Hizketari utzita

 

Hizketari utzita,

poema hautsiak idatzi behar dira.

 

Liburuetako orriak askatu

eta elkarrekin kolatu behar dira nahasian,

leihoak karrikaratu behar dira,

eta errepide bazterretan ezarri.

 

Herrenka ibili behar da,

zaborrez betetako maletak eskuan hartuta.

Ondo jantzi behar da,

arropa guztiak dotore urratzeko.

Erori egin behar da, beti,

dardarka eta kontrolik gabe,

automatiko,

inoiz gelditu behar duenik ez dirudien tren bihurri baten antzera.

 

Epilepsia txikiak askatu behar dira,

hausturari hitza emateko,

hizketari utzita,

ispilu berriak kraskatu behar dira

hausturak bere burua ikus dezan.

 

Ezinezkoa da hitz egitea

eta poemak idatzi behar dira

haustura honi jaten emateko,

haustura honek jan ez gaitzan.

 

 

© Juan Luis Zabala

 

 

"Hautsia natza" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus