Isildu da musika. Amaitu dugu emanaldia. Ez dugu kantu gehiagorik. Honaino heldu gara eta orain itzultzeko tenorea da. Oso urrun gaude etxetik, indarge, akiturik. Gupidarik gabe hustu gaituzte, banan-banan, ankerki, kantuek, eta hezur kraskatu eta minduak baino ez dizkigute utzi barruan. Lotara joan dira entzule, antolatzaile, kritikari eta enparauak, gu bakar-bakarrik utzita. Ez dugu oroitzen nondik heldu garen honaino, eta ez dakigu nondik itzul gaitezkeen. Ahaztua dugu herriaren izena ere. Dena ilun eta mortu dago, hotza ikaragarria da eta, isil-isilik, elurra hasi du noraezean, aliritzira, gure begi nekez eta minez zabalduen aurrean agertu den lehenengo bideari heldu diogun unean. |
© Juan Luis Zabala