Hautsi hadi, kantu

 

Hautsi hadi, kantu, hautsi hadi,

egin iezaiok behingoz men nire ezinari.

Leher hadi ezeren ardurarik gabe

egileari oharkabean itzuritako edozein arrakala ergeletan,

zartatu hadi zakar

leloaren zorion lau eta leunegira heldu baino lehen.

Puska hadi agudo,

inori ezer esan, adierazi, iradokitzearen narda jasanarazi gabe.

Ez ezak inor zintzo sentiarazi,

ez hadi bekatu arin izan,

sinpatia melodiko.

Ez ezak irri egin, kantu, ez ezak sekula irri egin.

Ez iezaguk adarra jo,

hautsi hadi benetan, ni hausten naizen bezala.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus