Eri

 

Gripearen tontor motz

gure etxetik hain gertukora igoz gero,

ez dira oso urruti ageri handik

tifusaren eta izurriaren mendi heze zaharrak,

birikeriaren gailur gorrizta erromantikoa,

minbiziaren gain zabala

­guztiz errea, hondamendi latz baten isla­,

bihotzekoaren erpin zorrotz pikoa,

hiesaren metalezko muino geometrikoa

­haren pendizeetako errepidean zehar

kimikarien kamioi eta furgonetak­

eta beste hainbat eta hainbat.

Harantzago, berriz,

mendi sail itzelaren atzeko ortzimugan,

heriotzaren itsaso zabal barea,

beti bezain abegikor,

beti bezain hotz eta beldurgarri.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus