Baloiak espaloi orotan
Futbol partida garraiatzen zuen kamioiak
bertso lerro okerrarekin estropozo egin zuen hartan
asfaltozko mihiak asaldatu egin ziren une labur batez,
urteetako asperdura odoldu eta hala ere geldoa astinduz,
ezti-ezti haatik,
maitasun aitormen giroko hasperen arin batez.
Kamioiaren gurditik soldadu gisa jauzi egin balute bezala,
harrezkero beti daude baloiak espaloi orotan
gure oin zalu eta trebeen aiduru,
dekretuz ezarritako burla erotiko baten larru atsegingarri.
Horrelaxe da eta gustatzen zait,
gustatzen zaigu, maite dugu
hala bertso lerro okerra ezagutu ez dutenek
nola hura egunero,
zoriontasun ariketa premiazko eta saritua bailitzen,
laino-lilura leunez eroso ahazten dugunok ere,
teleaparatu bizi baten barruko balbulen artean kiskalitako
doinu zaharren oihartzun lizundua ahazten den bezalaxe. |
© Juan Luis Zabala