1853ko abenduan karrikaratu zen Baionan Eskaldunak, Jean Martin Hiribarren-en poema lan luzea. 1810ean Azkainen jaioa, Urruña eta Bardozen jardun zuen erretore, eta ondoren Baionan kalonje. 1866an hil zen. Eskaldunak poema dugu bere lanik ezagunena. Euskal Herriaren agerpen osoa izan nahi duen poema luzea (ia 5.500 bertso-lerro), garai bateko ohiturak, geografia, historia, jarduerak... jasotzen ditu, asmoan behintzat handia den lan batean, kutsu epikoa baino gehiago testigantzazkoa daukan honetan. Ikerlariek poemaren alderdi lirikoa gehiegi goraipatzen ez duten arren, lanaren planteamendua hala nola poemaren beraren lekukotasunak eta kontatzen duenaren estiloak tokia egin diote euskal literaturaren historian. Horrezaz gain, Montebideoco berriac (1853) eta Escaraz eguia (1858) plazaratu zituen, lehena kantuez osatua eta bigarrena erlijioen historia bat. Idatzi zituen lanak frantsesez, nahiz eta ez argitaratu; hiztegi bat horien artean.
|