldaz gain bere beatzez atzean zeukan belar-meta erakutsi zun. Gamba'k bereala igarri zion zer adierazi nai zuan, eta kate-muturra eskutik askatu zitzaion. Fortunato ordulari-jabe zan. Erbi bat baño ariñago, jaiki eta belar-metatik amar bat urrats alboratu zan. Tiratzalleak aztertu zuten bereala belar-tontorra.

        Gianetto'k, lurrera eratxia ta egur-txorta baten gixa lotua zeukatela, itzuli zan bere burua Fortunato'rengana

        — Zapuzkume ustela! —bota zion arpegira gorrotoz baño geiago destañez.

        Mutikoak arengandik artutako zillarra lurrera jaurtiki zion; ba-zekin, ba, diru ura eukitzea etzegokiola. Baituak etzion begiratu ere egin. Odol otzez sarjentuari esaten dio:

        — Gamba adiskide, ez naiz ibiltzeko gauza. Errira zeorrek eraman-arazi bearko nazu.         — Lentxeago erbi bat baño azkarrago enbillean, ba, —erantzun zion atxikitzalleak gogorki—. Baña ago patxaran. Arrapatu autelako pozez, legu bat bidean nekatu gabe eramango iñuket bizkarrean. Gañera, adiskide, ire estalki ta adar batzuen bidez, ballarta bat egitera goazik. Crespoli'ren bordan naikoa zaldi arkituko diagu.

        Tiratzalle batzuek gaztain-adarrak lotzen eta besteak Gianetto'ren zauria sendatzen ari zirala, Mateo Falcone ta aren andrea, bat-batean, sastraka-aldera zijoan bide-kako batean agertu ziran. Emakumea gaztañez betetako zaku ikaragarri baten azpian okertuta, nekez zetorren. Senarra, berriz, eskopeta bat eskuan eta bestea zearka bizkarrean zekarrela, arro ta aisa zerraikion. Gizona gizon danak, izan ere, ez du izkillua beste zamarik ekarri bear aldean. Gudariak ikusi zituztenean, Mateo'ri bera lotzera zetozela besterik etzitzaion bururatu lenbizi. Baña zergatik, gera, alako burutapenik? Mateo'k bai al-zun, ba, juezetan zorrik? Ez, orixe! Izen ona zuan. Baña korsoa zan, eta menditarra; ta menditar korso gutxi zenduten beren txispa-tunpa bat, zaztakada bat edo beste orrelako uskeriren bat beren gain etzuanik. Mateo'k, beste iñork baño gutxiago zuan; amar urte ba-zituan, izan ere, eskopetarik inoren aurka sutu etzuala; bada-ezpada ere, antara beartzen ba-zuten, bere burua gogor aldezteko neurriak artu bear ziran.

        — Emazte —esan zion Giuseppari— utzu zazu zakua, ta zatozkut laguntzera.

        Emaztea bereala jarri zitzaion esanera; artzen dio bizkarretik zeraman txispa. Mateo'k eskuetan zekarrena kargatzen du, ta astiro etxeruntz aurreratzen da. Bideko zugatzei josita zijoan, begiak gudarietan; erasotzen ba-zioten, errez ezkuta zitekean zugaitz-enbor lodienaren gibel, ta andik dantza zitzakean aurrera zitzaizkiokenak. Orpoz-orpo zetorkion emaztea beste eskopeta eta kartutxo-zizkuarekin. Burruka sortu ezkero, etxekoandre jatorraren egitekoa, senarraren izkilluak kargatzea da.

        Gamba, Mateo ain arretaz txispa jasota, beatza kakoan zuala tiratzeko gertu, ikusi zuanean, larritu zan biziki.

        Gianetto Mateo'ren aide edo adiskide, apika, zitekean, eta baituaren alde jokatzea sar zezaiokean kazketean. Ala ba-litz, Mateo'ren eskopeta biren balak gudari biren gorputzetara mokau bi aora baño zuzenago joan zitezkean. Ta aren aide izan arren, Gamba beraren kontra bial ha-litza gorantzi aiek?...

        Zalantza artan, Mateorengana ausarki aurreratzea erabaki zun Gamba'k. Lagunkiro itzegingo zion gertatua kontatuz berari. Etzitzaion laburra iduritu Mateo'renganañoko bidea!

        — Kaxo, lagun zar! —deadar egin zion—. Nolatan gera? Mateo, ire lengusua nauk.

        Mateo, itzik atera gabe, gelditu zan; ta bestea izketan ari zitzaion neurriz, txisparen kañoia poliki-poliki jasotzen asi zan. Sarjentua ondoratu zitzaionerako zerura begira zeukan izkillua.

        — Egun on, adiskide, —esan zion Gamba'k eskua luzatuz—. Aspaldi ontan ez iñudan ikusi. Bidez nenbillela, i ta ire ematee Pepa agurtzera nentorkizuen. Gaur asko ibilliak gaituk; baña gure nekeak ez dik negarrik merezi, arrai aundia eskuratu diagu-ta: Gianetto Sampiero zokuan diagu.

        — Jaunari eskerrak! —oles-egin zun Giuseppa'k—. Joan dan astean auntz bat arrapatu zigun.

        Itz auek adituz, poztu zan Gamba.

        — Alproja gizajoa! —dio Mateo'k—. Gosea zukean, nunbait.

        — Madarikatu ori! —dio Gamba'k erdi-pipertuta— katu-ama umeekin baño amorratuago jarki zaigu'k; nere mendeko bat il zidak; ori naikoa ez ba-lu bezela; Chardon kaboari besoa ausi ziok; baña etzaiok orregatik ardurarik, prantzesa bait-dek. Gañera, diabruak ere billa ezin zezakean eran ezkutatu zaiguk. Fortunato'k lagundu ezpaligu, jai giñean ori billatzen.

        — Fortunato'k? —aopetu zuan Mateo'k.

        —Fortunato-k? —erantsi zuan Giuseppa'k.

        — Bai; Gianetto belar-meta ortan ezkutatua zegokan, baña mutikoak aren txuloa erakutsi zidak. Bere osaba caporal'ari ere esango zioat erakutsi eder bat bial dezaion bere laguntza-ordañetan. Epaikariari joango zaion agirian ere, an jarriko dizkiat ire ta semearen izenak.

        — Milla arraio! —aopetu zuan Mateo'k.

        Gudari-taldearengana urreratu ziran. Gianetto ballartan etzana zegoen, biderako gertu. Mateo Gamba'rekin ikusi zuanean, parre gaiztoz artu zuan; gero, etxeruntz arpegia itzulirik, txistua bota zun ate-bururuntz, esanaz:

        — Billau baten etxea dek!

        Iltzeko gertu zegoen gizon batek bakarrik bota zezaiokean Falcone'ri alako itzik arpegira; laster zukean gorputzean, itz-truke, bigarrenaren bearrik etzukean sastakada bat. Ala ere, Mateo'k, kezkapean zapaldutako gizon baten gisa, bere eskua bekokira eramatea besterik etzuan egin.

        Fortunato, aita agertu zanean, etxera sartua zan. Aguro agertu zan berriro, esne-pitxar batekin. Begiak beraka zituala eskeñi zion lotuari.

        — Ez adi urbildu neregana! —deadar egin zion baituak abots itzalez.

        Gero, tiratzalle bati eskatu zion:

        — Ekatzik edateko zerbait, lagun.

        Gudariak bere ontzia esku-astean jarri zion, eta gaizkilleak lentxeago tiroka burrukatu zitzaion batek ematen zion ura edan zuan. Gero, eskuak bular-gañean lotu zezazkiotela, eskatu zien, ez bizkar-aldera, zeuzkan bezela.

        — Etzanda eroso joatea atsegin det —-esan zien.

        Bete zioten gogo ura; ondoren sarjentuak biderako agindua eman zuan. Agur egin zion Mateo'ri, onek erantzuteke; ta azkar-azkar zabaldiruntz jo zuten gudariak.

        Amar miñutu-inguru joan ziran Mateo'k aorik zabaltzeke. Mutikoaren begiak aitagandik amarengana larri zijoazen. Aita, bere sugarbia ler-zori, txispa-gañean eskua, semeari begira zegoen.

        — Ederki asi aiz! —esan zion Mateo'k ezagutzen zuana bildurtzeko eran.

        — Aita! —zotin egin zion mutillak, negarrez bereganatuz eta bere oñetara auzpeztu nairik.

        Baña Mateo'k deadar egin zion:

        — Ez adi urreratu neregana!

        Aurra zotinka gelditu zan aitarengandik ez urruti.

        Aurreratu zan Giuseppa. Semearen alkandora-artetik erloju-katearen muturra agiri zan.

        — Nork eman dik erloju au? —galdetu zion zorrotz.

        — Nere lengusu sarjentuak.

        Kendu zion Falcone'k erlojua, ta arri baten kontra milla puska egin zion.

        — Emazte, —dio—, aur au nerea al-da?

        Giuseppa'ren matrail beltzezkak arrillu-kolorea artu zuten.

        — Zer diozu, Mateo? Ba al-dakizu norekin ari ziran?

        — Ala ere, neretarren artean au izan da lenengo saltzallea.

        Fortunato'ren zotiñak eta intziriak geitu ziran. Falcone'k etzion begirik kentzen semeari. Azkenean bere txispa-kertenez lurra jo zuan. Gero, bizkarrera jaso izkillua, ta Fortunato'ri jarraitzeko deadar egiñaz, sastraka-alderako bidea artu zuan. Aurrak jarraitu zion.

        Giuseppa Mateo'ren ondoren lasterka urbildu zitzaion, eta besotik elduta:

        — Zure semea da, gero! —garraxi egin zion bere begi beltzak senarrarenetan josiaz, eta aren barruko berri jakin nairik.

        — Utzi zaidazu —erantzun zion Mateo'k—. Ni naiz onen aita.

        Giuseppa'k bere semea laztandu zuan, eta negarrez etxean sartu zan. Andre Mari'ren iduri baten aurrean belauniko, otoitz berotan urtu zan. Bitartean, Falcone berreun bat pauso joan da bidez aurrera; arru txiki baten aurrean gelditu ta jetxi da barrenera. Txispa-kertenaz jo du lurra; samurra ta zula-bera dirudio. Bere asmoa burutzeko egokia dago.

        — Fortunato, aitz onen aurrean jarri adi.

        Aurrak esana egin zun, belaunikatuz gero.

        — Esaitzak ire otoitzak! —dio berriro abots ikaragarriz.

        Aurrak doi-doi ta zotinka Aita gurea ta Kredoa aopetu zitun. Otoi bakoitzaren azkenean, aitak abots garratzez «Amen» bukatzen zuan.

        — Oiek al-dituk dakizkikan otoi guziak?

        — Aita, Agur Maria ta krieleisonak ere ba-dakizkit.

        — Luzeak dituk, baña etziok ajolarik.

        Mutikoak abots itoaz bukatu zitun arrenak.

        — Bukatu al-dituk?

        — Arren, aita, barka zaidazu. Barkatu! Ez det geiago egingo. Nere osaba caporal'ari eskatuko diot eta barkatuko diote Gianetto'ri.

        Izketan etzan agortzen; Mateo'k txispa bete ta sorbaldara jaso zuan, esanaz:

        — Jaungoikoak barka dezaikala!

        Aurrak erio-suarrean jaiki ta aitaren belaunak besarkatu nai izan zituan; etzuan astirik izan. Mateo'k su-egin zun eta Fortunato zerraldo lurreratu zan.

        Ildakoari begirik bota gabe, semea lurperatzeko atxur-billa, etxerako bidea artu zuan. Urrats batzuek egin zituaneko, an zuan Giuseppa su-tunpaz ikaratuta zetorkiola:

        — Zer egin dezu? —kurrixkatu zuan.

        — Zuzenbidea !

        — Nun dago?

        — Arru-barrenean; lurperatzera noa. Kristau-eriotza egin du; meza bat esan araziko degu. Gure suin Bianchi'tar Teodo'ri gurekin bizitzera etortzeko esan dezaiotela.

 

 

© Prosper Mérimée

© itzulpenarena: Nemesio Etxaniz

 

 

"Prosper Mérimée / Mateo Falcone" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus