Militantzia

 

Neke puskak biltzen izan naiz,

bilera, kale, taberna,

paper, pankarta, spray,

oinazearen tiroei txiri eginez haatik,

neurri egokiko elkartasun txertoa zainetaratzen.

 

Berean dirau, hala ere, kristal hotz,

telebistarako isuri abailzale lurrintsuak.

Ez dute sekula jai egiten gure egileek.

 

Ederra da ilusio neketsu hau,

eskubide, askatasun, utopia,

aurrera, burkide!, elkar gaitezen!

Maite dugu gure biluztasun nahiari

eman diogun janzkera.

 

Baina zein da hitzen balioa

iritzi estrategikoen merkatuan?

Eta, iraultza irauliz,

zer egin barrunbeetako orroa burges lazgarri hauekin?

Ez al dituzue, burkideok, entzuten?

Ezta zeuenak ere?

Ala bekatuaren beldur ezkutatzen dituzue?

 

Ez dut nekearen elkartasun ederrean sinesten.

Oinazea da otoitz bakarra erlijio honetan.

Ez dago inork nahi ez duena bezain egia handirik.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus